Ibilbideak

Ziga, Soate, Abartan, Aizkoa, Berroeta, Aniz

  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ziga, Soate, Abartan, Aizkoa, Berroeta, Aniz
  • Distantzia: 13,2 km. 4 ordu.
  • Ingurunea: Baztango mendirik ezagunenak ez ezik, horien magaletan barreiatzen diren herri eta baserri dotoreak ere ikusteko aukera izango dugu ibilbide hnetan.
  • Abiapuntua: Ziga

Abartango begiratokia

Baztango mendirik ezagunenak ez ezik, horien magaletan barreiatzen diren herri eta baserri dotoreak ere ikusteko aukera izango dugu ibilbide honetan.
Abartango gailurra. Ikusmira bikaina dago handik.
Abartango gailurra. Ikusmira bikaina dago handik. MIKEL ARRIZABALAGA

2016-03-29 / Mikel Arrizabalaga

Abartan mendiaren magalean marrazten den ibilbide honek Baztan haranaren ikuspegi zabala eta ederra eskainiko digu. PR-NA 1 bide balizatuari jarraituz, zenbait monumentu megalitiko ikusi ahal izango ditugu: trikuharriak, harrespilak eta zutarri bat. Abiapuntura iritsi aurretik, Baztango Donejakue bidean dauden herri txiki eta lasaiak zeharkatuko ditugu.

Zigan aparkatu, eta, herriaren beheko aldean ikusiko ditugun bide seinale zuri eta horiek erakutsiko diguten norabidean, galeria moduko bat duen etxe batetik pasatu, ikuztegia eskuinera utzi, eta aldapa piko bat igoko dugu errepidera iritsi arte. Hori gurutzatu, eta porlanezko pistatik gorantz egingo dugu. Ehunka urte dituzten haritzen artean segitu, eta eskuinetik ateratzen den lurrezko pista hartuko dugu. Gainaldera iristean, aldapa leundu, eta berehala iritsiko gara Sorotako bordaren ondora. Bidetik at, izen bereko trikuharria.

Bide balizatuan pagadian sartu, eta malda pikoari ekin beharko diogu, basotik atera eta Soateko gaina zapaldu arte. Zigako gazte baten oroimenez jarritako oroitarriaren ondoan, izen bereko trikuharria. Xendari eroso segituz, bidetik 20 bat metrora dagoen Irlitzingo zutarria ikusiko dugu, eta, aurrera segituz, Elorregiko lepora helduko gara. PR-NA 1aren seinale zuri eta horiek Aizkoako leporantz joatera gonbidatzen dute, baina, aurrez aurre dugun Abartango tontorrera igotzeko, ezkerretik ateratzen den xenda nabarmena hartuko dugu. Berrehunen bat metro handik egin eta gero, eskuinaldera joko dugu, azken aldapa ahal den lekurik erosoenetik igoz. Azken metroak mendiaren gandorrean egingo ditugu, eta, tontorrera iristean, buzoia eta erpin geodesikoa ikusiko ditugu.

Mendi honen gailurretik dagoen ikuspegia oso zabala da: Baztango mendi ezagunenak ez ezik, horien magaletan barreiatzen diren herri eta baserri dotoreak ikusiko ditugu. 360 graduko itzulia egin, eta begien ninietan postal zoragarria islatuko da.

Begiratoki aparta horri bizkarra eman, eta zuzenean jaitsiko gara behean ikusiko dugun Aizkoako lepora. Gertu, aldapa txiki bat igo, eta harrespilak ikusiko ditugu. Urlegi mendixkaren azpitik jaisten hasiko gara, eta, pista zabal batera iristean, altuera azkar galduko dugu, jaitsiera oso pikoa baita. Pagadian marrazten den pista horretatik luze joko dugu, eta erne ibili beharko dugu, pista utzi eta bide seinaleek ezkerretik joatera gonbidatuko gaituzte eta. Borda baten ondotik pasatu, eta garo artean jaisten hasiko gara. Altuera erraz galdu, eta berriro pistara aterako gara. Metro batzuk beherago, iturri eder batek zintzurra freskatuko digu.

Galtzeko arriskurik gabe, erraz jaitsiko gara Berroetako etxe artera. Herria zeharkatu, eta errepidea utziko dugu eskuinetik zabaltzen den pista hartuz. Herri horretatik Zigaraino, PRaren markekin batera, Baztango Donejakue bidearen gezi horia izango dugu lagun. Hilerria atzean utzi, eta errepidera aterako gara. Berrehun bat metro handik egin, eta berriz utziko dugu, lur bidea hartzeko. Aniz herritik gertu, berriro errepidea gurutzatu, eta antzinako bidetik aurrera joko dugu. Hirutasuneko ermitaren ondotik pasatu eta errepidera ateratzean, 800 metro eging ditugu handik, Zigako sarrerara iristeko. Maldan behera, herrian sartuko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather