Ibilbideak

Baiona, Zaldain Zuria, Ansot hezegunea, Herauritze, Uztaritze, Errobi ibaia

  • Herrialdea: Lapurdi
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Baiona, Zaldain Zuria, Ansot hezegunea, Herauritze, Uztaritze, Errobi ibaia
  • Distantzia: 14 km. 3 ordu.
  • Ingurunea: Baionan hasi eta Uztaritzeraino iritsiko gara, behiala merkataritzarako ardatz zen zirga bideari jarraituta. XX. mende hasierara arte, mareen esanetara zeuden merkatariak; nabigazioarako egoerak okerrera egitean, behorrez eta idiez baliatzen ziren
  • Abiapuntua: Baiona

Mendia. Ibilbidea

Errobiko zirga bide eraldatua

Baionan hasi eta Uztaritzeraino iritsiko gara, behiala merkataritzarako ardatz zen zirga bideari jarraituta. XX. mende hasierara arte, mareen esanetara zeuden merkatariak; nabigazioarako egoerak okerrera egitean, behorrez eta idiez baliatzen ziren.
Egun bestelakoa da zirga bidearen irudia; bisitari modernoak hartzen dituzte ibai ertzek.
Egun bestelakoa da zirga bidearen irudia; bisitari modernoak hartzen dituzte ibai ertzek. JOSEAN GIL-GARCIA

2013-05-10 / Josean Gil-Garcia

Errobi ibaian barrena salgaiak garraiatzen ziren behiala. Ertzak egokituta zeuden, tamaina txikiko ontziak zamatzeko. Merkataritzarko bidea zen Errobi emaritsua, XX. mende hasierara arte. Mareen esanetara zeuden merkatariak. Nabigaziorako egoerak okerrera egitean, behorren, idien nahiz merkatarien beraien indarra baliatzen zuten lana bermatzeko. Zirga bidetik zirgatzen ziren ontziak, soka tiratuz. Egun, haatik, bestelakoa da irudia. Kai xumeetan txalupak ikusten direlarik ere, bisitari modernoak hartzen dituzte ibaiertzek. Kirolzaleak trumilka iristen dira Errobiko altzoraino. Baionatik Uztaritzerainoko tarteaz gozatzeko helburua izaten dute gehienek.

Baionako Reduit plazan abian jarriko gara. Errobi eta Aturri ibaiek bat egiten duten lekuan gaude. Ondo-ondoan, Mayou zubia dago. Azpian, Errobi ibaiaren ur emari isila, apal-apal. Udaletxea eta antzokia hartzen dituen XIX. mendeko eraikin dotorea atzean utzi, eta Errobi ibaian gora hasiko gara. Aste osoan ez bezala, larunbatetan ezohiko argazkia izaten da Baiona Ttipiaz bestaldean: kaia eta pasealekuak mukuru betetzen dira. Merkatu eguna izaten da orduan, eta saltoki anitz paratzen dira; betiere, baratzeko produktu onak eskaintzeko gogoz.

Baionatik oinez

Amuari ihes egin ezinik, zubirik zubi jarraituko dugu, ibaia zeharkatu gabe. Genie zubira iritsitakoan, harresia eskuinaldean utzi, eta aitzina egingo dugu. Baionako Aviron kirol instalazioetan Donejakue bideko seinaleak ikusiko ditugu. Errobi zeharkatzen duen etorbidearen azpitik igaro eta laster, platanondo ilara eder batek beztituko du bidea. Bizikletariak eta lasterkariak abiadan igaroko dira ondotik, nork bere erritmoari eutsiz.

Florida gimnasioko instalazioak bistan jada, Basusarriko udalerrian sartuko gara. Pont Blanc edo Zaldain Zuriak Ansot hezegunearen gertutasunaren berri emango digu. Baionako Ingurumen Zuzendaritzapean ehunka hektarea kudeatzen dira, nekazaritza eta ingurumena uztartzearen kariaz. Ibaiaren ondoko bideari eutsita, Zirga bidean izango gara. Zelaia etxera heldutakoan, Voulgre Sendagilea kalea bazter egin, eta autobide azpiko pasabidera joko dugu. Geroago, Basusarriko herrigunera igotzeko aukera emango digu Compagnet bideak. Bidebanatze horretan, ordea, Errobi ibaiaren paretik jarraituko dugu. Ordokiak nagusi dira ibaiaren ezkerraldean. Arto sailak eta makaldiak sakabanatzen dira bartetan zehar. Herrixkak, haatik, goi ordokietan gailen ageri dira, ibai emaritsutik ahalik eta urrunen.

Portuberritik Uztaritzera

Artzamendi eta Mondarrain mendiek eskaintzen duten panorama ederrari begira, zalditegira iritsiko gara. Milafrangara igarotzeko zubixkaren aurrean izango gara, ohartu gabe. Portuberriko zaldaina da. Eraikitze proiektua XIX. mende amaierakoa delarik ere, orain hamar urte ikusi zuen argia. Portuberria izeneko etxaldea zubitik hurbil ikusiko dugu. Errobi ibaia merkataritzarako ardatz nagusia zelarik, produktuak garraiatzeko erabilia izan zen etxaldea omen da. Gaur egun, bisitari ugari hartzen ditu, baina gehienak eretzetik igaro eta Haitzeko presaraino jarraitzen dute arinka, etxaldean arrautza errun berriak erosteko aukera dela jakin arren. Elurretako Ama Birjinaren eraikin bitxira iritsiko gara berehala. Herauritzera igotzeko aukera emango digu bideak. Herriko bazterrak ezagutzea gomendagarria da oso: Ur-Begi elkartekoak iraganeko lekuak zaharberritzeko ahaleginetan aritu dira azkenaldion eta, lanoi esker, iturria, latsagia eta gisu-labea bisita daitezke.

Barrakako bideari begia kendu gabe, Uztaritzera bideari eutsiko diogu. Haitzeko ogi eihera nabarmen altxatzen da ordokian, muinoaren oinaldean. Haltiako aparkalekuan, Uztaritzeko Zentro Teknikora jo, eta, Leihorrondoko bideari men eginez, errepidera irtengo gara. Hiribehere karrikarekin bat egitean, ezkerrera egin, eta Uztaritzera iritsiko gara. Pilota plazan, tren geltokira jo beharko dugu, Baionaraino eramango gaituen bagoi bakarreko trena hartuko badugu.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather