Ibilbideak

Lizarragako mendatea, Portupekoleze, Ollide, San Adrian, Lezaundi

  • Herrialdea: NAFARROA
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Lizarragako mendatea, Portupekoleze, Ollide, San Adrian, Lezaundi
  • Distantzia: 12,4 km. 3 ordu eta 20 mn.
  • Ingurunea: Urbasako parajeetan, naturak zizelkatu dituen leku berezi eta erakargarri askoz goza daiteke.
  • Abiapuntua: Lizarragako mendatea

Portupekoleze eta Lezaundi

Urbasako parajeetan, naturak zizelkatu dituen leku berezi eta erakargarri askoz goza daiteke.
Portupekolezeko arku ikusgarria.
Portupekolezeko arku ikusgarria. MIKEL ARRIZABALAGA

2017-10-24 / Mikel Arrizabalaga

Lizarragako mendatean aparkatu eta mendebalderantz, Urbasa aldera zuzentzen den pista zabaletik aurrera egingo dugu. Elorri zuriak gertu. Laster, pista utzi, eta, eskuinaldetik, xendarik gabe, mendi gandor aldera igotzen hasiko gara diagonalean. Gora heltzean, marrazten den xendatik gandorrean zehar aurrera egingo dugu. Parez pare Beriain eta San Donato ermita, eta behean, berriz, Unanu herria eta Lizarragako harana.

Gandorretik aurrera eginez, Portupekolezeko parajera helduko gara. Arku arrokatsu batek dolina bat zeharkatzen du alde batetik bestera. Haren gainetik pasa gaitezke, edo ezkerretik inguratu. Mendebaldetik ere inguratu daiteke, eta horrela dolinaren hondoraino jaitsi, arkuaren azpitik pasatuz. Ingurune magikoa da.

Jaitsitako lekutik bidera itzuliko gara, eta berriro mendebalderantz joko dugu. Gandorretik gertu marrazten diren xendetatik aurrera segituko dugu, Lizarraga aldera dagoen ikuspegiaz gozatuz. Harri suelto asko dagoen ingurunera iritsi, eta zertxobait igoko dugu, gandorraren ertzeraino. Ollideko tontorrera iristean, Sakanako panoramika zabala izanko dugu begien aurrean. Ollide atzean utzi, eta, aurrerago segituz, jaisten hasiko gara, Lizarragako mendatetik datorren pista zabalera jaitsiz. Gertu dagoen San Adrian ermitarantz zuzenduko ditugu urratsak. Pista berriro utzi, eta, eskuinaldetik ateratzen den bidezidor batetik, ermitaren ondoraino igoko gara. San Adriango ermita airetiko ebaki batean kokaturik dago, Lizarraga herriaren gainaldean. Parez pare, Beriain eta Aralar. Gertu, postontziak. Leku aproposa hamaiketakoa egin eta naturaren opariez gozatzeko.

Hemendik aurrera, Lezaundira joan nahi badugu, ezinbestekoa ez, baina egokiagoa da GPSa erabiltzea: baso artean xenda jakinik gabe ibili beharko dugu, eta erraza da galtzea. Beraz, erne! Norbaitek bidearen bigarren zati hau egin nahi izanez gero, hobe du GPSan traka jaistea eta bertako datuez baliatzea. Ez baduzue hori egin nahi, etorritako bidetik atzera egin, eta, pista zabalera heltzean, banatu egiten da; bada, erromatar galtzada eskuinera utzi, eta Lizarraga aldera zuzentzen dena hartu.

Brontze eta Burdin Aroak

Lezaundi ezagutu nahi badugu, San Adrian ermitatik Baiza aldera jaitsiko gara basoan zehar, eta, pistara iristean, bertatik aurrera egingo dugu. Laster, pista utzi, eta ezkerrean ikusiko dugun zabaldian zehar abiatuko gara, 4x4 ibilgailuek utzitako arrastoei segituz. Basoa gertu, bertan murgildu, eta harri piloek erakutsiko digute jarraitu beharreko ibilbidea. Pago artean borda zuri bat ikusiko dugu, eta, haren ondoan, Lezaundi. Urbasako leizerik handiena da, eta, itxura denez, dolina bat erortzean sortutakoa da. Erlaitza 70 bat metro luze da, eta ia beste 30 metro garai. Hondoan kobazuloa dago. Joxemiel Barandiaranen arabera, Brontze Aroari edo Burdin Aroari zegozkion zeramika zati batzuk aurkitu zituzten han. Gerora, kobazulotik gertu, erromatarren garaiko hondarrak ere aurkitu zituzten. Ingurune berezia bezain ederra.

Itzulera zirkuluan egingo dugu, eta, basoan zehar bide nabarmenik gabe ibiliz, pistara aterako gara. Bertatik, erromatar galtzadaren bidegurutzera iritsiko gara, eta pista zabaletik Lizarragako mendatera itzuliko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather