Ibilbideak

Azkaine, Hiru Iturriak, Altxanga, Arrano Xola, Ihizelaia, Larrun

  • Herrialdea: Lapurdi
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Azkaine, Hiru Iturriak, Altxanga, Arrano Xola, Ihizelaia, Larrun
  • Distantzia: 6,5 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Larrun mendiaren iparraldeko magaleko gain nabarmen bat da Ihizelaia; hango zelaietatik, larrun mendi gailur ezagunera segitu ahal izango dugu, edo panorama ikusgarrietatik barrena itzuli, lasai-lasai.
  • Abiapuntua: Azkaineko harrobia

Ihizelairako paseoa, Azkaineko harrobietatik

Larrun mendiaren iparraldeko magaleko gain nabarmen bat da Ihizelaia; hango zelaietatik, Larrun mendi gailur ezagunera segitu ahal izango dugu, edo panorama ikusgarrietatik barrena itzuli, lasai-lasai.
Ihizelaia, eta, haren eskuinean, Larhun mendia.
Ihizelaia, eta, haren eskuinean, Larhun mendia. GORKA LOPEZ

2016-04-05 / Gorka Lopez

Azkaineko harrobiak baino lehenago dagoen aparkalekutik abiatuko gara, eta panel baten ondotik ateratzen den bidetik joko dugu; Lapurdiko alderdi horretako faunaren berri dakar panelak. Baso mistoko zati bat zeharkatuko dugu, eta, hura igarota, mazela handi baten beheko aldera iritsiko gara, ia erabat txilarrak harturiko batera. Mazela horretan gora eginda, bide zabal batetik laburtuko dugu ibilia, eta lauza handiko ibilbide harritsu batean gora joko. Gorago, bide are zabalago bat aurkituko dugu, eta ezkerreko aldetik joko, urkidi bat atzean utzi eta malda ezinago pendiztsu batean gora.

Hala, berehala goraka joango gara mazelan, zeina baita Larrungo alderik behereena, eta lehen ikuspegi ederrak agertuko zaizkigu: Lapurdiko kostaldea eta kostaldetik bereizten gaituen landazabala ikusiko dugu bertan. Gero, ezkerrera egingo dugu, eta Hiru Iturriak amildegiaren gainean agertuko gara, non Renards ur-jauziaren burrunba adituko baitugu, ozen, nahiz eta ozta-ozta ikusten den, amildegiko landaredi hostotsuak estalia izaki. Korta zahar baten albotik igaroko gara; ezusteko ekaitzaldi batean aterpe hartzeko leku aproposa. Buruaren gainetik nabarmenduko zaigu Larrungo gailurra.

Goraxeago, bidegurutze batera iritsiko gara, Madariondoen Bidegurutzea izenekora; eskuinaldeko bide adarra utzi ?gero, horretatik jaitsiko gara?, eta zuzen segituko dugu, aldapan gora eta Hiru Iturriak amildegiaren paraleloan; estuagoa eta harritsuagoa da hortik doan bidea.

Larrun, gertu-gertu

Amildegiaren goiko aldera iritsiko gara, eta erreka bat zeharkatuko dugu; mazela berde bateko bidezidorretik igoko gara, eta, harkaizpe batera iritsitakoan, bidea bitan banatzen dela ikusiko dugu, eta eskuinaldetik joko. Ezkerraldetik joz gero, berriz, Hiru Iturriak iturburura eta Altxanga muinora iritsiko gara; beste jomuga bat izan daiteke, gure ibilbidearen osagarri.

Beste erreka bat igaro, pendiz maldatsu bat gainditu, eta pinu eta haritzen baso anabasa batera iritsiko gara. Bidezidorrararen arrastoari jarraikiz zeharkatuko dugu basoa, eta, handik irtendakoan, eskuinera joko dugu, eta ibilian segituko metro batzuetan, eta, azkenean, ezkerrera egingo dugu berriro. Hala, paseo labur baten ostean, Hiru Iturriak mendi lepora iritsiko gara, eta eskuinaldera joko dugu, Arrano Xola txabolarantz, ingurumari hartan baitago; txabola ezkerrera utzi, eta aurrera egingo dugu 24 metro inguruan, eta, azkenean, Ihizelai gaineko otoizleku txikiaren parera iritsiko gara.

Bidexkari segika, Lawson altzifre ilara baten ondotik pasatuko gara, eta Ihizelai gaineko eremuan sartuko, bete-betean; handik, noranahi begiratzen dugula ere, ikusmira zoragarriez gozatu ahal izango dugu, toki ezinago estrategikoan baitago. Hurrengo, eskuinera egiten du bidexkak, eta beherantz ekingo diogu, eta igoeran amildegiko bidegurutzean aurkitu dugun aterpe gisako kortaren paretik igaroko gara, eta begizta itxiko dugu; igarriko diogunez, joaneko bide ezagunetik itzuliko gara abiaburuko aparkalekura.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather