Ibilbideak

Beintza-Labaien, Orraita lepoa, Munazorrotz, Mugako soro, Soratxipi, Ello lepoa

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Beintza-Labaien, Orraita lepoa, Munazorrotz, Mugako soro, Soratxipi, Ello lepoa
  • Distantzia: 10 km. 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: XX. mendearen erdialdean kontrabandorako igarobide garrantzitsuak izan ziren hainbat mendi bidexkatan ibiliko gara.
  • Abiapuntua: Beintza-Labaien

Soratxipiko gandorrean

XX. mendearen erdialdean kontrabandorako igarobide garrantzitsuak izan ziren hainbat mendi bidexkatan ibiliko gara.
Ikusmira zabal eta ederra dago Soratxipi mendiko tontorretik.
Ikusmira zabal eta ederra dago Soratxipi mendiko tontorretik. MIKEL ARRIZABALAGA

2017-09-19 / Mikel Arrizabalaga

Bortziriak, Ultzama, Basaburua, Baztan eta Leitza aldeko eskualdeekin muga egiten du Malerrekako Beintza-Labaien herriak, eta horixe aukeratu dugu gaurko ibilaldi zirkular hau egiteko. Beti kolore orlegiz jantzita dagoen haran txiki honetan dauden bi herriguneek 1192 urtean dute aipamen idatzirik zaharrena, Beyca edo Beytça eta Lauayeno. Urte horretan jaso zituen foruak ere, Nafarroako errege Antso VI.a Jakitunaren eskutik. Beintza-Labaienek baso ugari dauzka, hosto erorkor eta landare higrofiloez beterikoak. Zuhaitz ugarienen artean, pagoak, haritzak eta gaztainondoak nabarmentzen dira.

San Pedro eliza dago Beintzan, eta hor emango diogu hasiera ibilaldiari, Leurtzako urtegira zuzentzen den PR-NA 102ari dagozkion bide seinale zuri eta horiek erakutsiko diguten norabidean. PRaren markekin batera, Bidasoko Kontrabandisten bidearen balizaje zuri-gorria ere lagun izango dugu. Bide hau zirkularra da, eta kirol, natur eta kultur arloan diseinatutako produktu turistiko bat da. Ibilbidea XX. mendearen erdialdean kontrabandorako igarobide garrantzitsuak izan ziren hainbat mendi bidexkatan barna doa. Herria atzean utzi, lehen aldapara heldu, eta, sigi-saga luzeak eginez, ordubete inguru beharko dugu Orraitako lepora igotzeko. Beste garai batzuetan, malda hauek batik bat pagoz beterik zeuden, baina, gaur egun, biluzik daude. Behean, Leurtzako urtegia ikusiko dugu, eta hara zuzentzen den xenda utzi, Monaxketa tontorrari bizkarra eman, eta Munazorrotzera igotzeko aldapa pikoari aurre egingo diogu.

Xenda nabarmenik gabe, tontorrera iritsiko gara, eta, handik ikuspegi zabal eta ederraz gozatu eta gero, Soratxipiraino zabaltzen den mendi bizkarrean zehar abiatuko gara. Metro batzuk galdu, eta belarretatik erraz iritsiko gara Mugako Soroko muinora eta gertu ikusi dugun Soratxipiko tontorrerantz joko dugu segidan. Erpin geodesikoa eta buzoi zaharraren ondoan argazki batzuk atera, eta, hamaiketakoa egiteko aukeraz baliatuz, gertuko eta urrutiko mendiak identifikatzen ahaleginduko gara.

Mendi bizkarrean zehar jarraitu, eta, segidan, hego-mendebalderantz, Elloko leporaino jaitsiko gara maldan behera garo artean zabaltzen den bide zabaletik. Eragorriko tontorrera igo gabe, lepotik beherantz egingo dugu, pagadian zabaltzen den pista zabala bilatuz. Borda pare baten ondotik pasatu, eta, PR-NA 101aren bide seinaleak segituz, azkar jaitsiko gara Bezkingo errekaren ondora. Gaztainondo zaharren artean hedatzen den pista zabaletik erraz egingo dugu aurrera, eta, konturatu orduko, Labaiengo lehen etxeen ondora helduko gara. Kalean zehar, bi auzoetan banatuta dagoen herri polit honen bigarren auzoaren bila joango gara. Errepidera atera, eta gertu ikusiko dugun goiko auzora igoko gara, abiapuntura, hain zuzen. Eguna amaitzeko, San Pedro eliza gotiko-errenazentista, errota parean dagoen XVI. mendeko gurutzea eta, oro har, bi herriguneetan dagoen arkitektura zibil ederra bisitatu ditzakegu. Azken horien artean, aipatzekoa da Labaiengo herrigunean dagoen Arretxea dorretxea.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather