Ibilbideak

Erlaitz, Pagogaina, Sorotxiki, Meazuri, Aitzondo, Aiako Harria

  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Erlaitz, Pagogaina, Sorotxiki, Meazuri, Aitzondo, Aiako Harria
  • Distantzia: 11 km. 3 rdu eta erdi.
  • Ingurunea: Mendeetan gizakiak utzitako aztarnek eta naturak zizelkatutako ondareak estuki besarkatzen dute elkar inguru hauetan.
  • Abiapuntua: Erlaitz (Irun)

Mendia. Ibilbidea

Meazuriko itzulia

Mendeetan gizakiak utzitako aztarnek eta naturak zizelkatutako ondareak estuki besarkatzen dute elkar inguru hauetan.
Meazuri, Meagorri, Aitzondo eta Basakaizko inguruetan ateratzen zen burdina.
Meazuri, Meagorri, Aitzondo eta Basakaizko inguruetan ateratzen zen burdina. MIKEL ARRIZABALAGA

2012-11-23 / Mikel Arrizabalaga

Aiako Harriaren inguruan ugari dira gizakiak historian utzitako aztarnak, eta ibilaldi honetan horietako batzuk bisitatuko ditugu. Alde batetik, Erlaitz eta Pagogainako eraikinen hondarretan bilatuko ditugu beren historiaren atalik garrantzitsuenak, eta, bestetik, Meazuriko meatzetan gizakiak utzitako arrastoak irakurri ahal izango ditugu. Bide batez, Aiztondoko ur-jauzi ederraren ikuspegi bikaina izango dugu, zeina natura-ondarea den.

Pagogaina

Erlaizko informazio gunetik abiatu gara aurrez aurre dugun maldari helduz. Belarrezko bide zabaletik berehala igo gara Pagogainako gotorlekuaren hondakinak dauden mendiaren muinora. Erlaizko eta Endarlatsako dorreekin batera eraiki zuten, hirugarren karlistaldia amaitu eta muga beste matxinadetatik babesteko. 36ko gerran kalte handiak izan eta gero, abandonatu egin zuten, baina, ondoren, II. Mundu Gerran, inguru hauek lagun askoren igarobide bihurtu ziren. Comete sareko kideek lurrera botatako hegazkinetako pilotu aliatuei laguntzen zieten muga pasatzen. Haiei esker, ehunka iheslari salbatzea lortu zuten.

Atzean laga ditugu geratzen diren aurriak, eta ondo markatutako bidetik (PR-Gi 1012) margo zuri eta horiek erakutsi digute jarraitu beharreko bidea. Ibilbide osoa primeran balizaturik dago, eta ez dago galtzeko arriskurik. Endarlatsara doan bidea ezkerrera utzi (GR-T2), eta geureari heldu diogu. Hasieran, baserri pare baten ondotik pasa, eta baso desberdinetan (pinudi, pagadi, harizti…) murgiltzen den bide zabalean zehar bete ditugu hurrengo bizpahiru kilometroak, aurrez aurre dugun Aiako Harriko ikuspegi ezezagunenari so. Maldan gora erraz iritsi gara Soro Txikiko lepora. GR-121 eta GR-11 albo batera utzi, eta errepidea gurutzatu dugu.

Meazuri

Bide zabala pinudian sartu, eta azkar galdu dugu altuera. Aitzondo errekastoaren ondora heltzean, xenda batek Meazuriko meategi eta eraikinen aurrien ondora eraman gaitu. Erromatarrak izan ziren lehenak Aiako Harriko erraietan sartu eta bertako aberastasunak ateratzen; hala ere, XX. mendearen hasierako urteetan izan zen meatze-jarduerarik garrantzitsuena Irun inguruko mendietan. Meazuri, Meagorri, Aitzondo eta Basakaizko inguruetan ateratzen zen burdin-karbonatoa Irugurutzetako labeetan kiskaltzen zuten, Aitzondoko mehargunean. Labeetaraino bagonetaz edota kableen bidez garraiatzen zuten minerala.

Bagoneta horiek egiten zuten bidean barna eman ditugu hurrengo pausoak. Berehala heldu gara Aitzondoko ur-jauziaren gainaldera. Aurrera segi eta lauzpabost tunel igaro ondoren, ur-jauzia bere osotasunean ikusi ahal izan dugu. Laurogei metroko salto ederra! Ikuspegi bikain horretaz gozatu, eta gure ibilbidearekin jarraitu dugu. Bidegurutzean, Irugurutzetako labeetara jaisten den bidea ezkerrera utzi, eta maldan gora abiatu gara.

Erlaitz

Basoaren itzalean erraz bete ditugu hurrengo bi kilometroak, eta, errepidera atera aurretik, Erlaitzera igotzen den xendatik gotorlekuaren hondakinen ondora igo gara. XIX. mendean frantziar inbasioei aurre egiteko zortzi gotorlekuz osatutako proiektu bat abian jarri zuten, baina, azkenean, hiru besterik ez zen eraiki: San Markos, Txoritokieta eta Guadalupe. 1891n hasi zituzten Erlaizko gotorlekua eraikitzeko lanak baina hurrengo urtean eten egin zituzten. Gerora, eta muga zaintzeko asmoz, diktadura frankistak bunker batzuk eraiki zituen. Langileen barrakoiak izandakoei bizkarra eman, eta Erlaizko tontorrera doan xenda bilatu dugu. Gutunontziaren ondoan eseri, eta aurrez aurre dugun Txingudiko badiaren ikuspegi ederraz gozatu dugu.

Abiapuntura iristeko, maldan behera garo artean jaitsi gara, eta, aparkalekura heldu aurretik, mugarri baten ondotik pasa gara; Soroetako muga edo Iheslarien Harria izenez da ezaguna. Nonbait, XVIII. mendean muga zaintzen zuten soldaduei desertatzeak zekarren arriskuaz ohartarazteko egina. Serapio Mugikaren ustez, harri hori XVIII. mendekoa da, eta itxuraz ihesaldiak edo desertzioak ekiditeko jarri zen. Bertan, hauxe jartzen du: «Hemendik ihes egitea bizitzarekin ordainduko da».

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa