Ibilbideak

Artikutza, Goizarin, Elama, Otaran

  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Artikutza, Goizarin, Elama, Otaran
  • Distantzia: 1,5 km. 3 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Iraganak loak hartu du bizimodu askotarikoen eta tokiko baliabide naturalen ustiapen ugarien lekuko izan diren ur hauetan.
  • Abiapuntua: Artikutza

Mendi ibilaldia 

Goizarin eta Elama

Iraganak loak hartu du bizimodu askotarikoen eta tokiko baliabide naturalen ustiapen ugarien lekuko izan diren ur hauetan.
Goizaringo zubia, bi begietako kare-harrizko bloke handiz egindakoa.
Goizaringo zubia, bi begietako kare-harrizko bloke handiz egindakoa. MIKEL ARRIZABALAGA

2016-11-08 / Mikel Arrizabalaga

Artikutza inguratzen duten mendien magaletatik zintzilikatzen diren baso trinko eta sakonetan ezkutatzen dira iraganaren lekuko isilak. Haran estuen bihotzean murgiltzen bagara, egun naturaren altzoan lokarturik dauden historiaren pasarteak irakurri ahal izango ditugu, etak errekastoen urek zizelkatu dituzten paraje hauek ezagutuz gero, ohartuko gara mendeetan zehar izan duten garrantzia. Garai bateko jarduera desberdinen aztarnak aurkituko ditugu bazter guztietan, baita misterioz betetako inguruak ere.

Frontoiaren ondotik doan bidea hartu, Olazar etxea pasatu, urtegira doan pista utzi, eta aurrera jarraituko dugu. Metalezko langa igaro, eta, pistan zehar, errekaren paraleloan, bi eraikin zahar atzean utzi, eta Oronozko-Zubieta deritzon lekura helduko gara; Artikutza eta Elama errekak bat egiten duten tokira hain zuzen ere. Hemen bi pista daude, guk ezkerrekoa aukeratuko dugu, Elamako haranean sartzen dena. Maizolore izeneko uharkaren ondora heldu eta aurrera jarraituko dugu. Elama errekaren beste aldean ubide zaharraren aztarnak ikusiko ditugu.

Bidea erosoa da, ez du batere zailtasunik. Bat-batean, harrigarria bada ere, soro zabal eta handi batekin egingo dugu topo, eta ezkutuan, pistaren ezkerraldean, bidetik metro batzuk gorago, karobi baten hondarrak ikusiko ditugu. Horiek atzean utzi eta berehala, Goizaringo metalurgia-multzora iritsiko gara. Erreka igarotzeko bi begietako kare-harrizko bloke handiz egindako zubi baten gainetik pasatu behar da. Zuntzak, sasiek eta belarrek eraikuntza horien hormak ezkutatzen dituzte, eta zaila da nolakoa zen imajinatzea; hala ere, arragoa eta burdinola hidraulikoaren aztarnak nabarmenagoak dira.

Berriz pistara itzuli, eta, tarteren batean, burdinbide zaharraren arrastoa ikusteko aukera izango dugu. Kilometro pare bat pistan barna bete ondoren, gure ezkerraldean, bidetik metro batzuk gorago, oso egoera onean dagoen labe itzel bat ikusiko dugu. Burdina minerala kiskaltzeko labea edo arragoa baten hondakinak dira, labeta izenez ezaguna. Horra heltzean, pista utzi behar dugu, eta, ezkerrera, Elamako errekaren paraleloan abiatzen den bidea hartuko dugu, eta, hamar minuturen buruan, Elamako baserri multzoaren aztarnen ondoan izango gara. Beheraxeago, mineralak kiskaltzeko labe baten hondarrak eta errekaren beste aldean, egurrezko zubiaren gainetik pasa eta burdinola hidrauliko zaharraren aztarnak aurkituko ditugu.

Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu Beltzuntze mendiaren hegoaldeko magaletik igotzen den bidexka batekin topo egin arte. Zenbait tartetan, orbelpean ezkutatzen da xenda, eta erne ibili beharra dago igoerako bide egokia ez galtzeko. Sigi-sagan errekatik urrundu eta basoan murgilduko gara. Bat-batean, bideak nabarmen egiten du ezkerrera, eta, gora heltzean, gure mendean ikusiko dugu Elamako harana. Gorantz joko dugu Goiko Akuko Bidearekin bat egin arte. Pista zabaletik jaitsiko gara, bihurgune handi batean (180 gradu) pista utzi eta Otarango pagadian murgildu arte. Hasieran, bidea ez da oso nabarmena, baina, metro batzuk aurrera egin, eta berehala aurkituko dugu. Otarango gaina inguratu, Etzalekukoa ezkerrera utzi, eta haren mazela zeharkatzen duen xendari helduko diogu. Hortik, berehala jaitsiko gara herrira.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather