Ibilbideak

Mariaren Bihotza, Trenbide zaharra, Kutralla iturria, Uliako atsedengunea, Baleazaleen talaia

  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Mariaren Bihotza, Trenbide zaharra, Kutralla iturria, Uliako atsedengunea, Baleazaleen talaia
  • Distantzia: 5,8 km. 2 ordu, 10 mn.
  • Ingurunea: XIX. mendean 'belle époque'-ko gizarte dotoreak aisialdirako erabili zituen parajeetan murgilduko gara ibilbide honetan zehar.
  • Abiapuntua: Mariaren Bihotza parrokia (Gros, Donostia)

Uliako itzuli txikia

XIX. mendean 'belle époque'-ko gizarte dotoreak aisialdirako erabili zituen parajeetan murgilduko gara ibilbide honetan zehar.
Uliako behatokitik, Monpas edo Arimen lurmuturraren ikuspegia.
Uliako behatokitik, Monpas edo Arimen lurmuturraren ikuspegia. MIKEL ARRIZABALAGA

2022-11-29 / Mikel Arrizabalaga

Donostiak duen parke natural txiki honetan, lurraren eta uraren arteko borrokak zizelkatutako itsasertz ederraz gozatzeko parada izango dugu. Itsaslabarretara gerturatzean, kalak, bailara txiki zintzilikatuak, pareta bertikalak eta hegaka dabiltzan ehunka antxetaren karrakak ikusiko ditugu inguruko isiltasuna apurtzen. Bide batez, orain mende bat, paraje hauetan belle époque-ko gizarte dotorearen garaian hain zuzen ere, eraikitako trenaren eta beste zenbait eraikinen arrastoetan irakurriko ditugu garai horretako historiaren pasarte batzuk. Hamaika bide aurkituko ditugu Uliako magaletan, eta guk horietako bat osatuko dugu ibilbide eder eta interesgarri honetan. Ibilbide osoa SL-Gi 33aren bide seinale zuri-berdeez balizaturik dago.

Groseko Mariaren Bihotza parrokiaren ondotik abiatu, eskuinean Okendo etxea utzi, eta Zemoria kale maldatsutik aurrera egingo dugu. Tranbia zaharraren ibilbidera ateratzean, Arbola baserriaren azpiko aldetik pasatuko gara. Belle époque-ko gizarte dotorearen garaian jarri zen martxan tranbia hura. 1902ko ekainaren 8an inauguratu zuten, Elosegi ingeniariak egindako proiektuaren arabera. Plaza Zaharretik abiatu —gaur egungo Bulebarretik—, eta ordu erdian hiru kilometroko ibilbidea betetzen zuen, Biribilgunera iristeko. Bost urte beranduago, turistak Kasinotik —Biribilgunetik gertu— Ulia tontorreraino igotzeko funikular bat eraiki zuten. Torres Quevedo ingeniari ezagunak asmatutako teleferiko hark Biribilgunetik gailurrera zeuden 280 metroen desnibela gainditzen zuen. Batik bat, funtzio turistikoa zuen, baina bertako baserritarrentzat komunikabide bikaina izan zen, harik eta 1918. urtean erregulartasunez funtzionatzeari utzi zion arte.

Tranbia zaharraren bidetik jarraituko dugu, baina, berehala, hura utzi, eta, bide seinaleek erakusten diguten bidetik, basoan murgilduko gara. Xendari jarraituz, altuera hartuko dugu, eta, azken zuhaitzak atzean utzi ondoren, Monpas gaineko ikuspegi zoragarria zabalduko zaigu begien aurrean. Itsasertzetik gertu, berriz, hegaka dabiltzan ehunka antxetaren karrakek inguruko isiltasuna apurtzen dute. Bideak Kutralla iturrira eramango gaitu. Hareharrizko harlanduz egina dagoen iturri horretako urek ospe handia izan zuten. Ikuztegi gisa erabilia izan zen, eta sendagarri ezaugarriak omen zituen. Atzean utzi, eta, bidegurutzean ezkerrera, itsasaldera doan bidea aukeratuko dugu. Harlanduz eginiko bide horretatik labarretara gerturatu, eta Arimetako muturraren gainetik doan xendan barrena abiatuko gara. Haren ondoan dagoen egurrezko behatokitik ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Josetxo Mayorrek urte askoan berreskuratu, landu eta zaindu zuen xenda horrek bidegurutze batera eramango gaitu, eta, han, marka zuri eta berdeek erakutsiko digute zer bideri jarraitu. Platako itsasargira zuzentzen dena utzi, eta, eskuinetik, basoan murgiltzen dena hartuko dugu.

Altuera hartuz

Xenda erosoak altuera irabazten lagunduko digu, eta erraz igoko gara Uliako atsedengunera. Joan den mendearen hasieran, Donostian uda pasatzen zuten aristokratak maiz etortzen ziren inguru honetara tranbia elektrikoan. Tranbia iristen zen lekuraino jaitsiko gara segidan, gero bide beretik itzultzeko. Errepidearen paraleloan doan bidezidorrean zehar lehen metroak bete, eta Baleazalearen Talaiarekin egingo dugu topo. Erdi Aroan, Donostiako arrantzaleek baleak eta bakailaoak arrantzatzen zituzten, eta zetazeoen gantza eta bizarrak erabiltzen zituzten tresnak egiteko. XVII. mende arte iraun zuen jarduera hark, eta, 1625ean, Isasti idazleak honela zioen: «Lehorretik ikus zitezkeen baleak harrapatzeko, soldatapeko gizon bat daukate Ulia izeneko mendian, talaia batean kokaturik». Talaiari hark, balea ikustean, baleazaleen artean ezaguna zen esaldia oihukatzen zuen: «Por ahí resopla». Gure ibilbidearekin jarraituz, metro batzuk aurrerago, errota formako teleferiko txiki baten geltokiaren aztarnak ikusiko ditugu. Bide balizatuak Monpas gaineko bidera eramango gaitu, eta, handik abiapuntura itzultzeko, bide beretik jaitsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather