Txinan lehiatuko dira bihar Fernando Alonso eta Michael Schumacher, tituluaren bila duten lehiaren azken hiru lasterketetako lehenean. Nahiz eta Italiako lasterketa urrun gelditu den, haren arrastoa luzea da eta bi gidariak parekatuta iritsi direla esan daiteke. Orduan bezala, baina, Schumacherrek darama goranzko bidea, eta Alonsok beherakoa. Hiru asteko tarte horrek ezer aldatu al du?
Renaulten badakite urte hasierako abantaila joana dela eta orain alderantzizko egoeran direla, Ferrari baita erreferentzia. Azken asteetan bi taldeak gogor aritu dira etxeko lanetan: Xerezen eta Silverstonen frantziarrak, eta Fiorano nahiz Mugellon italiarrak. Biek ere pneumatiko lana egin dute batez ere, baina Renaultek bazuen motoreei adi-adi egoteko arrazoirik, Monzan puntu mingarriak galdu baitzituzten asko zehaztu nahi izan ez duten arazoagatik.
Ferrari autoak puntako abiaduran duen abantaila ikusirik, Renaultek lan berezia egin du motorrekin. Bi motor eraman zituen Xerezera, biak ere orain arte erabili dutena baino indartsuagoak. Renaulteko Rob White motorgilearen esanetan, bi motor prestatu zituzten Txinarako: batak hobekuntza txiki bat du, eta besteak ideia berriztatzaileagoak. Baina Xerezen motorea hautsi zuen Kimi Kovalainenek, eta horrek atzera bota zituen.
Hortaz, motore berria izango dute, baina ez horren indartsua. Ferrarik ere badu motorrekin kezkatzeko motiborik. Atzo Felipe Massak motorrarekin arazoa izan eta aldatu beharrean izan zen, horrek dakarren hamar postuko zigorrarekin. Taldearen arabera, ez dute Schumacherren motorra ukituko, ez baitu arazo zantzurik azaldu.
GIRO BEROA. Alonsok giroa berotu nahi izan zuen Italiako lasterketa eta gero, Schumacherren kontra adierazpenak eginez. «Zinedine Zidane behintzat Schumacher baino ohore handiagoz erretiratu» zela esan zuen, eta 1 Formularen historian «zigor gehien jaso duen gidaria» dela gogoratu.
Egunotan, Txinara iristean, Alonsok atzera egin du eta bere adierazpenen errua prentsari bota die. «Gehiegi hitz egiten dute» esan du. Schumacherrek ez, baina haren ordezkariak erantzun zien adierazpen horiei. Willi Weberrek Alonsoren esanak «gerritik beherakoak» zirela eta Schumacherren erantzuna «pista gainean soilik» izango zela erantzun zion. Amaitzeko, zera esan zuen: «Alonso gidari distiratsua da, baina une honetan izaten ari den jarrera penagarria da». Zorionez, ikuskizunik ederrena pista gainean ematen dute bi aurkariek.
Pista hori Txina izango da asteburu honetan. Euria izan zuten atzo, baina pistak ondo hartzen du ura, pneumatiko lauekin jarraitu baitzuten, eta baita denbora onenak markatu ere. Lasterketa bihar 08:00etan korrituko da, eta Schumacherrek irabaziz gero, lidergoa kenduko lioke Alonsori, urtean lehen aldiz.
1 FORMULA
HAMASEIGARREN LASTERKETA. TXINAKO SARI NAGUSIA. Garaipena eta lidergoa, guztia bat. Schumacherrek bihar Shanghain irabazten badu, Alonso aurreratuko du Munduko Txapelketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu