Ibilbideak

Labraza, Sonbrio, Valdevaron

  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Labraza, Sonbrio, Valdevaron
  • Distantzia: 6,5 km. 2 ordu.
  • Ingurunea: Labraza hiribildua ikusgarria da. Bere harresien ezaugarriak direla eta, sari bat eskuratu zuen orain lau urte. Labrazako gotolekutik Dueñasko pinudia bisitatuko dugu.
  • Abiapuntua: Labraza

Mendia. Ibilbidea

Labrazako ondasunak

Labraza hiribildu ikusgarria da. Bere harresien ezaugarriak direla eta, sari bat eskuratu zuen orain lau urte. Labrazako gotorlekutik Dueñasko pinudia bisitatzera abiatuko gara.
Labrazaren gaineko ikuspegi ederra izango dugu Dueñasko pinudirantz abiatuta.
Labrazaren gaineko ikuspegi ederra izango dugu Dueñasko pinudirantz abiatuta. JOSEAN GIL-GARCIA

2012-03-23 / Josean Gil-Garcia

Euskal Herriko hiribildu-gotorlekurik txikiena da Labraza (Arabako Errioxa). Edozein bisitarik laster ulertuko du haren kokapen estrategikoak historian zehar bete duen funtzioa, tontortxo baten gainean baitago herria. XII. mendearen azken hamarkadan, forua eskuratu bezain laster, harresi gaindiezina eraikitzeari ekin zioten, sarbidea hegoaldean baino ez zela. Gaur egun, berriz, bisitari gehienak iparraldeko gunetik sartzen dira. Herri historikoa egituratzen duten hiru kaleei txukuntasuna darie. Arkitektura aparta erraz da ulertzen: orain lau urte, Europako beste hiribildu batzuekin lehiatu ondoren, World Walled Town saria bereganatu zuen Labrazak, eta notizia pozarren hartu zuten bizilagunek.

Urbano Requibatiz arduratzen da herri kudeaketaz, eta hiribildua bisitatzen duen orori ongietorria gustura egiten dio. «Herriko ondarea itzela da: eliza, harresiak, kaleak, plazak… Gure harresiak bizirik egoteagatik etorri zaigu saria; izan ere, hormek bi metro eta erdiko zabalera dutelarik ere, leihoak eta etxebizitzak harresiari ongi egokituta daude». Urbanok herri kudeaketaren ardura hartzeaz gainera, olerki ugari bildu ditu azken hamarkadotan, eta turistek, bera gidari dutela, beraren sormenaz gozatzeko aukera izaten dute.

Ibilian Sonbrioraino

Labrazan hasiko dugu ibilbidea. Harresi zaharrek hertsiki babesten duten gune historikora iri- tsi aurretik baskula ikusiko dugu; errepidearen bihurgunean, hain justu ere. Autoa bertan dagoen zabalgunean utziko dugu. Aparkalekutik irten eta, herrira igo gabe, Moreda aldera egingo dugu. Ezkerraldean asfaltoa agertutakoan, errepidea utzi eta maldan gora abiatuko gara. Segituan iritsiko gara lepo batera. Dueñasko pinudia bete-betean harrapatu dugu orain, eta, izpirik gabe, mira eginda geratzeko aitzakia dugu: hareharri karedunez, buztinez eta limoz osaturiko paisaia okre mailakatuan pinu xumeek (Pinus halepensis) berebiziko uharte ekologikoa margotu dute Valdevaron ibarraren parean.

Lepotik behera egingo dugu, lurrezko bideari jarraituz. Ibarrean gaudela, Valdevaron errekastoa zeharkatu eta igotzen hasiko gara. Bidetik ekingo diogu, harik eta eskuinera egiten duen arte. Orduan, bide nagusiaren ezkerraldetik gora egingo dugu. Ipuru, erromero, izpiliku, ezkai eta makina bat landare mediterranearren artean ibiliko gara aldatsari aurre egiten diogun bitartean.

Lehen aldapa amaitutakoan xendak banantzen direnez, zuzen ekingo diogu eremu soilean barna. Bigarren aldapa amaituta, basabide zabal batera irten eta leporaino segituko dugu. Alepo pinuak inguratuta gaude lepoan. Paisaiaz gozatzeko asmoz, ezkerrean irteten den bidexka bat hartuko dugu, eta Sonbrio izeneko tontortxora igoko gara. Kodes eta Toloño mendilerroen gaineko ikuspegi zabalak eskainiko dizkigu tontor zabal horrek.

Dueñasko pinudia

Ikuspegiz bapo aseta, lepora itzuli eta, lehengoko noranzkoari eutsiz, bide nagusitik ekingo diogu. Hurrengo lepoan eskuinera hartu eta harlauza handi batzuei segika, Mojon Alto tontortxotik hurbil den lepora iritsiko gara. Eskuinera joko dugu bertan, eta, asfaltoari jarraituz, Dueñasko sakanera gerturatuko gara. Gero, mendian gora egin gabe, ezkerrera jo eta hegoalderantz abiatuko gara. Pinudia inguratu dugula, hartxintxarrezko bidea banantzen delarik, eskuinera egiteko unea izango da, baita magalari gortea egitekoa ere. Labraza aldera berriro jo dugula, irudi polita utziko digu hiribildu zaharrak.

Valdevarongo ibarra zeharkatu ondoren, ibilbide hasierako leporantz joko dugu. Hara iritsi baino lehen, ordea, harrizko bide zabal bat agertuko zaigu bidean. Harbideari men eginez, bizkarreraino igo eta Labrazako ondare historikoa seinalatzen duen seinalearen ondora jaitsiko gara. Ondoren, asfaltotik, Labrazako harresietara igoko gara. Ibilbidea atsegina egitearren, belardian gora egiten duen bidexkari ekingo diogu. Kale Meharrean gora egin ostean, Pilotalekuko plaza inguratu, eta Labrazan sartuko gara, ate arkudunetik. Sorkunde kaleari jarraiki, Plaza Nagusira iritsiko gara. Hiribildutik irten aurretik Mairuaren ninfo-iturria bisitatuko dugu: harresiaz bestaldean dago eta arkitektura bitxia du.

Erruki ermitaren ondoko kalea hartu, eta autora jaitsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather