Ibilbideak

Abezia, Ganbaza, Hoyo Grande, Fortuna ur putzua, Gibijoko otsozuloa, Labazar

  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Abezia, Ganbaza, Hoyo Grande, Fortuna ur putzua, Gibijoko otsozuloa, Labazar
  • Distantzia: 11,5 km. 2 ordu eta 5 mn.
  • Ingurunea: Gibijoko otsozuloa Nerbioiren ur-jauzitik hurbil dago, iturburuaz bestaldeko basoan. Monumentu etnografiko horretara iritsi aurretik, Fortunako putzua bisitatuko dugu.
  • Abiapuntua: Abezia

Mendia. Ibilbidea

Fortunako putzua eta otsozuloa

Gibijoko otsozuloa Nerbioiren ur-jauzitik hurbil dago, iturburuaz bestaldeko basoan. Monumentu etnografiko horretara iritsi aurretik, Fortunako putzua bisitatuko dugu.
Gibijoko otsozuloa Labazar mendiaren altzoan dago, Nerbioiren ur-jauzirako bidean.
Gibijoko otsozuloa Labazar mendiaren altzoan dago, Nerbioiren ur-jauzirako bidean. JOSEAN GIL-GARCIA

2011-09-23 / Josean Gil-Garcia

Gibijo mendilerroa Arabako ipar-mendebaldean dago. Erliebe leunekoa da, gainalde zabala hariztiz eta pagoz estalia duela. Mendigune ezin hobea, beraz, ibilbide labirintikoak proposatzeko. Honako hau, ordea, ez da inolaz ere horietakoa, ibilbidean zehar erreferentzi aargiak izango baititugu. Hainbat bazter liluragarri ikusiko ditugu, baina bi azpimarratuko ditugu: Fortunako putzua eta Gibijoko otsozuloa. Fortunakoan, inskripzio bat duen harlauza bat ikusiko dugu. Ondonako auzoan (Urkabustaiz, Araba) bizi den lagunarekin solasean aritu ondoren izan genuen bertako harri bateko mezuaren berri.

Gibijoko otsozuloa aspaldiko eraikuntza da. Felix Murga ikerlariak eta bost haurrek osatu zuten Okondoko taldeak ezagutzera eman zituen Araba, Burgos eta Leon probintzietako otsozuloak biltzen dituen lan mamitsuan (Kobie Bizkaiko Espeleologi Taldea, 1978).

Abeziatik Fortunaraino

Abezia herrian hasiko dugu Fortunako putzura eta otsozulora eramango gaituen ibilbidea. Abezia Urkabustaizko eskualdean dago, Izarratik gertu. Desbideratzea ikusiko dugu Zuhatzu Kuartangora bidean. Herriko edanlekuan abian jarrita, Munialdeko landa etxearen aurreko bideari ekin, eta mendebaldera joko dugu. Bidebanatzean, ezkerrera hartu eta San Bartolome ermitaren albotik igaroko gara. Gain-gainean, Ganbaza tontorra dago, hedagailua eta egurrezko gurutze bat dituela. Asfaltoa amaituta, hartxintxarrezko bidea edukiko dugu. Goratasuna hartzen hasita, mira-mira eginda geratuko gara bide ertzeko arteekin. A zer nolako tamaina! Bide nagusiari helduta, Ganbazako tontorrera iritsiko gara. Abezia eta Izarra herriak begiztatuko ditugu talaiatik, baita Gorbeiako mendigunea ere.

Gailurretik atzera egingo dugu pitin batean, soil-soilik bihurguneraino. Hor, eskuinera jotzen duten basabideetatik, erdikoa hartuko dugu Gibijo mendilerroan barneratzeko. Ganbaza eta Txobita muinoak lotzen dituen gandorra aldamenean dugu, bizkar gainetik ibili gabe. Belarrez jantzita dago bidea eta, tipi-tapa, urrats samurrak egingo ditugu paraje ederra zeharkatuz. Iurdinara iritsita, soilgunea alderik alde banantzen duen alanbrea ikusiko dugu. Eta haren atzean, Munitegi muinoa. Alanbrea igaro eta eskuinera eginez, haren ondo-ondoan jarraituko dugu. Aurrez aurre, Labazar (Arangatxa ere esaten diote) tontor labirintikoa ikusiko dugu; harantz bideratuko ditugu gure pausoak. Hoyo Grande sakonunearen ondora iritsiko gara laster, Kuartango ibarretik igotzen den lur zoru oneko basabidea ikusi bezain pronto. Zuloaren hondoan, besteak beste, ipuruak, gorostiak, pinuak eta erkametzak ikusiko ditugu.

Kuartangorako bidea hartu gabe, bide nagusiari ekin eta Fortunako ur putzura iritsiko gara. Ertzean daukan harlauzan irakur dezakegunez, Fran Ruiz lagunak eraiki zuen putzua, 1878. urtean.

Gibijoko otsozulorantz

Ibilian berriz ere, mendebaldera irmoki segituko dugu, bat-batean basabide batek noranzkoa moztu arte. Abeziara itzultzeko eskuinetik egingo dugu otsozuloa bisitatu eta gero. Bidebanatzean, beraz, ezkerrera egin eta hiru minutu igarota, ur putzu txiki bat ikusiko dugu pista ondoan. Metro batzuk aurrerago, ezkerrera 90 graduko bira egingo dugu, eta otsozuloko hormarekin topatuko gara. Eskuinera okertu eta harresiari jarraituz, zulora iritsiko gara. Harresiei erreparatuta, erraza da egiaztatzen Felix Murgak 1978an emandako neurketa: bi harresiak, guztira, 323 metro luze dira, eta zulotik alboko hormaraino ia bost metroko desnibela dago.

Bisita egin ondoren, lehenago iritsi gareneko bidebanatzeraino egingo dugu. Gero, zuzen eginez, ipar-ekialderantz egingo dugu. Lejazar eta Alterla tontorren artetik igarota, pistari helduko diogu, harik eta eskuinean burdinazko ate bat agertu arte.Untzaga herriraino eramango gintuzkeen basabidetik irteteko unea da, eta Abeziarantz jotzekoa. Atea zeharkatu eta ibar xumean behera eramango gaitu basabideak. Goxo-goxo ibilian, Abeziara iritsiko gara.

Eguraldia

Euskalmet Lameteoqueviene Aemet Meteo France Accu Weather