Ibilbideak

Jentilbaratza

  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: V
  • Tontor eta leku izenak: Jentilbaratza
  • Distantzia: 260 m
  • Ingurunea: Bide honek 260 metro ditu, eta bost luze. Ez dago argi nork aurkitu zuen. Ordu pare batean egiten da, eta iksupegi ederra eskaintzen du.
  • Abiapuntua: Ataun

Jentilbaratza, hego-mendebaldeko gandorra

Bide honek 260 metro ditu, eta bost luze. Ez dago argi nork aurkitu zuen. Ordu pare batean egiten da, eta ikuspegi ederra eskaintzen du.
Eskalatzaile bat Jentilbaratzeko bideko laugarren luzea osatzen.
Eskalatzaile bat Jentilbaratzeko bideko laugarren luzea osatzen. XABIER MUJIKA

2022-12-06 / Xabier Mujika

Jentilbaratza Goierriko eskalada eskolarik handiena da. Ataunen kontatzen denez, Jentilbaratza izan omen zen azken jentilen bizilekua, baita ehortzi zituzten lekua ere, hortik izenaren jatorria. Bertan oraindik ageri dira Jose Migel Barandiaranek aztertu zituen XII., XIII. eta XIV. mendeetan Nafarroako Erresuma defendatzeko zegoen gazteluaren hondakinak.

 

Lehen luzea, 40 metro, V. Harkaitz plaka inklinatu bat eskalatu —lehen parabolta urrun dago— eta pare bat metroko horma bertikal bat eskalatu ondoren, zuzen jarraituko dugu eskalatzen, gainean dagoen sabaira zuzenduz. Sabaia ezkerretik eskalatzen da, eta gakoa eskuin ertzean oinentzat duen helduleku bat topatzean dago. Sabaia eskalatuta, erlaitz eroso batean kokatutako bilgunera iritsiko gara.

Bigarren luzea. 40 metro, IV. Bilgunetik ezkerrera zeharkaldi diagonal eta bertikal bat egingo dugu, lehen paraboltera iristeko. Hortik aurrera hormatxo inklinatu batzuk eskalatuko ditugu bilgunera iritsi arte. Bigarren bis bilgunera iristeko gandorraren gainetik 40-50 metro inguru oinez ibili beharko ditugu.

Hirugarren luzea. 45 metro, IV. Hodi itxurako kanal etzan bat eskalatu ondoren, tentetuz doan itsasgarritasunezko plaka bat eskalatu beharko dugu. Horren ondoren, harkaitz handi baten ondoan bilgunea topatuko dugu.

Laugarren luzea. 40 metro, IV+. Goian ikusten den diedrora zuzenduko gara, pixkanaka, tentetuz doan helduleku oneko horma eskalatuz. Diedroa eskalatu ondoren bilgunera iritsiko gara.

Bosgarren luzea. 50 m, III. Gandorraren ahotik jarraituko dugu hormatxo motz batzuk eskalatuz bilgunera iritsi arte. Zailtasun guztiak ezkerretik saihestu daitezke.

Azken bilgunetik 15 metro oinez ibiliz Jentilbaratzako gailurrera iritsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather