11 jokalarik egingo dute debuta Euskal Selekzioarekin

Llorente, Aduriz eta Yeste ez dira ariko; bai, ordea, Javi Martinez, Xabi Alonso eta Ruffier atezain baionarra

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Hamaika jokalarik jantziko dute aurrenekoz Euskal Selekzioko elastikoa hilaren 29an, Venezuelaren aurkako partidan. Jose Angel Iribar eta Mikel Etxarrik atzo iluntzean eman zuten deialdia, eta azkenaldian bolo-bolo ibili diren zalantzak argitu ziren. Azkenean, Xabi Alonsok jokatuko du, baita Javi Martinezek ere. Azken horren parte-hartzea kolokan zegoen Joaquin Caparros Athleticeko entrenatzaileak Fernando Llorenterentzat atsedena eskatu zuenetik. Aritz Aduriz da beste hutsuneetako bat, Valentziak ez diolako jokatzen utzi. Fran Yeste ere ez dute deitu. Nabarmentzekoa da Osasunako jokalari bakarra deitu izana.

Deialdia hurrengoa da, atezainak: Iraizoz eta Ruffier, Monakon jokatzen duen baionarra. Atzelariak: Amorebieta, San Jose, Koikili, Oier Sanjurjo, Mikel Gonzalez, Carlos Martinez eta Jon Ansotegi. Erdilariak: Xabi Alonso, Javi Martinez, Gurpegi, Susaeta, Gabilondo, Aranburu, Xabi Prieto, Ander Herrera eta Pantxi Sirieix. Aurrelariak: Toquero, Muniain, Joseba Llorente eta Agirretxe.

Hutsuneei dagokienez, Llorente, Aduriz eta Ingalaterrako ligan dabiltzan jokalarienak jakinak ziren, eta Yeste lortzea zaila izango zela aurreratu zuten hautatzaileek. Besteak beste, Osasunako jokalari asko (Riesgo, Monreal, Puñal, Flaño...), Raul Garcia, Javi Garrido edota Josu Sarriegi falta dira. Mikel Labaka beteranoa ere ez dute deitu, eta Cesar Azpilikueta min hartuta dago. Jokalariak hilaren 28rako daude deituta, Lezaman entrenamendu saio bat egiteko. Partidaren egunean, goizez, berriz entrenatuko dira.

Hiru nazioren torneoa, udan

Euskal Selekzioak hilaren 29an jokatuko duen partidak jarraipena izango du heldu den ekainean. Etxarrik atzo aurreratu zuenez, Euskal Selekzioak hiru nazioren arteko torneo bat jokatuko du sasoiaren amaieran. Katalunia eta Irlanda edo Gales izango dira aurkariak, eta torneoa ez omen da herrialde bakar batean jokatuko, hiru herrialdeetan baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.