120 minutuko lasterketa

Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoa jokatuko du gaur Portlandek Iruñean, Kielen aurka

edurne elizondo
2007ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Nor bere lekura. Prest. Aurrera. 120 minutuko lasterketa hastear dago Portland San Antoniorentzat. Ez da maratoia izanen. Ehun metrokoa baizik. Korrika egin beharko dute nafarrek Kiel mendean hartzeko. Korrika, korrika eta korrika. Denek argi dute. Alemaniako taldearen kontra Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partida jokatuko du gaur Portlandek.

Orain arteko norgehiagokarik garrantzitsuena izanen da gaurkoa iruindarrentzat. Denboraldia dago jokoan, neurri handi batean. Asobal Liga bazter utzi gabe, Txapeldunen Liga da helburu nagusia iruindarrentzat. Ederki erakutsi zuten Europako lehiaketa zein neurritan den garrantzitsua Ciudad Realen kontrako kanporaketan. Bost goleko kontrako aldea gainditu, eta finalerdietara sailkatzea lortu zuten, sasoiko eskubaloirik onena eginez. Zaleek luze gogoratuko duten partida izan zen Iruñean Ciudad Realen kontra jokatutakoa.

Egun horretan erakutsi zuen indarrari eusten badio, urrats handia eginen du Portlandek finalerako sailkatzeko. Talde lana. Kontzentrazioa. Sufritzeko gaitasuna. Eta, batez ere, magia. Hori erakutsi zuen Portlandek Ciudad Realen kontra, eta hori erakutsi beharko du gaur Kielen aurrean.

Alemaniako taldea da lehiaketan jarraitzen duten aurkarien artean sendoena. Azkar jokatzen du, hagitz azkar. Eraso bakoitza ederki profitatzen du Kielek, korrika batean baloia aurkariaren sarean sartzeko. Atera eta sartu. Horixe da Alemaniako jokalarien leloa. Eta jokatzeko modu horri egin beharko dio aurre Portlandek. Hori da haren erronka, Kieli jokoaren erritmoa ezartzen ez uztea.

Ia aste osoa izan du Portlandek gaurko partida prestatzeko, asteartean Asobal Ligan CAI Aragoi mendean hartu ondoren. Ez da aste erraza izan, ordea, eta uste baino arazo gehiago izan ditu Iruñeko taldeak entrenamendu saioetan. Lesioak ate joka ibili dira Portlandeko jokalarien artean. Lesioak eta birusak. Vugrinecek buruan kolpea hartu zuen astelehenean, eta zorabioek jota ibili da hainbat egunez. Ondorioz, ezin izan da taldekideekin entrenatu. Kjelling, berriz, CAI Aragoiren aurka aritu zen, abduktorean zuen zuntz-haustura osatu ondoren, baina egun berean min hartu zuen. Abduktorea berriz. Zauria ez zen uste bezain ongi sendatu. Balicek birusei egin behar izan die aurre, sukarrak jota izan baita azken egunetan. Balic pistan izanen da gaur. Vugrinec ere bai, azken uneko ezustekorik ez bada. Kjelling jokatzeko moduan izanen ote den azken unean argituko du Zupo Ekisoainek.



ITZULIKORAKO ALDEA LORTU NAHI. Ez da unerik onena jokalariak galtzeko. Portlandek denen ahalegina beharko du Kieli irabazteko. Iruñeko taldearen defentsa inoiz baino garrantzitsuagoa izanen da, bai eta etxean jokatzeari ahalik eta etekinik handiena ateratzea ere. NUPeko pabiloian emaitza ona lortzea komeni zaio Portlandi, bigarren partida Alemanian jokatuko baitute Ekisoainen jokalariek.

Emaitza ona lortzea, eta ahalik eta gol gutxien jasotzea. Hori da lortu beharreko helburua Iruñeko taldearentzat. Izan ere, bere joko azkarraren ondorioz gol asko sartzen duen taldea da Alemaniakoa. Batez beste 35 gol sartzen ari da partida bakoitzean Alemaniako Ligan. Gehiago ere sartu izan ditu, bai eta etxetik kanpo ere. Halako emaitzarik ez zaio batere komeni Iruñeko taldeari, ordea. Horregatik, behin eta berriz azpimarratu dute Portlandeko jokalariek partidako gako nagusietako bat izanen dela erritmoa haiek ezartzea. Kielen jokoa trabatzea eta aurkariaren erasoak mantsotzea, alegia.

Kielen eraso ikusgarria, Portlanden defentsa ikusgarriaren aurka. Horixe ikusi ahal izanen dute gaur NUPeko pabiloia beteko duten zaleek. Erasoan ederki egin beharko dute lan nafarrek, halaber, aurrera egin nahi badute, behintzat. Itzuliko partida datorren astean jokatuko dute Portlandek eta Kielek, Alemanian. Ostiralean izanen da partida, hilaren 30ean alegia, 19:00etan, Ostseehalle pabiloi ikusgarrian. Baina hori datorren astean izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.