Ibilbideak

Izpegi, Aintziaga, Buztanzelhai, Astate

  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Izpegi, Aintziaga, Buztanzelhai, Astate
  • Distantzia: 8,6 km. 2 ordu eta 20 mn.
  • Ingurunea: Iparla mendiguneko gailurra bat dator Baztango eta Baigorriko lur eremuen arteko banalerroarekin. Izpegitik jo, eta, itzelezko ibilbide panoramiko bat eginez, gailurreko hegoaldeko bi gainetara iritsiko gara.
  • Abiapuntua: Izpegi mendatea (Erratzu)

Mendi ibilaldia 

Buztanzelhai eta Astate, Izpegiko mendatetik

Iparla mendiguneko gailurra bat dator Baztango eta Baigorriko lur eremuen arteko banalerroarekin. Izpegitik jo, eta, itzelezko ibilbide panoramiko bat eginez, gailurreko hegoaldeko bi gainetara iritsiko gara.
Aintziagako terraza berdea, Buztanzelhaitik ikusia.
Aintziagako terraza berdea, Buztanzelhaitik ikusia. GORKA LOPEZ

2017-05-30 / Gorka Lopez

Izpegiko mendatetik ekingo diogu ibilbideari, horixe izaki Baztanen eta Baigorriren arteko komunikazio gune giltzarria. Bentako aparkalekua atzean utzi, eta errepidea gurutzatuko dugu. Izeidi txiki baten eskuinean, belarrezko bidexka bat ikusiko dugu, gorantz egiten duena, eta handik joko dugu; bidezidor hori zerrenda gorri eta zuriz balizatua dago, eta hortik segika bat egingo dugu GR-10 ibilbidearekin.

Hala eta guztiz ere, ibilbidearen lehen zati honetan, ez gara igoko inondik inora ere erlaitz zorrotzaren gainera, ezpada bidetik aterata ikusmin sano batek hartaraturik. Gero, Baztan alderantz hedatzen den magalean gora ibiliko gara, eta Aintziagako lepora jaitsiko apur bat; eta mazelaz aldatuko gara, GR-10ari lotuko gaituen bidezidorrari jarraituz, baina oraingoan eskuineko aldetik.

Hurrengo, mazelaz aldatuko da berriro ere bidezidorra, eta pagadi baten bazterretik segituko du, baina guk, hura utzi, eta eskuinetik joko dugu gorantz, gailurreriaren gaineko zatiraino, zeinak Aintziagako terrazara bideratuko baikaitu berehala ezkerretik. Tontor txiki horretatik, egundoko panorama izango dugu aurrez aurre, are ikusgarriagoa zenbat eta goragotik begiratu; hala, gorantz egingo dugu, Buztanzelhai tontorrerantz, huraxe ageri baitzaigu buru gainetik.

Buztanzelhai eta Astate lotuz

Horretarako, ezkerretik joko dugu, eta Buztanzelhaiko lepora jaitsiko gara; zutoin bat aurkituko dugu, seinale bat ageri duena, eta GR-10arekin bat egingo dugu, eta Iparlako Kaskorantz joko; haren ezkerreko hegaletik igoko gara, eta, lehenengo gain harkaiztsura iritsitakoan, eskuinetik joko dugu, eta ebakiduratik igoko gara Aintziagarantz, eta, handik, Buztanzelhaiko gailurrera egin ahal izango dugu.

Baigorri alderantz ikusmira bikaina agertuko zaigu, eta, zerumugaren barrenean, Iratiko mendi bikainak begiztatuko ditugu; erlaitzetik ibiliko gara, ekialdeko ebakiduratik, zeina Baztan alderantz hedatzen den belardi leunaz bestelakoa baita. Ibilaldi laburra izango da, eta, iratze sail bat zeharkatu eta gero, Astateko lepora iritsiko gara; handik, zuzenean igoko gara erlaitzetik Astateko tontorreraino.

Hara iritsitakoan, iparralderantz ibiltzen segitzeko modua dugu, eta, hala, Iparlako gailur nagusira iritsiko gara ordubete eskasean; Tutuliatik pasatuz gero, berriz, dobleko ahalegina eta denbora eskatuko digu. Gero, zuzenean itzuliz gero, Astateko lepoan ez dugu berriro Astateko gainera joko, baizik eta hegalez hegal inguratuko dugu; eta Aintziagan ere beste horrenbeste egingo dugu: Izpegiko mendatea eta GR-10 ibilbidea lotzen dituen bidezidorretik joko dug, Buztanzelhaiko eta Aintziagako lepoak zuzen lerrokatzen baititu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather