Ibilbideak

Montoria, Alezia iturria, Herrerako basabidea, Ataungo mendatea, Oslunako mendatea, Artxabal, Toloño

  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Montoria, Alezia iturria, Herrerako basabidea, Ataungo mendatea, Oslunako mendatea, Artxabal, Toloño
  • Distantzia: 11,5 km. 2 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Montoriak badu bazter ezkutua Ikatzi muinoan, eta hara egingo ditugu urratsak, Meategiko errekastoari segika. Artxabalgo leizea ere bisitatuko dugu.
  • Abiapuntua: Montoria (Araba)

Mendia. Ibilbidea

Ikatziko gorostiak eta Ataungo leizea

Montoriak badu bazter ezkutua Ikatzi muinoan, eta hara egingo ditugu urratsak, Meategiko errekastoari segika. Ondoren, Artxabalgo leizeari bisita egingo diogu.
Oslunako mendatean Artxabal tontorrera bidea hasten da, eta Oslunako trokaren ertzetik igaroko gara.
Oslunako mendatean Artxabal tontorrera bidea hasten da, eta Oslunako trokaren ertzetik igaroko gara. JOSEAN GIL-GARCIA

2011-03-25 / Josean Gil-Garcia

Montoria herria (Araba) Toloño eta Artxabal mendiek sorrarazten duten sakonunean dago. Autoz joateko, Urizaharratik bi kilometro egingo ditugu hegoalderantz, eta San Miguel eliza parean aparkatuko dugu. Real kaleari jarraituz, herria zeharkatuko dugu, betiere Toloño mendilerroko basorantz eginez. Pista nagusiak eskuinera egitean, Artxabalera eta Oslunako mendatera doan bidea bazterrean utzita, zuzen egingo dugu. Meategiko errekastoaren paraleloan gabiltzala, pagadiaren eremuan sartuko gara laster batean. Harrizko basabidea zapalduta, errekastoak banatzen diren tokira iritsiko gara. Gora egingo dugu orduan, eta, pinudian (Pinus sylvestris), ezker aldera joko. Hala, errekastoa zeharkatu bezain pronto, haren ondora bueltatuko gara, eta ekialdera egingo ditugu urratsak. Aldatsak izerdia isuraraztea lortuko du, zinez.

Herrerako bazterrak

Alezia iturria pagoen babesean ikusi ahal izango dugu. Ahalegin txikia eginda, goiko lepora iritsiko gara. Herrera mendateko errepidetik datorren basabidean gaude orain. Eskuinera hartuta, pagadi dotorearen barrenean zeharkaldi polita egingo dugu. Betiere hego-mendebalderantz eginez, Ikatzi muinoa inguratzen hasiko gara. Arabako Toponimia Koadernoetan Gonzalez de Salazar ikerlariak jasota duenez, Montoriakoek eta Pipaongoek Ikatziko bazterrotara egur-ikatza ekoiztera jo ohi zuten garai batean. Basozainen ezkutuan, gainera. Hara bildutako egurra ebatsia zuten-eta. Horiek bai garaiak horiek!

Ikatzi muinoko mendebaldeko magala gorostiek hartzen dutela ikusiko dugu. Basabidea apaltzen den unean, ibarrarekin bat egingo dugu. Ezkerreko zidorrari heldu, eta maldan gora jarraitzeko unea dugu. Ikatzi eta Arranuri muinoen arteko lepora igoko gara ziztu bizian. Hego-ekialdera hartuko dugu lepoan; noranzkoa apenas aldatu gabe. Sakan eder batek lagunduko digu Herrera mendatera hurbiltzen. Bide seinaleei kasu egitea komeni da zati horretan, bat-batean jaisten hasiko garelako. Herrerako errepidera heldu gabe, ordea, zutoin batek adierazten duen legez, eskuinera joko dugu. Jarraitu beharreko bidea ezpelen artean irekita dago, eta igoera samurra egingo dugu hego-mendebalderantz. Gainaldera iristeko gutxi falta dela, ezkerrera okertu eta pagaditik irtengo gara. Talaia ederrean gaude Toloño mendilerroko Vallehermosa, Cuervo eta San Leon tontorrak bete-betean harrapatzeko.

Landaretza nabarmen aldatuko da lepoan: ezpel eta erkametz xumeek pagadi trinkoa ordezkatuko dute han. Bidexkari men egingo diogu orduan, eta, sigi-sagaka, pagadiaren atarian kokatuko gara. Hego-mendebaldeko noranzkoa utzi gabe, aldats gora ekin eta ekin, beste talai batera igoko gara. Zehar-zehar segituko dugu ondoren, eta Herrerako mendatetik datorren basabidera irtengo gara.

Artxabalgo leizearen bila

Balizatutako zidorrak San Leon mendialdera egiten badu ere, eskuinetik segituko dugu, basabide ondoko ler gorriak, pagoak eta urkiak lagun. Zerraluntza tontorra aurrez aurre ikusiko dugu, gainaldeko kareharrizko txapela agerian dela. Hara bideratuko ditugu gure pausoak. PR zidorra batuko zaigu pagadian murgiltzeaz batera. Noranzkoa aldatu gabe, pagadian barrena paseo polita egiten hasiko gara. Zerraluntza tontorra igotzeko tenorea laster iritsiko zaigu; izan ere, pago baten enborrean margotutako gezi batek tontorrerainoko bidea erakusten du. Pistari men eginez, Larrosako mendatera iritsiko gara. Polje edo sakonune zabala eskuinean eta koniferoak ezkerrean izango ditugu pistaren alde banatan. Larrosa monasterio zaharra eta elur zulo sakona ikusteko aukera emango digu ezkerraldetik abiarazten den zidor historikoak. Zehar-zehar jarraituko dugu guk Ataungo mendateraino. Etxola zahar bat ikusiko dugu mendatean. Mendatetik aldendu baino lehen, pagadian sartu-irtena egingo dugu, Ataungo leizea ikusteko.

Basabidean berriz ere, Artxabalgo magalak zeharkatzeari ekin eta Osluna mendatera iritsiko gara. Ribas de Teresoko mendatetik datorren basabidearekin bat egingo dugu Osluna inguruan. Araba eta Errioxa lotzen dituen errepiderantz abiatu beharrean, 180 graduko bira egingo dugu eskuinaldera. Minutu batez leun-leun ibili ostean, ezkerretik doan pistari jarraituta, Montoriara iritsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather