Ibilbideak

Bardea Zuria, Rincon del Bu, Corral del Belcho, Pilatos Balkoia

  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Bardea Zuria, Rincon del Bu, Corral del Belcho, Pilatos Balkoia
  • Distantzia: 14 km. ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Sakan eta haitz ebakiz beterik dago Bardeako Rincon del Bu erreserba naturala; hontz handiari zor dio izena.
  • Abiapuntua: Corral del Belcho (Arguedas)

Mendia. Ibilbidea

Naturaren formak

Sakan eta haitz ebakiz beterik dago Bardeako Rincon del Bu erreserba naturala; hontz handiari zor dio izena.
Bardeako parajeen ikusmira.
Bardeako parajeen ikusmira. MIKEL ARRIZABALAGA

2011-02-11 / Mikel Arrizabalaga

Erribera kontrastez betetako lurraldea da. Batetik, Ebro ondoko lur emankorren barazki ederren lur sail handiak ikus daitezke, eta, bestetik, Nafarroa eta Aragoi artean zabaltzen den Bardeako basamortuan haizeak higatutako bide, zulo, aldapa eta mendi muinoek osatzen duten paisaia harrigarria bezain liluragarria. Estepa itxura duen Bardeako paisaia eder hau bitan banatu ohi da: Zuria eta Beltza. Bardea Zuria lautada idorra da, pitzatua, gatz eta buztin argien, haizearen eta uraren higiduraren ondorioz erliebe bitxia duena, kasik landaretzarik gabea. Bardea Beltzean, berriz, lurra ilunagoa da, eta pinu mediterranear baso ugari ikus daitezke. Landaretza ere ugariagoa da.

1999an Parke Natural izendapena lortu zuen, eta UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu. Parkearen %5a okupatzen duen tiro eremua da Bardean aurkituko dugun arazo ekologikorik larriena. Militarrek, 1951. urtean 25 urterako sinatu zuten hitzarmenean, 2.200 hektareako tiro eremu bat Bardea Zuriaren bihotzean ezartzea erabaki zuten. NATOko eta Espainiako hegazkin militarrek maniobrak egiten dituzten lur eremuan sartzea debekaturik dago.

Bardean hiru erreserba natural daude. Eguarasko Barrutia parkearen iparraldean kokatutako oasia da, eta bertan Peñaflor Gazteluaren aurriak ikus daitezke. Beste erreserba natural bat Rincon del Bu izeneko parajea da. Bardea Zurian kokatuta dago, 460 hektarea ditu eta bere haitz ebakietan hontz handia hazten da. Azkenik, Bardea Beltzean, Caidas de la Negra Erreserba Naturala dago: 1.926 hektarea ditu eta 270 metroko desnibelak ere.

Tiro eremutik gertu dagoen Rincon del Bu aldera jo dugu autoan. Argedasetik Bardea Zurira doan errepidean barna 8,3 kilometro bete ondoren, eta militarren tiro eremura heldu aurretik, Cabezo Mesolabarrerantz hartu, aintzira artifiziala pasa eta Belcho sakanera jaitsiko gara, izen bera duen txabolen ondora.

Belcho kortaren ondotik abiatu eta izen bera duen sakana zeharkatu ostean, aurrera egin dugu. Hegoalderantz zuzentzen den pista zabaletik Tauste eta Andiamendi lotzen dituen altxonbidearekin bat egin dugu. Hau gurutzatu, eta labore lurren artean marrazten den bidetik Pilatosen Balkoia eta inguruko mendixkek osatzen duten zirkuaren oinera iritsi gara. Zirkuaren barruraino sartu eta xenda jarraituz gora egitea samurragoa den arren, eskuin aldera jo dugu. Erromero landareak zapaltzean, sortutako usain ederrak dastatu ditugu, aurrez aurre dugun muinora igotzen hasi aurretik. Aldapa pikoan gorantz goazen heinean, xenda desagertuz doa. Muinoaren goi aldera iristean, Bardeako ikuspegi ederra zabaldu zaigu begien aurrean. Bide jakinik gabe, gertu dagoen lepora jaitsi gara zirkutik datorren bidearekin bat eginez. Aldapan marrazten den zidorretik gorantz egin dugu, Pilatosen Balkoira erraz iritsi garelarik.

Zintzurra freskatu, mokadu bat jan eta harrapariak behatzeko behatoki aparta den leku horretaz gozatu ondoren, Rincon del Bu erreserba naturalaren bila hego-ekialderantz jo dugu. Hartxingaditik behera erreserba naturala osatzen duten sakanetako baten ondora jaitsi gara. 460 hektarea dituen Rincon del Bu erreserba naturalak interes geomorfologiko handia du, bertan aurkitu baitaitezke Bardea Zuriaren erliebe higatuaren forma garrantzitsu batzuk. Horren adibidetako bat dugu Cabezo de la Cruz del Peloterorena. Altuera galdu orduko, Valfondoko sakanaren bila abiatu gara. Isiltasuna nagusi den ingurune eder honetan, bat-batean azerikume bat gerturatu zaigu, gosez.

Sakanean murgildu orduko, paretetan naturak zizelkatutako hamaika irudi, eskultura natural, leize, zulo eta bestelako formez osatutako erakustoki bereziaz liluraturik geratu gara. Amaiezin dirudien Valfondoko sakana iparralderantz jarraitu dugu, bost bat kilometrotan Belchoko sakanarekin bat egin arte. Laster heldu gara abiapuntura.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather

Publizitatea

Bidaia eta mendi kronika 2018

Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa