Ibilbideak

Idotorbe, Morkaiko, Kalamua, Santumotz, Hiru Iturri

  • Herrialdea: GIPUZKOA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Idotorbe, Morkaiko, Kalamua, Santumotz, Hiru Iturri
  • Distantzia: 10,2 km. 2 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Gaur egun, kalamua paraje lasaia da, mendizale askoren ihesbide eta topaleku.
  • Abiapuntua: Idotorbe (Bergara)

Mendi ibilbidea

Morkaiko eta Kalamua

Gaur egun, Kalamua paraje lasaia da, mendizale askoren ihesbide eta topaleku.
Morkaikoko tontorrean dagoen gurutzea.
Morkaikoko tontorrean dagoen gurutzea. MIKEL ARRIZABALAGA

2018-02-06 / Mikel Arrizabalaga

Historiaz betetako Kalamuako tontorra zapaldu aurretik, handik gertu Morkaikoko gurutzea bisitatuko dugu, ibilbide zirkular batean. Elgoibarko Idotorbe edo San Pedro auzoan emango diogu hasiera ibilaldiari. Auzoan 33 baserri aurkituko ditugu, eta, San Pedro baselizaren inguruan, jatetxea, bolatokia, aparkalekua, umeen aisialdirako jolastokia, mahaia eta eserlekuak eta, nola ez, inguruko mendietara igotzeko leku aproposa.

Baseliza eta aisialdirako gunea atzean laga eta aurrera egingo dugu asfaltatutako errepide estu batetik. Bideko seinale zuri, hori eta gorriek markatzen diguten norabidean, errepidea utzi eta lurrezko pista hartuko dugu. Berehala iritsiko gara Santumotzera, eta bertan ikusiko dugu Andres Egidazuk 2007an taillatutako egurrezko irudia. 36ko gerran indar faxistek Elgoibarrera sartzean desagerrarazi zuten guztia ordezkatzen du irudi horrek.

Hiru Iturri lepora igoko gara Mutriku aldera doan pistatik. Bidegurutze horretan, Aiastia bailara aldera jaisten hasiko gara, seinale zuri eta horiei segituz. Laster, bide nagusia utzi eta Morkaiko gurutzearen ondora igoko gara, sigi-saga. Pinu artean ezkutaturik dago, eta, Alfredo Etxebarriaren hitzetan, lotura du frankismoarekin. Alfontso Borboiko eta Orleanskoa Morkaikon hil zen 1936ko irailaren 27an, buruan tiro eginda. Borboitarren familiakoa zen, eta Nafarroako erreketeekin ibili zen 36ko gerran. Morkaiko mendia oso leku garrantzitsua zen bi bandoentzat, eta, bertako borroketan hil zutenez, frankistek gurutzea altxatu zuten haren omenez. Zer dela-eta dago oraindik zutik?

Historiaren pasarte hau gogora ekarrita, etorritako bidetik metro batzuk atzera egin dugu. Aurrez aurre ikusiko dugu Morkaiko mendia; hura inguratu eta berriro itzuliko gara Hiru Iturrieta lepora. Iturria bisitatu eta Kalamuara igotzeko aldapa pikoari ekingo diogu. Aldatsik gogorrena gainditu, Olaburuko zelaigunera iritsi eta, bertan bereizten den xendari jarraituz, tontorrera iristeko azken aldapari ekingo diogu. Jakina da 36ko gerran Kalamua fronteko lerroa oso garrantzitsua izan zela, eta, ingurua ondo aztertuz gero, berehala ikusiko ditugu gerra garaiko lubakiak. Haietan, errepublikazaleek gogor egin zieten aurre espainol faxistei. Lehenago, XIV. mendean, ahaide nagusien borroka bat gertatu zen inguru hauetan: oinaztarren eta ganboatarren arteko batailetako bat. Oso paraje lasaia da gaur egun, mendizale askoren ihesbide eta topaleku.

Ikuspegi eder honekin gozatu ostean, Arrate aldera doan belarrezko alfonbran behera abiatuko gara. Garagoiti mendiaren magalean dagoen bidegurutzera iristean, Arratera doan bidea utzi eta ezkerrekoa hartuko dugu. Behera egingo dugu, hasieran poliki baina gero azkar, lehen baserrien ondora iritsi arte. Bide asfaltatutik, Aubixa barnetegirako sarrera eskuinean utzi eta bat egingo dugu ibilbidearen hasieran erabili dugun bidearekin. Kilometro eta erdi bertatik egin eta San Pedroko baselizaren ondora ailegatuko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa