Ibilbideak

Ganzorrotz ur putzua, Oketa, Siskinoko eskorta, Etxaguen

  • Herrialdea: ARABA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ganzorrotz ur putzua, Oketa, Siskinoko eskorta, Etxaguen
  • Distantzia: 12km. 3 ordu.
  • Ingurunea: Hezegune ugari prestatu dituzte Oketa mendiko hegoaldean, anfibioei eta narrastiei gordelekuak emateko; Gantzorrotzekoa da garrantzitsuena.
  • Abiapuntua: Etxaguen (Zigoitia)

Mendi ibilbidea

Gantzorrotz inguruko putzuak

Hezegune ugari prestatu dituzte Oketa mendiko hegoaldean, anfibioei eta narrastiei gordelekuak emateko; Gantzorrotzekoa da garrantzitsuena.
Oketara bidean ikusiko dugu Gantzorrozko hezegunea.
Oketara bidean ikusiko dugu Gantzorrozko hezegunea. JOSEAN GIL-GARCIA

2018-05-08 / Josean Gil-Garcia

Gantzorrotz izeneko ur-putzua Oketako hegoaldeko mazelan dago, amezti ttipi batek ederki gerizatua. Zigoitiko udalerrian ikusi ahal izango dugu aintzira xumea, Etxaguen herritik hurbil. Basoan gertatzen den dinamikaz gozatu ahal izateko, baina, komeni da udara iritsi aurretik bertaratzea; izan ere, eguzkiak parajeok kiskaltzen dituenean, lurrundu egiten du ur-lamina osoa. Sakonera txikiko hezegunea izanagatik ere, bereziko garrantzi ekologikoa du, anfibio eta narrastientzat ez ezik, urarekin uztartutako landarediarentzat ere.

Gantzorrotzeko ur-laminaren garrantziaz oharturik, beste sei ur-putzu txiki egokitu ziren Oketako mazelan, 2015ean. Paraje horretan hezetasuna egokiro metatzen denez, bizkor garatu dira uretako ekosistemak. Hori azaltzen dute behintzat ur-putzuen aldamenean ikusiko ditugun ohar-taulek.

Etxaguen (Zigoitia, Araba) herrian hasiko dugu ibilbidea. Elizara heldu aurretik, kalean gora hasiko gara, Lanbarri kalea eskuma aldean lagata. Laster, latsagiaren eta iturri zaharraren ondotik pasatuko gara. Horren ondoko bidebanatzean eskuinera hartu eta arditegi baten albotik igarota, Gantzorrotzeko hezeguneari buruzko lehen informazio gunera iritsiko gara. Ondoren, porlanezko bideari jarraituta, ur-biltegi batera helduko gara. Langa gurutzatu, eta, gaztainondoak lagun, iparraldera joko dugu. Gaztainondoen Ameriketako haritzen ondoren, izeiak eta ametzak izango ditugu berehala. Hariztia atzean utzirik, zuzen hartu eta, noranzkoa aldatu gabe, ler gorrien errainuan murgilduko gara.

Gantzorrotzetik Oketara

Zelai batzuk ikusiko ditugu Oribai inguruan, baita Gorbeiako natur parkeko ibilbidea seinalatzen duen zutoin xume bat ere. Mendian gora abiatu beharrean, bide nagusiari jarraituko diogu, zeinak eskuinera okertu eta zehar-zehar eramango gaituen. Errekasto bat gurutzatu eta berehala, anfibioen eta narrastien inguruko informazioa irakurtzeko parada izango dugu. Gero, aurrera jarraitu eta, basabidea bitan banatzean, Gantzorrotzeko hezegunea bisitatzeko aukera izango dugu. Nahikoa da eskuinetik ehun bat metro jarraitzea urmaelaz gozatzeko.

Bide nagusira itzuliko gara berriz, eta, Oketarako oratuta helduta, beste bi ur-putzu ikusiko ditugu bidearen bi aldeetan. Beste ur-lamina bat lepora heldutakoan. Lepoan, ezkerrera egingo dugu, parkeko zutoinei segituz. Hegoaldean ikusiko ditugu Arabako urtegi sonatuak, distiratsu, ispilu baten moldean. Beste bi ur-putzu ikusiko ditugu arin-arin. Azkenak izango dira, Oketako tontorrera heldu baino lehen. Belardian gora gabiltzala, Kantera izena duen paraje harritsurantz abiatuko gara. Beti belarrez jantziriko bizkarrari ondo helduta, Oketa seinalatzen duen mugarri handira iritsiko gara.

Gorbeiako gurutzeari begira hasiko gara jaisten, ipar-mendebalderantz. Bideak ezkerrera egingo du pitin bat, baina bizkarretik aldendu gabe. Umarango haitzera heldu aurretik, ordea, pagadira doan xenda bat ikusiko dugu eskuinaldean (mugarri txiki bat dago). Orduan, Oketako belardia utzi eta ondoko basoan sartuko gara, ipar-ekialdera eginez. Aldapan behera bizkor-bizkor, basabide batera aterako gara. Eskuinetik jarraituta, laster Siskinoko parajera doan bidearekin bat egingo dugu. Eskuinetik jarraituko dugu, gain-gainean Oketa mendia altxatzen dela. Basabidean barrena hainbat minutu eman ostean, Siskinoko kortara iritsiko gara. Eskuinera egingo dugu han, eta Siskinoko sakanean behera abiatuko gara. Une batez, GR 25 zidorraren marka zuri-gorriak ikusiko ditugu bidebanatze batean. Orduan, eskuinera hartu eta, ibili luzeko bide-seinaleak bidaide, Etxaguenerako bideari eutsiko diogu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather