Ibilbideak

Ziortza-Bolibar, Galtzada, Donejakue bidea, Ziortzako monasterioa, Santa Luzia baseliza, Gerrika auzoa, Zearregi auzoa, Andre Maria Madalena baseliza, Zeinka auzoa, Arnaotegi

  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ziortza-Bolibar, Galtzada, Donejakue bidea, Ziortzako monasterioa, Santa Luzia baseliza, Gerrika auzoa, Zearregi auzoa, Andre Maria Madalena baseliza, Zeinka auzoa, Arnaotegi
  • Distantzia: 7,2 km. 2 ordu, 10 mn.
  • Ingurunea: Ziortzako monasterioa inguru paregabe batean dago, eta Euskadiko Monumentu Nazional izendatua dute. Aberastasun handiko lekua da historiari eta naturari dagokienez.
  • Abiapuntua: Ziortza-Bolibar

Ziortza-Bolibarko lurretan

Ziortzako monasterioa inguru paregabe batean dago, eta Euskadiko Monumentu Nazional izendatua dute. Aberastasun handiko lekua da historiari eta naturari dagokienez.
Ziortzako monasteriora daraman galtzada zaharra.
Ziortzako monasteriora daraman galtzada zaharra. MIKEL ARRIZABALAGA

2022-11-22 / Mikel Arrizabalaga

Ziortza-Bolibar (Bizkaia) herriko lurretan marrazten den ibilbide zirkular honek aukera ematen du herrian bertan dauden San Tomas eliza, Simon Bolibarren museoa eta monolitoa ez ezik, Ziortzako monasterioa, eta Santa Luzia eta Andra Maria Madalenaren ermitak ere ezagutzeko. Erromesen antzera, galtzada (bidarria) zaharrean zehar, kostaldeko Donejakue bidearen zati bat bete eta gero, Gerrika, Zearregi eta Zeinka auzoak zeharkatuko ditugu herrira itzuli aurretik. Ibilbidearen zatirik handiena PR-BI 140aren bide seinale zaharrez balizaturik dago, baina azpimarratu behar da egun bide hori homologatu gabe dagoela. Hala ere, Donejakue bidearen balizajeak asko laguntzen du bidea osatzen, eta, hura uztean ere, ez da batere zaila ibilbide zaharraren arrastoari jarraitzea.

Ziortza-Bolibarko plazatik abiatu, eta berehala ikusiko dugu erromesentzat lagungarria gertatzen den gezi horia margotuta. Errepidea gurutzatu eta berehala, Erdi Arotik erabili ohi den galtzada (bidarria) zaharrak maldan gora eramango gaitu, Ziortzako monasterioaren sarreraraino. Mendebaldeko atetik sartuko gara, Ziortzako armarria (arranoa eta burezurra) daukan atetik, hain zuzen ere. Ingurune paregabe eta eder batean dago monasterioa, eta Euskadiko Monumentu Nazional izendatua dute; garai batean, kolegiata izan zen. Monumentu multzoa hainbat eraikinez osaturik dago: XV. mendeko eliza gotiko-errenazentista, XVI. mendeko klaustroa, klausurako eta komunitateko kideen bizitokiak (abade eta kolonoen etxeak, jangela…), eta denda. Garai batean, erromesentzako ospitale bat ere izan zen han, baina erre egin zen, sute baten ondorioz, eta, gaur egun, eraikin berri bat dago haren ordez.

Puntu erdiko arkua duen ekialdeko atea (Mujika-Butroi familiaren armarria) zeharkatu, eta monasteriori bizkarra emanda, bidegurutze batera helduko gara. PRaren marra zuri eta horiek erakusten diguten norabidean, pinudian murgilduko gara. Gontzugarai baserriaren ondora igo aurretik, zubitxo batek errekastoa gurutzatzen lagunduko digu. Metro batzuk aurrerago, beste bidegurutze bat topatuko dugu. Donejakue bideari dagokion xenda ezkerrera utzita, eskuinetik ateratzen den asfaltozko bide zabala hartuko dugu. Aurrera goazen heinean, Bedartzandi eta Urregaraiko Santa Eufemia baselizaren ikuspegi ederra izango dugu.

Paisaia bukolikoen artean, Santa Luzia baselizaren ondora iritsiko gara. Eskualdeko baselizarik zaharrenetakoa da. Kondairak dio 968an hilobiz betetako tenplu bat zegoela baseliza dagoen lekuan. Haren hormetako batean, mozarabiar tradizioko hiru argiko leiho bat du. Barruan, Santa Luzia, San Antonio eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudiak ikus daitezke. Abenduaren 13ko hurrengo igandean, erromeria egin ohi zen, eta gaur egun, berriz, meza abestua.

Baseliza atzean laga eta berehala, Gerrika auzora helduko gara. Bide balizatutik segituz, eta baserriz zipriztindutako paisaiaz gozatuz, eskola zaharra (Escuela de barriada de Vizcaya - Bizkaya'ren auzo-ikastola) izandakoaren ondotik pasatu, eta Zearregi auzora iritsiko gara. Bide zabal eta eroso horrek Andra Maria Madalenaren baselizara eramango gaitu, bide nagusitik metro batzuk gorago. Ermita gotiko horrek hegoalde eta mendebaldeko fatxadetan bi arku zorrotz ditu, eta Maria Madalenari eskainitako aldare nagusia.

Bide nagusira jaitsi, eta Zeinka auzora iritsiko gara. Bide seinaleei kasu eginez, Ziortza-Bolibar aldera jaisten hasiko gara, hasieran eukalipto baso batean zehar eta, gero, tarte batzuetan nahikoa zikin dagoen bide batetik. Baserri zahar baten aurretik pasatu, eta, metro batzuk beherago, eskuinera hartuko dugu bidegurutzean; xenda estu batek herriko Simon Bolibar plazaraino eramango gaitu. San Tomas eliza izango dugu aurrez aurre. Jatorria X-XI. mendeetan izan arren, XVII-XVIII. mendeetan berreraiki zuten. 1959an, elizaren arkupean aurretik zegoen beste bat —Santa Ana deiturikoa— ordezkatu zuen Venezuelako Coromotoko ama birjinari eskainitako kapera horrek; Simon Bolibar askatzaileari eskainia dago. Nahiz eta hura ez zen herrikoa, haren familia hangoa zen jatorriz.

1927an, Venezuelako Gobernuak arbasoen jaioterrian monolito bat eraiki zuen haren omenez, eta testu hau irakur daiteke hartan: «Antziñako sendi euzkota? onek Bolibar'tar Simon argiratuaz bere bizimen inda?a erakutsi eban». Ibilaldia osatzeko, 1983ko uztailaren 24an —Simon Bolibarren jaiotzaren bigarren mendeurrenean— inauguratu zen museoa bisitatu dezakegu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather