Ibilbideak

Sara, Sarako leizeak, Zugarramurdi, San Esteban ermita, Arleun, Argangoieta, Ikaburuko leizeak, Urdazubi

  • Herrialdea: Lapurdi, Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Sara, Sarako leizeak, Zugarramurdi, San Esteban ermita, Arleun, Argangoieta, Ikaburuko leizeak, Urdazubi
  • Distantzia: 18,6 km, 4 ordu eta 30 mn
  • Ingurunea: Ibilbide zirkular honen bigarren etapan Sara, Zugarramurdi eta Urdazubi herriak igaroko ditugu. Paraje ederrak ikusteko aukera dago.
  • Abiapuntua: Sara

Xareta, oinez

Ibilbide zirkular honen bigarren etapan Sara, Zugarramurdi eta Urdazubi herriak igaroko ditugu. Paraje ederrak ikusteko aukera dago.
Sarako lezeak bisitatzeko aukera dago ibibilbide honen hasieran.
Sarako lezeak bisitatzeko aukera dago ibibilbide honen hasieran. MIKEL ARRIZABALAGA

2023-01-17 / Mikel Arrizabalaga

Saran (Lapurdi) emango diogu hasiera Xareta oinez ibilbide zirkularraren bigarren etapari. Bertako elizaren ondotik abiatu, Lahetxipia etorbidetik aurrera egin, eta berehala, maldan behera egingo dugu Erdi Aroko galtzadan zehar. Sara herriak ondasun anitz gordetzen ditu bere kale eta inguruko lurretan. Herriko Erdi Aroko galtzadatik Done Jakue Bideko adar bat igarotzen da, eta han kokatzen dira hamalau otoiztegiak, galtzadaren bi aldeetan. Axular idazlea erretore izan zen San Martin eliza herrigunean altxatzen da, herriko etxetik gertu. Herritik kanpo, berriz, Sarako leizeak eta Larhungo tren ttipiak jasotzen dituzte bisitari gehien.

Larhun mendiaren magalak gure eskuinera ikusiko ditugu, eta berehala iritsiko gara San Isidroren otoizlekuaren ondora. Galtzadaren aldapa igo, eta parez pare ikusiko dugu bide seinale bat: Kaikuenea baserrirantz zuzenduko gaitu maldan behera. Asfaltoa utzi, eta egurrezko zubitxoa igaroko dugu basoan murgilduz. Bidean ez galtzeko, eta norabide zuzena aukeratzeko, pottoka edota triangelu urdinen irudiak, harri, harlauza, zuhaitz-enbor edota zutoinetan margoturik ikusiko ditugu ibilbide osoan.

Errekatik altuera hartu, basotik atera, eta lurrezko pistak soro zabalak zeharkatuz borda batzuen ondora eramango gaitu. Olhaineko muinoa ezkerraldean eta Ibanteliko tontorra aurrean, erraz egingo dugu aurrera. Etxola animalien parkera heltzean, aldapa gogortu egiten da, eta Arxuriko mikazko plakek eguzkitan daudenean sortzen duten distirari begira, magalera gerturatuko gara xenda batekin bat eginez. Bidea estutu egiten da tarte horretan, eta maldan behera egingo dugu aparkaleku batera iristeko. Azken aldapa txikiak Sarako leizeetako sarreran utziko gaitu.

Arxuria mendiaren magalean kokatzen diren leizeak ezohiko formazio geologikoak dira, gela zabal eta oso handiak dituena. Leizearen zaintzailea zen Castillo jaunak, XX. mendearen hasieran aurkitutako arrastoak gordetzeko ohitura hartu zuen, eta, 1941ean, Jose Migel Barandiaran etnografo eta arkeologo ezagunak egin zituen ikerketen ondorioz, eta, geroago, Aranzadi zientzia elkarteak eta Normand jaunaren taldeak egindakoei esker hainbat aurkikuntza egin ziren.

Leizeak atzean utzi, eta harrobiaren gain aldetik hedatzen den galtzada polit eta eroso batetik aurrera egingo dugu. Bide seinaleek baso txiki batera eramango gaituzte, eta handik ateratzean Zejozilloko leizera gerturatuko gara. Ingurune karstiko horretan leize txikiak eta artegi zahar bat ikusteko aukera izango dugu. Errepidean zehar metro batzuk bete, berriro hori utzi, eta ezkerraldera jaitsiko gara basoan murgilduz. Gaztainondo eta ehunka urte dituzten haritzen artean, aldapan behera abiatuko gara Axkoko leizea dagoen lekua adierazten duen seinaleraino. Zugarramurdiko leizea zeharkatzen duen Infernuko errekara iritsiko gara segidan, eta hori gainditzeko zubia gurutzatu ondoren, azken aldapari eutsiko diogu Zugarramurdiko leizeen sarreraraino. Akelarre famatuak ospatzen ziren leizeak bisitatu eta gero, herriraino igoko gara.

Euskal Herrian beti izan dira sorginak. Jakina da herritar askok haiengana jotzen zutela sendagaien bila, sendabelar, ukendu eta aholku eske. Baina Eliza katolikoak ez zuen mundu magiko hori onartzen, eta emakumeek zuten ahalmen hori ezabatu nahian, deabruarekin harremanak izaten zituztela sinetsarazi nahi izan zioten herriari. Inkisizioak errepresio gogorrari ekin zion, eta herri guztietan haien atzaparretan erori ziren asko. Euskal Herria ez zen salbuespena izan, eta Zugarramurdi (Nafarroa) izan zen jazarpen hori jasan zuen herririk ezagunena. Gaur egun, Zugarramurdi iraganean sorginak biltzen ziren lekutzat hartzen dugu, eta esaten da Euskal Herriko sorginek beren akelarreak antolatzen zituztela han. Zugarramurdin, akelarrearen agertokia geratu da soilik, Deabruaren Katedrala izenez ezaguna.

Graxiana jatetxearen ondotik aldapan behera egingo dugu porlanezko pista zabaletik. Baso txiki bat zeharkatu ondoren, San Esteban ermitara iritsiko gara. Urdazubiko mugen barruan dagoen ermita, Alkerdi auzoan dago, Zugarramurdiko sarrera baino lehentxeago. XV. mendean du jatorria eta barruan San Estebanen tailua duen erretaula moderno bat dago.

Errepidea gurutzatu, Etxelekua baserriaren ondotik pasatu, Berroberria baserria gure ezkerrera utzi, eta Akerdi, Zelaieta eta Berroberriako leizeak gordetzen dituen muinora igoko gara. Berriro errepide aldera jaitsiko gara, Urdazubirako sarrera bilatuz. Bide seinaleek eskuinera jaisten den errepidera bideratuko gaituzte, baina hori berehala utzi, eta eskuinetik ateratzen den lurrezko pista zabaletik jaisten jarraituko dugu. Laster, Urdazubiko leizeak, Ikaburuko leizeak ere deituak, gure arreta erakarriko dute. Leorlaz auzoan dauden leize hauek Urtxuma errekak sortutako higaduraren ondorioz sortu ziren orain dela 14.000 bat urte. Inguru oso ezaguna da, garai batean handik pasatzen zuten kontrabandoagatik.

Ondoren, Urdazubi herrira (Nafarroa) iritsiko gara, baina aurrez, errepidetik gertu, Axular idazlearen jaiotetxea bisitatzeko aukera izango dugu. Herrian, errota eta San Salbatore monasterioa ikusiko ditugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather