Ibilbideak

Madrid de Caderechas, Huespeda, Las Caderechas

  • Herrialdea: Burgos
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Madrid de Caderechas, Huespeda, Las Caderechas
  • Distantzia: 6,5 km. 2 ord eta 45 mn.
  • Ingurunea: Urtero-urtero, berdin gertatzen da Caderechasko ibarrean: gereziondoak zuriz jantzi, eta ikuskizun aparta eskaintzen diote hurreratzen den orori.
  • Abiapuntua: Madrid de Caderechas (Burgos)

Gereziondoen ikuskizun aparta

Urtero-urtero, berdin gertatzen da Caderechasko ibarrean: gereziondoak zuriz jantzi, eta ikuskizun aparta eskaintzen diote hurreratzen den orori.
Gereziondoen Bidearen zati bat.
Gereziondoen Bidearen zati bat. JOSEAN GIL-GARCIA

2016-04-26 / Josean Gil-Garcia

Merindadesko eskualdearekin bat egiten duen Caderechas ibarra oso ezaguna da. Ondare historikoaz eta arkitektonikoaz gainera, badirudi naturak aparteko begirunea izan duela Burebako bazter ezkutu horretan: paramoek eta galsoroek osaturiko paisaia bitxia kolore apartaz tindaturik agertu ohi da urte guztian. Jakina, bertoko pinuek eta erkametzek zeresan handia dute lan kromatiko horretan.

Baina udaberria abian jartzeaz batera, handik eta hemendik etorritako bisitariz betetzen dira bazterrok —euskaldunez ere bai—. Izan ere, Caderechas ibarra ezaguna da oso frutaren kalitatearengatik. Sagarrak bereziki gozoak dira, baina gereziak izugarri estimatuak dira, gozotasun eta garraztasun orekatua baitute. Paradisu sonatua, beraz, Oñako San Salvador monasterioko dokumentu zaharrek erakusten dutenez.

Neguan, gereziondoak lozorroan izan dira, baina, apirilaren hondarrean, arbolok sekulako janzkera erakusten dute: loreak apurka-apurka ireki, eta kolore zuri eta distiratsua nagusitzen da ibarrean. Kaolinezko artelanak izango balira bezala, gereziondo bakoitzak naturaren opari ederra dirudi. Eta, landareekin batera, bisitaririk ez da falta. Turistak, argazki kamera eskuan, trumilka iristen hasten dira, mosaiko zoragarriaz gozatzeko xedez. Pasarela baten moldean, milaka lagun agertzen dira, gereziondoen janzkeraz iritzia emateko prest. Makina bat bisitari, beraz, Gereziondoen Bidea ezagutzeko asmoz.

Guk ere, naturaren oparotasunaz ohartzearen karietara, Caderechas ibar aldera egingo ditugu urratsak. Ibilbidearen abiapuntua Madrid de Caderechas izeneko (Burgos, Espainia) herri xumea dugu. Bertaratzea zaila ez bada ere, erreferentziak ondo hartzea komeni da. Horretarako, Burebako eskualdetik Oñara bidean garela, ezkerrera hartuko dugu Terminongo desbideratzea ikustean. Gero, Cantabranatik igaro, eta, azkenik, Quintanaopion hartuko dugu Madrideraino lagunduko digun errepide estua.

Corrales kale zabalean gora egin, eta, berehala, Gereziondoen Bidea adierazten duen seinalea ikusiko dugu. Eliza aldera egin gabe, ezkerrera egingo dugu plazatxo horretan, eta herritik irtengo gara. Azken etxea atzean utzi bezain laster, ezkerretik abiatzen den lehen bidetik egingo dugu, maldan gora. Elizatik datorren bidearekin topo egitean, ezkerrera jo, eta mendebalderako bidea hartuko dugu. Bidearen alde bietan, lehen gereziondoen sailak agertuko dira. Ederrak denak! Zehar-zehar minutu batzuk eman ostean, Huespedera jaisten den bidea utzita, noranzkoari men egin, eta aurrera egingo dugu. Artadiak hartuko gaitu laster. Pinudi lirainak, gorago.

Santa Marina baseliza

Gora aldera poliki-poliki joanda, goiko zabalguneko lepora helduko gara. Ekialdera —eskuinera— pitin bat eginez gero, Santa Marina baseliza eta gurutzea ikusteko aukera izango dugu. Bi-biak amildegitik hurbil daude, eta hango panoramika zabala da. Beraz, talaia horretatik erraz egingo zaigu inguruko paisaia identifikatzen. Caderechasko ibarra inguratzen duten tontorren artean, Tablones —antena duena—, Bujal eta Castillos ikusiko ditugu. Iparraldean, Valdivieso gainak, Miravacas eta Dobroko Peña Alta, besteak beste.

Atseden hartu ondoren, baselizatik lepora hurbilduko gara berriz ere. Bide zabalak bazter eginda, amildegiaren ondoan ikusiko dugun bidexkari jaramon egingo diogu. Betiere, Caderechasko zirkua inguratze aldera, ehizarako postuen artetik doan bidexkari jarraituko diogu. Bestela esanda, zirkuari gortea egingo diogu une oro, ibarrera jaisteko gonbita emango diguten bideak bazter eginez. Hala, Santa Marinatik 40 minutura edo, trafiko seinale bat ikusiko dugu, baita Robledal mendia adierazten duen seinalea ere. Huespedera jaisteko unea izango da orduan. Goiko paramoa edo zabalgunea bertan lagata, pinuek jantzitako parajean barna murgilduko gara. Asko jaitsiko ez garenez, paseo gozoa egingo dugu Rucandiotik datorren bidearekin bat egin arte. Ezkerrera egingo dugu bidebanatze horretan, eta, Kaolina azaleratzen den toki magikoaren ondotik igaro ondoren, Huespedera iritsiko gara.

Gereziondoen Bidea baliatuko dugu Madridera itzul gaitezen. Horretarako, herria zeharkatu eta sarrerako aparkalekuan asfaltoa utzita, ezkerretik abiatzen den bideari oratuko gatzaizkio. Lehen bihurgunera iristean, eskuineko bidea utzi, eta zuzen-zuzen jarraituko dugu, altituderik galdu gabe. Ehunka metro aurrerago, igoeran egindako bidea topatuko dugu berriz ere.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather