Ibilbideak

Maurga, Presa, Murabe, Elurtegia, Lihosina, Murua, Kurtzeburu, Madalenatx, Biriga

  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Maurga, Presa, Murabe, Elurtegia, Lihosina, Murua, Kurtzeburu, Madalenatx, Biriga
  • Distantzia: 7 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Javier Goikoetxea lagunaren omenez diseinatutako ibilbidea baliatuko dugu oraingoan, Maurgako natura eta arkitektura txikia ezagutarazteko xedez.
  • Abiapuntua: Maurga

Goikobidea, Maurgako eraztuna

Javier Goikoetxea lagunaren omenez diseinatutako ibilbidea baliatuko dugu oraingoan, Maurgako natura eta arkitektura txikia ezagutarazteko xedez.
Goikobideak paraje ederrak eskaintzen ditu.
Goikobideak paraje ederrak eskaintzen ditu. JOSEAN GIL-GARCIA

2022-09-27 / Josean Gil-Garcia

Giza arrastoz betetako ibilbidea osatu daiteke Maurga (Gorbeialdea, Araba) herrian hasita. Goikobidea izena hartu du eraztun berde honek, eta Javier Goikoetxea zigoitiarraren omenez diseinaturik dago. Abadelaueta etnografia elkartearen sortzaileetako bat izaki, Goiko lagunak eskualdeko iraganaren eta memoria historikoaren gainean interesa pitzarazi zuen zigoitiarren artean.

Maurga herrian (Araba) emango diogu hasiera ibilbideari. Eliza parean, errepide bazterrean dauden edukiontzien ondoan abiatuko gara. Goikobidea izenburupean ezaguna den ibilbidearen nondik norakoak irakurtzeko aukera dago argibide taulan. Elizara igo gabe, Aldape kalean aurrera egingo dugu. Axpeko zubiraino laguntzen duen bidean aurrera egingo dugu segidan. Berehala, bihurgunera iristean, eskuinera jo, eta belarrez jantzitako bideari atxikiko gatzaizkio. Metro batzuk goxo-goxo ibilita, bide nagusitik irten, eta ezkerretik doan bidexkatik jarraituko dugu. Bi hesiek mugatuta, Izua errekaren gainean izandako zentral elektrikora iritsiko gara. Presa eta uhatea, bista aurrean. Ehun arte atzera egin behar dugu haren inaugurazioaren berri izate aldera. XX. mendearen erdira arte ibili zen martxan.

Murabeko herri hustua

Errekaz beste aldean antzemango dugu hartu beharreko zidorra. Euri jasa handiak gertatzen direnean, ordea, urak gainezka egiten baitu, jauzi polita sorrarazten da hormako presan. Halakoetan, hobe da ibarrean gora ehunka metro egin, eta pasarela zeharkatzea. Gero, errekan behera jarraitu eta basabide batekin topo egingo dugu. Eskuinean, bidebanatzetik metro gutxira, arku bakarreko Izubarri zubia (XIX) ikusteko aukera dago. Bestela, ezkerrera hartu, eta maldan gora abiatuko gara hariztiaren babesean. Zurrunpo trokea laster batean agertuko zaigu, mazelaren ezkutuan.

Bide nagusiari men eginez, aurrerapausoak emango ditugu, ler gorriak, haritzak eta izeiak gogaide. Bidean eskuinaldera egingo dugu aurrerago. Orduan, basoko enbor meheak izurtzen ibiliko gara Murabe herri hustura doan bidebanatzera irten aurretik. Aurrez aurre, Murabeko Donibane baseliza altxatzen zeneko parajea dugu. Goiko lagunari eskainitako monumentu xumea ere ikusiko dugu bertan, baita azken hilotan egindako indusketa lanen arrasto esanguratsua ere. Bide nagusira berriz irtenda, eskuinera hartu (iparra), eta, aldatsa amaitzean, hesia igarota, bidebanatze batean izango gara. Eskuineko bidea utzi, eta mugarri zahar baten eretzetik igaroko gara. Harritik hogei metrora edo, eskuinera egin, eta, ler gorriak eta ametzak bidelagun, Gorbeiako natur parkean sartuko gara. Paseo gozoan, langa batera helduko gara. Ezkerreko bidea Axpe zubitik dator, baita Maurga herritik ere. Behera egin gabe, baina barrera igaro eta eskuinera hartuko dugu. Jaitsiera xumea egingo dugu GR-25 Lautadako zidorrak lagunduta. Muruako ur hartunea ikusiko dugu Boilaran errekan.

Elurtegia eta Lihosina

Erreka gainetik igarota, aldapa xumeari aurre egin ostean, Ametzua errekastoaren ondoan jarriko gara. GR-25 zidorra uzteko garaia izango da orduan. Ametzua errekari begia kendu gabe jarraituko dugu guk. Zubizar inguruan, ertzaz aldatu eta Muruako elurtegira iritsiko gara. Eraikinari sabaia falta zaiolarik ere, erraz da imajinatzen harrizko hormok hartu zuten dimentsioa. Kurtzeburu muinoaren iparraldean metatutako urrezuria Gasteizko eta inguruko herri handietako beharrei erantzuteko baliatu zuten.

Basabidean aurrera egin eta berehala, Lihosineko putzura iritsiko gara. Ametzua erreka gurutzatu gabe, uraren ertzetik doan zidorrari jarraitu, eta Muruara doan nekazari bidera irtengo gara. Herria zeharkatzen hasita, eskuinera hartuko dugu bidebanatzean. Muruako pozadera-iturri paretik igaro ondoren, hilerri parean jarriko gara.

Eskuinera hartuko dugu han. Igoera xumeak Eltaldarrateko lepoan jarriko gaitu, oso leku aproposean Birigako gaina zapalduko bada. Maurga herri gaineko bista polita dugu lepotik zein tontorretik. Nekazari bidean behera egin eta eskuinera hartuta, Larrinoabidetik jarraituko dugu Maurgaraino.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather