Ibilbideak

Muskiz, Arretea hondartza, Pobeña, Kobaron

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Muskiz, Arretea hondartza, Pobeña, Kobaron
  • Distantzia: 7 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Zierbena eta Kobaron lotzen dituen kostaldeko xenda baliatuko dugu ondare historikoaz jabetzeko.
  • Abiapuntua: Areeta hondartza (Muskiz)

Mendi ibilbidea

Itsaslur parkean barrena

Zierbena eta Kobaron lotzen dituen kostaldeko xenda baliatuko dugu ondare historikoaz jabetzeko.
Barbadun itsasadarraren bokalean hasiko dugu ibilbidea.
Barbadun itsasadarraren bokalean hasiko dugu ibilbidea. JOSEAN GIL-GARCIA

2018-03-06 / Josean Gil-Garcia

Itsaslur izeneko parkeak Areeta hondartzatik Kobaron auzorainoko tartea korritzen du. Ibilbidea kostaldearen paretik baitoa, trazadura leuneko zirkuitua aukeratu ohi dute hamaika bisitarik naturaz bapo gozatzeko. Hala, ibiltari askok eta askok hitzordua hartzen dute, eskuarki, Muskizko hondartza sonatuan behialako paisaia industrialari erreparo egiteko.

Pobeña eta Kobaron auzoen arteko tartea ederra da ibilbide patxadatsuaz gozatzeko. Huraxe baliatuko dugu, hain zuzen, bazterrotako industria iraganaz ohartarazteko. Izan ere, XIX. mende bukaeran hara-hona ibili ohi ziren tren zamatuak, baita Orconera konpainiak Campomarren eraikitako garbitegira zihoan kable aereoa ere. Instalazio horiek guztiak itxita daudenetik mende erdia igaro delarik, burdinak zein meatze lanek turismoari bidea eman diotela bistan da.

Kostaldeari men

Areeta hondartzan (Bizkaia) hasiko dugu ibilbidea, Zierbena eta Muskiz udalerriek bat egiten duten eremu hareatsuan. Oinezkoentzako gunea baliatuko dugu mendebaldera egiteko. Hortaz, hondartzaren paretik doan ibilbide egokituan aurrera egingo dugu, dunez inguraturiko eremu babestua alde bietan lagata. Itsas bazterreko ekosistema lehengoratzeko lanak zertan diren begien aurrean izango dugu: Barbadun itsasadarraren inguruan hazten diren landare exotikoei espazioa oztopatzeko lan mardula egin berri dute, eta bazterrok kontserbazio bereziko eremua (KBE) izendatua izan da berriki.

Donejakue bideari men eginez, eskuinera egingo dugu lehen bideratzean, eta Pobeña aldera joko dugu. Gure soak itsaso aldera joko duelarik ere, Luzeroko muturraren tontorrak atentzioa emango digu, gure talaiatik aspaldiko eraikinak eta pasadizoak nabarmenak direla. Barbadun itsasadarraren gainetik igaro ondoren, eskuinera okertuko dugu. Handik gertu, edukiontzi batzuen artetik, 1960ko hamarkadara arte martxan egon zen trenbidera igotzen den bide aldapatsua ikusiko dugu. Porlanezko eskailerei aurre egin ostean, trintxeratik irten eta itsas zabalera begira jarriko gaitu bide historikoak. Castilloko kargalekua ikusteko bidea laster ikusiko dugu. Ezponda horretan luiziak suertatu ohi direnez (industria ondarearen zati bat itsasoa zakar-zakar ibili zenean betiko galdu zen), Kobaron auzoa helburua duen bide egokituari men egingo diogu.

Meatzagintza, presente

Kobarongo parkea alde batera utzita, auzoko aparkaleku zabalera iritsiko gara berehala. Kostaldeko xenda lagako dugu han. Haren ordez, Amalia-Bizkaina meategiko kaltzinaziorako labeen ertzetik doan xendari lotuko gatzaizkio. Porlanezko eskailera batzuk ikusiko ditugu hasieran. Gero, eskuinera eginda, maldan gora jarraituko dugu, bidegurutze bateraino.

Itsasbazterreko xendan izaten diren luiziak saiheste aldera, Donejakue bidearen aldaera bati jarraituko diogu. Eta malda amaitutakoan, ezkerrera egin, eta hegiz hegi jarraituko dugu hainbat baserri eta eremu pribatu inguratuta. Metro batzuetan goxo-goxo ibilita, bidebanatze batera helduko gara. Eskuinetik, Pobeñara doan bidea abiatuko da. Huraxe hartuko dugu Itsaslur parkeko zirkuitua ixteko. Ibilbideari amaiera eman aurretik, ordea, aukera dugu bidebanatze horretan aurrera egin eta 1945era arte funtzionamenduan egon zen Campomarko mea garbitzeko eraikin zaharra ikusteko. Orconera konpainiak eraiki zuen, eta 3.000 tona material garbitzen zituen itsasotik igotako ura erabiliz.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather