Ibilbideak

Davalillo, Briones

  • Herrialdea: Espainia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Davalillo, Briones
  • Distantzia: 14,5 km. 3 ordu et 30 mn.
  • Ingurunea: Errioxako iraganaz gozatzeko xedez, Davalillora hurbilduko gara, gaztelu zahar baten hondarrak kulunkatzen baitira eder-eder han, Ebro ibaiaren altzoan.
  • Abiapuntua: Briones

Davalilloko gaztelua

Errioxako iraganaz gozatzeko xedez, Davalillora hurbilduko gara, gaztelu zahar baten hondarrak kulunkatzen baitira eder-eder han, Ebro ibaiaren altzoan.
Gaztelu ederra topatuko dugu Davalilloko tontorrean.
Gaztelu ederra topatuko dugu Davalilloko tontorrean. JOSEAN GIL-GARCIA

2017-05-23 / Josean Gil-Garcia

Errioxako bazterrak zeharkatzen dituen N-232 errepidetik soseguz gidatuz gero, erraz da nabarmentzen silueta ttipi bat San Asensio eta Briones hiribilduen artean. Deigarria, zinez. Davalillo gaztelu sonatuaren hondar historikoak dira. Itsasontzi baten tankera hartuko du urrutitik begiratuta, nahiz eta itsas mareekin zerikusirik ez duen eraikin horrek. Ordea, muino panoramiko oso bat okupatzen du behiala eraikitako gotorlekuak, itsasargi baten moldean altxatzen delarik Ebro ibaitik distantzia eskasera. Brionesko gotorlekuarekin batera herrialdearen defentsarako eraikia eta gotortua izan zen Davalilloko inguraldea, historialariek zehazten dutenez. Oso litekeena da gaur egun ikusten dugun gaztelua XII. mendearen bukaeran edo XIII.aren hasieran eraikia izatea, noiz eta Nafarroaren eta Gaztelaren arteko mugak trinko-trinko defendatu behar zireneko garai batean. Muinoaren hegoaldean, Aritzetako (La Estrella) Amaren santutegira begira, Davalilloko baseliza ikusiko dugu, akaso aspaldi existitu zen izen bereko herrixkaren eliza izan zena.

Gazteluaren estiloari erreparatuta, arkitektura ederra erakusten duela bistan da. Haren edertasuna mireste aldera, Briones herrian (Errioxa, Espainia) jarriko gara abian. Itzulera, ordea, Aritzetako monasterioaren ondotik egingo dugu, eta zirkuitu polit bat osatu.

Brionestik Davalillora

Davalilloko gaztelura eramango gaituen ibilaldia Briones hiribilduaren ekialdeko magalean hasiko dugu. Vivanco museoaren aurretik igaro eta San Vicentera doan errepideari jarraituta, tren geltokiaren eta igerilekuen artean utziko dugu autoa, aparkaleku zabal batean. Trenbidearen paraleloan hasiko gara, ekialderantz, sosegu handiz. Upeltegiko kapera ondora iritsita, ezkerreko bidetik jarraituko dugu, Ebro ibaiak moldaturiko ibar emankorra ezkerraldean lagatzen dugula. Ibaiaz beste aldean, ordea, San Vicenteko gotorlekua eta defentsa tinkoa bistaratuko ditugu. Haren atzean, nola ez, Toloño mendigune ezaguna.

Porlanez jantziko da bidea une batez, eta, jaitsiera xume baten ostean, burdinbidea igarotzeko gonbita egingo zaigu. Burdinaren gainetik tentu handiz zeharkatuta, eskuinera egin eta nekazari bide nagusiari jarraituko diogu. Valpierre errekastoa laster ikusiko dugu. Zubi txiki batek aukera emango digu bere gainetik igarotzeko. Bitartean, arreta guztia hartuko duen silueta baterantz joango zaigu gure soa: aurrez aurre piramide itxurako muino deigarri bat ikusiko dugu, eta, gainaldean, Davalilloko aztarna historikoak. Hasieran, mahatsondoetatik gertu ibiliko gara; gero, bide behinenak ezkerrera egiten duenean, Errioxako landare preziatuen ondotik ibiltzeari utzi eta eskuinetik doan bidexkari ekingo diogu. Ezponda moduko parajea korritzen hasita trenbidearen ondo-ondoan jarriko gaitu bidexka bihurriak.

Meatzarien bidetik jarraituko dugu gero, burdinbidea eskuinaldean dugula. San Juan zubira iristean, aukera dugu San Juan etxea eta behialako eliza ikusteko. Ebro ibaiak egiten duen meandroaren altzoan ikusiko ditugu eraikinok. Bertaratzeko tentatuta, ezkerraldera egingo dugu zubian, eta han, ibaiaren magalean, etxe armarridun bat ikusiko dugu, baita eliza zaharraren hondakinak ere.

Davalilloko gaztelura zuzen egin nahi izanez gero, aurrera egin beharko dugu San Juan zubian. Davalillo herri hustuaren kalean gora egingo dugu tontorrean gailentzen den itsasargira igotzeko. Hegoaldeko atea igarota, arma patioa, harresia eta lau solairu izan zituen dorre galanta ikusiko ditugu, besteak beste.

Aritzetako ermita zaharra

Davalilloko gaztelutik jaitsi eta ermitara heldutakoan, ezkerrera jo eta mahastiak inguratuta, Ebro ibaira jaitsiko gara. Bide zabalak meandro ondotik gidatuko gaitu, gorabeherarik gabe. Etxola batera heltzean, ordea, goratasuna hartzen lagunduko digu bideak. Trenbidera heldu gabe, ezkerrera hartuko dugu bidebanatzean eta burdina zeharkatuta, zuzen egingo dugu. Errepide nagusira helduko gara bizkor-bizkor. Errepidea gurutzatu eta San Chicon upeltegiaren paretik igarota, Aritzetako monasteriora helduko gara.

Santutegiko ate nagusiaren aurrean gaudela, eskuinetik doan bidea hartu, eta harresiari itsatsita doan bideari jarraituko diogu. Hormatik aldendu gabe, hegoaldera egiten hasiko gara. Harresiak berriro ezkerrera egitean, hormatzarra utzi eta eskuinera egiten duen bideari ekingo diogu, San Asensiotik Brionesera doan bideari oratzeko. Mahastien artean hainbat metro egin ostean, ezkerrera joko dugu bidegurutzean. Aurrerago, intxaurrondo batzuk hazten diren parajean, eskuinera egiten duen bideari jaramon egingo diogu. Etxola baten ezkerraldetik doan bideari segituko diogu ondoren. Hala bada, paseo galanta eman ostean, gasbidetik igaro eta berehala, Valpierre errekastoaren gainean igaroko gara berriz ere. Errepide nagusira iristean, asfaltoaren ondoan metro batzuk egin eta gasolindegira heldu aurretik, eskuinetik doan bidea hartuko dugu. Brionesko igerilekuetako aparkalekura ziztuan iritsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather