Ibilbideak

Urduña, Gualdetxu, Txarlazo, Txosnagana, Lateta, Gorobel

  • Herrialdea: BIZKAIA
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Urduña, Gualdetxu, Txarlazo, Txosnagana, Lateta, Gorobel
  • Distantzia: 11 km. 3 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Arrastariako ordoki gainean, nabarmen ageri da Txarlazoko mendi tontorra eta hango porlanezko monumentu erraldoia.
  • Abiapuntua: Urduña (Bizkaia)

Mendi ibilbidea

Arrastariako itsasargia

Arrastariako ordoki gainean, nabarmen ageri dira Txarlazoko mendi tontorra eta hango porlanezko monumentu erraldoia.
Txarlazoko monumentuaren mendeurrena 2014ko urriaren 16an ospatu zen.
Txarlazoko monumentuaren mendeurrena 2014ko urriaren 16an ospatu zen. JOSEAN GIL-GARCIA

2018-06-19 / Josean Gil-Garcia

Arrastariako ordokiaren gainean Antiguako Ama Birjinaren monumentua altxatzen da, Txarlazo mendiaren gailurrean. Behin Urduñara iritsita, begirada guztiak hiriari gortea egiten dion harkaiztegi eder aldean jarriko ditugu. Ez da harritzekoa; izan ere, ia mila metrora dagoen gandor malkartsuak ospe handia bereganatzea lortu zuen aspaldi. Denak ezagunak dira, esaterako, Gorobel mendilerroko Nerbioi ibaiko balkoia eta Iturrigorriko orratz sonatua.

Orain hamalau urte mendizale andana bildu zen Txarlazoko tontorrera monumentuaren mendeurrena ospatzeko. Eguraldiak ez zuen askorik lagundu egun hartan, eta gailurreko artelana lainoak bilduta agertu zen. Porlanez egin zuten goi-goiko eraikina, 1904an. Deigarria bezain ikusgarria: 25 metroko altuera hartzen du ikuskizunak, zeinak masustondo baten itxura duen. Holaxe dio, bederen, elezaharrak, artzain bati Ama Birjina agertu baitzitzaion mirariz, masustondo baten adarretan, Txarlazo mendiaren magalean.

Txarlazora igotzeko ohiko ibilbidea Urduñako Foruen enparantzan hasten da (Bizkaia). Bizkaiko portuetara inportatzen ziren salgaiak eta merkatuko gaiak erregistratzeko aspaldi eraiki zuten aduanako herri bulego ikusgarriaren ezker aldetik abian jarriko gara. Antiguako ibilbideari jarraitzen hasita, platano sendo batzuen gerizpean egingo dugu, tipi-tapa. Aurrena, tren geltokiraino lagunduko digu pasealeku galantak; hurrena, Antiguako Andre Mariaren santutegiraino. Tenpluaren ondotik igaro ondoren, asfaltoa utziko dugu lehen bihurgunean, eta zuzen ekingo. Porlan bideak errepidera aterako gaitu berriz ere. Orduan, asfaltoari muzin eginez, basorantz bideratuko ditugu gure pausoak. Porlana amaitutakoan, langa baten ondoan kokatuko gara. Barrera zeharkatu, eta Gartxetako ur-baltsara doan bidea lagata, zuzen egingo dugu, noranzkoa aldatu gabe. Erkametzak eta hurritzak atzean utzirik, pagadi ederrak bilduko gaitu berehalakoan. Goiko Landetako trikuharritik datorren basabidea eskuinetik batuko zaigu ziztuan.

Gualdetxu

Gualdetxu errekastotik hurbil gaudela, hari elektrikoaren burdinazko habe bat ikusiko dugu. Baita burdinaren atzean egurrezko zutoin bat ere. Goiko Landetako trikuharrira doan ibilbideari dagokio hura, eta handik abiatuko dugu Urduñarako itzulera, behin tontorrera igo ostean. Bitartean, bide nagusiari men egin, eta goratasuna hartzeari eutsiko diogu, sigi-saga basabidean barrena. Gualdetxu iturria gorago ikusiko dugu, edertasun handiko kareharrizko harbidea hasten den lekuan, hain justu. Gualdetxuko ataka edo arrakalatik igaroko gara XVII. mendeko mandazainek egin zuten moduan. Goiko zabalgunean, ezkerrera egin, eta tontorrera iritsiko gara.

Gainaldean, panoramika ezin ederragoaz gozatuko dugu: Arrastariako ordokia bete-betean harrapatuko dugu, baita Urduñako hiria haren erdialdean ere. Hegoaldera begiratzen hasita, ordea, Losa eta Gaubeako ibarrak paraje horietako jaun eta jabe izango dira.

Urduñarako itzulera egiteko, burdinazko habea dagoen tokira jaitsiko gara. Behin haren ondoan, ezkerrera hartu, eta, tinda gorriko zutoin zumeei jaramon eginez, zeharkaldi samurra egingo dugu Txosnaganako parkeraino. Galbiderik ez dago, betiere basabide nagusiari men eginez gero. Hango atsedenlekuan eskuinera egin, eta Belandiako errepidean eskuinera okertuko dugu. Asfaltoaren gainetik ehunka metro egin ostean, Lateta atsedenlekuan sosegua hartuko dugu.

Ezkerretik doan bideari ekingo diogu segidan. Lurgorritik aurrera eginez, Urduñako santutegira hurbiltzen hasiko gara. Bide nagusiak ezkerrera egitean, eskuinera egin, eta, hartxintxarrezko bidea lagun, trenbidearen gaineko zubira iritsiko gara. Igoeran egindako ibilbidearekin bat egiten da han, eta paseo lasaia burutuko dugu Urduñaraino.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather