Ibilbideak

Ezkurra, Irakurri, Olegiko gaina, Ezkain lepoa, Arriurdiñeta, Iruñarri

  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ezkurra, Irakurri, Olegiko gaina, Ezkain lepoa, Arriurdiñeta, Iruñarri
  • Distantzia: 10,8 km. 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Zutarrien kasuetan aipatu ohi den bezala, harkaitza bere jaurtiketa ibilbidean motz gelditu omen zen, eta Euskal Pirinioetako txoko honetan erori.
  • Abiapuntua: Ezkurra

Mendi ibilaldia

Arriurdiñeta

Zutarrien kasuetan aipatu ohi den bezala, harkaitza bere jaurtiketa ibilbidean motz gelditu omen zen, eta Euskal Pirinioetako txoko honetan erori.
Arriurdiñeta zutarri bikaina. Hainbat elezehar daude haren jatorriaren inguruan.
Arriurdiñeta zutarri bikaina. Hainbat elezehar daude haren jatorriaren inguruan. MIKEL ARRIZABALAGA

2017-04-11 / Mikel Arrizabalaga

Irakurriko mendigunean, Ezkain lepoak bi mendi ezagun lotzen ditu: Irakurri eta Arriurdiñeta. Inguru hauek garai bateko transhumantziaren lekuko izan dira mendeen joanean, eta, hortik ibiliz gero, hainbat monumentu megalitiko ikusi ahal izango ditugu. Leku askotatik irits gaitezke hara, baina, artikulu honetan, Ezkurra herritik igo eta ibilbide zirkular bat egitea proposatzen da. Ibilbide osoa, zuhaitzen enbor, adar edota harrietan kolore gorria duten markekin (marra, biribil, gezi?) balizatuta dago.

Ezkurra haranean dagoen izen bereko herrian emango diogu hasiera gaurko ibilbide zirkular honi. Herriko pilotalekutik abiatu, errepidea zeharkatu, eta gorago dagoen latsarri zaharraren ondotik igotzen hasiko gara. Lehen seinaleak ikusi, eta maldan gora jarriko gara berehala. Baztango bordaren ondotik pasatu, eta sigi-saga luzeak egiten dituen bide erosoan zehar erraz iritsiko gara pagadi baten ondora. Ezkain lepora zuzentzen den pista hor utziko dugu, eta cairn batek (eta kolore gorriko seinaleek) pagadian murgiltzera gonbidatuko gaitu. Berehala, Maloko Harria trikuharria ikusiko dugu, eta, orbela zapalduz, basoaren gainaldera igotzen jarraituko dugu. Pagaditik ateratzean, Irakurriko tontorra gero eta gertuago ikusiko dugu. Garo artean marrazten den bidezidorrean zehar, Olegiko lepora doan pista zeharkatu, eta tontorrera igotzeko azken maldari ekingo diogu. Erpin geodesikoa, kohete itxurako buzoia eta pilotari baten irudia duen beste bat. Ikuspegia oso zabala da, eta, gertuko mendiak ez ezik, urrutikoak ere ederki begiztatuko ditugu.

Elezaharretako protagonista

Igotako bidetik atzera egin, eta Olegiko lepora jaitsiko gara, eta, han, Ezkaingo lepoa izena duen harrespilaren edo mairu baratzearen ondotik pasatu eta gero, Olegiko gainerantz joko dugu. Beherago ikusi dugun Ezkaingo lepo zabalerantz abiatuko gara segidan, eta Olegiko mairu baratzearen hondakinak ikusiko ditugu. Aurrez aurre izango dugun Arriurdiñetako tontor aldera joko dugu, eta, azken malda bide erosotik gainditu ostean, beste aldetik, antena erraldoiaren mantentze lanak egiteko egin zuten errepidera jaitsiko gara. Handik, ehunen bat metro bete, eta berehala ikusiko dugu Arriurdiñeta zutarri bikaina. Gaur egun zutarri horrek duen ospea dela eta, mendi osoak Arriurdiñeta izena du. Elezaharren arabera, Sansonek harritzar hau Donostiako Igeldo menditik edo Beruete udalerriko Otsolako larretik hona jaurti omen zuen. Aldiz, beste batzuen esanetan, Errolan edota jentilak izan omen ziren. Beste harritzar edo zutarrien kasuetan aipatu ohi den bezala, harkaitza bere jaurtiketa ibilbidean motz gelditu omen zen, eta Euskal Pirinioetako txoko honetan erori.

Kondaira zaharren lekukoa atzean utzi, eta marka gorriek erakutsiko diguten norabidean jaisten hasiko gara pagadian zehar sartzen den pistatik. Bat-batean, seinale gorriek eskuin aldera jo, eta bide jakinik gabe pagadia zeharkatuko dugu. Sargenelleko borda behean ikusiko dugu, baina gu bertaraino jaitsi gabe, bide balizatuak errekaren ondora gerturatuko gaitu. Hori, zeharkatu eta bide nabarmenak Ezkurra herriraino eramango gaitu galtzeko batere arazorik gabe.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather