Ibilbideak

Kortezubi, Basondo, Lezika baserria, Baso Margotua, Omako ibarra, Goikolea errota, Oma, Bolunzuloko errotak eta ur-jauzia

  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Kortezubi, Basondo, Lezika baserria, Baso Margotua, Omako ibarra, Goikolea errota, Oma, Bolunzuloko errotak eta ur-jauzia
  • Distantzia: 7 km. ordu 1 eta 50 mn.
  • Ingurunea: Euri urek eta artadi atlantikoei gortea egiten dieten ur-lasterrek paisaia ikaragarria harilkatu dute urteen poderioz Urdaibaiko erreserbaren azpialdean.
  • Abiapuntua: Lezika baserria (Basondo, Kortezubi)

Ur lasterra, ur ederra (IV). Bolunzuloko ur-jauzia

Artelanez inguratuta

Euri urek eta artadi atlantikoei gortea egiten dieten ur-lasterrek paisaia ikaragarria harilkatu dute urteen poderioz Urdaibaiko erreserbaren azpialdean.
Ibarrola artistak diseinatutako Baso Margotua zeharkatuko dugu Omara jaitsi aurretik.
Ibarrola artistak diseinatutako Baso Margotua zeharkatuko dugu Omara jaitsi aurretik. JOSEAN GIL-GARCIA

2013-07-19 / Josean Gil-Garcia

Urdaibaiko Biosferako Erreserba (Bizkaia) hezegune erraldoia da. Ezaugarri ekologikoengatik toki garrantzitsu bilakatu da, eta hala iruditu zitzaion Unescori 1984an izendapen ofiziala bultzatu zuenean. Pisuzko arrazoirik ez da falta: batetik, kokapenari begiratuta, eskualdea zeharkatzen duten hegaztien migrazio ibilbidean dago; bestetik, itsasoaren hurbiltasunak giroa leundu du eta baldintza ekologikoak interes handikoak dira. Aniztasun handiko parajea da, ez dago zalantzarik, hezeguneak aparteko edertasuna ageri du eta. Neguan, esaterako, itsasadarraren bokalea Europatik datozen hegazti askok pausalekutzat hartu ohi dute. Orduan, largabistak eskuan, erreserba inguratzen duten zidorretatik barna abenturatu besterik ez da faunaren ugaritasunaz jabetzeko. Hegazti horietako askorentzat, gainera, ezinbesteko babesleku bilakatu da. Izan ere, hainbat espezieren gaineko presioa dela-eta desagertzeko zorian daude.

Urdaibaiko erreserba aurreneko aldiz bisitatzen denean, itsasgorak eta itsasbeherak marraztutako paisaiarekin miraz geratuko da bisitaria. Uraren presentziak nolabaiteko oreka edo berdintasuna dakarkio paisaiari; ura erretiratzean, ordea, han sorturiko eremu zingiratsuak eta uharte tipiak hegazti zangoluzeentzat paradisu paregabea izaten da.

Lur azpiko altxorra

Padurak eta mareak alde batera utzita, Urdaibaiko Erreserbara hurbilduko gara harkaitzaren azpian irekitako paisaia bitxia deskubritzeko asmoz. Santimamiñeko kobazulo ingurukoa, esaterako. Izan ere, Bizkaiko arkeologi aztarnategi garrantzitsua da eta erreserbaren barruan dago. Haitzuloa ibilbidearen abiapuntutzat hartuko dugu, eta, barrualdeko altxorra ikusteko gogoa izanez gero, aintzat hartu behar da bisitaldia 20 laguneko taldetan egiten dela, betiere hitzordua aldez aurretik eskatuta. Barrunbean 14.000 urte baino lehenagoko aztarnak daude. Paleolito garaiko labar-arte multzorik onenari eusten diote hormek. Natur ondare izugarria, beraz. Aranzadik, Egurenek eta Barandiaranek ikertu zuten 1918tik 1925era bitartean, eta Euskal Herrian ikertuetan lehen-lehena izan zen.

Aztarnategiaren ondoko aparkalekutik abiatuta, euri urak milaka urtetan irekitako galerietatik barna bidaia liluragarria egiteko gonbita egin nahi dugu. Lasai egon daiteke bisitaria, kezkatzeko motiborik ez dago eta. Esplorazio txangoa lurrazaletik gauzatuko dugu. Horretarako, lehenik eta behin Omako sakonune karstikora hurbilduko gara. Gero, Agustin Ibarrola euskal artistak konposaturiko artelanaren aurretik igaro eta bisitaldia amaituta, Oma ibar isila korritzen duen ur emariari jarraituko diogu. Hala, samur-samur, Bolunzuloko hustubidera iritsi arte. Hango eiheretatik igarotako ur bizia lurrak irentsiko du bat-batean. Eta misterio baten moldean, urteen poderioz disolbatutako harkaitza bustitzen jarraituko dute urek. Jauzika eta boteka! Beheko errotaren ondoan kokatuz gero, erraza egingo zaigu barrunberako bidaiaren gorabeherak seguru irudikatzea.

Basondotik Bolunzulora

Kortezubi (Bizkaia) inguruan Santimamiñera bidea hartu eta Terlegiz auzoa atzean utzita, Basondoko auzora igoko gara. Lezika jatetxearen aurreko aparkalekuan utziko dugu autoa. Omako auzora doan errepidea bazter utzita (handik itzuliko gara), Baso Margotua adierazten duen bide seinalea gidari izango dugu. Porlan bidea hartuta, goratasuna hartzen hasiko gara, pinudirantz. Aldatsa amaiturik, basoan barrena zehar-zehar jarraituko dugu. Kilometro pare bat eginak ditugula, ezkerrera hartuko dugu bidebanatzean. Hala, ezti-ezti minutu batzuk eman ostean, bide sarda batera iritsiko gara. Baso Margoturako sarbidean gaude, seinaleek adierazi legez. Basabidea bertan utzita, eskaileretatik behera egingo dugu, eukaliptoen artean. Ibarrolaren lehen artelana berehala ikusiko dugu: artistak koniferoen enborra aukeratu baitzituen bere obra mamitzeko. Kolore eta forma geometrikoen sinfonia perfektua alderik alde zeharkatuko dugu, noranzkoa aldatu gabe, eta muinoaren bizkarretik irten gabe ere. Margolanak atzean utzirik, Omako ibarrera jaisteko unea da. Pinuditik irtetean, eskuinera egin eta ibarra estaltzen duten belardien ondoan laster izango gara.

Ibarreko errepidetxoan, eskuinera egin dezakegu Olakoerrota eta Goikoelea errotak ikusteko. Arkitektura hidrauliko interesgarria ageri baitute, bisitaldia merezi du. Ondoren, ibarrean gora jarraitu beharrean, Basondoko auzora itzuliko gara. Bolunzuloko errotak ezagutzeko unea da. Zierre baserri ederraren ondotik igaro eta berehala, Bizketxe izeneko landetxera iritsiko gara. Baserri galant horren parean, harrizko zubi txiki bat ikusiko dugu, bai eta geologiari buruzko xehetasunak dakartzan argibide mahaia ere. Erreka gurutzatuko dugu han eta, ur-lasterrari jarraituta, Bolunzuloko lehen errotara iritsiko gara. Bigarrena beherago dago, aho ilunaren atarian. Badirudi aspaldiko errotak direla, biak aipatzen baitira 1775eko auzi batean. Han azpimarratzen zen haren antzinatasuna. Zerbait nabarmentzekotan, erroton altxagarririk edo aldapa artifizialik eza. Izan ere, bi-biek errekaren desnibel naturala aprobetxatu zuten behar zuten indarra lortzeko.

Bide nagusira irtengo gara berriz, eta Basondora bideari ekingo diogu. San Pedro baselizaren ondotik igaro ostean, bideak goratasuna hartzen lagunduko digu. Lepotik Basondoko sakonune karstikoa bistaratuko dugu. Bideak buruz buru zeharkatzera gonbita egingo digu. Asfaltoa utzi gabe, Lezika aurreko aparkalekuan izango gara berehala.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather