Iturritik ur-begira

2011-05-20 / Berria
Ibilaldiaren bi muturretan guztiz aipagarriak diren bi leku daude. Bata da abiagunetik oso hurbil den Ahüzkiko iturri entzutetsua, han topatuko dituzularik hur honak osoki. Bestea da Erreitia —Zuberoa aldetik hala deitzen zaio— edo Lapitzotza —baxenabartarrez— errekaren ur-begiak, horiek ere Sources de la Bidouze izenarekin ospetsuak direlarik. Elzarreko ordoki puntatik lurrezko bidetik basoaren barrena jota, une batean iristen gara hesi alanbredun batera. Horretan ataka bat pasatuz, xenda batek malda oso aldapatsuaren behera eramaiten gaitu bi zurubiraino —batzuetan bat kendua da—. Horien behera jaitsita, Erreitiako ur-begi edo, hobeto esan, uraren agergune diren bi kobazuloetara laister heltzen da. Baina, kasu! Pasabide hori ibiltzaileei normalean debekatua da, eta bazterrak busti izatean, xenda aski arrikutsua da. Hesi saihetsetik joanda, beste xenda batek itzulian eramaten du ur-begi horietara.