Erremontea eta Euskal Herria. Biak utzi eta aurrerantzean Mexikon biziko da Miguel Mari Urrutia (Saldias, Nafarroa, 1983). Zuhur eta lur geratu da bat baino gehiago albistea jakitean, baina nafarra ziur dago egingo duenaz. Bizitzari erabateko aldaketa eman nahi dio buruz buru bi aldiz txapeldun izandakoak. Erabakia hartzea asko kosta zaio, izugarri, baina jada badaki ez dela damutuko. Agian, Oriamendik ateak zabalik uzten dizkiolako nahi duenerako.
Aspaldiko dei gehien ariko zara jasotzen, noski, baina ez txapel bat irabazi berri duzulako.
Elkarrizketa asko ari naiz edukitzen, bai, eta denak Mexikora noalako. Alde batetik, pena daukat galtza txuriak gehiago jantziko ez ditudalako; baina, bestetik, sekulako ilusioa bizitza berriari ekiteko. Dena izango da ezberdina, eta gogotsu nago probatzeko.
Zer dela-eta hartu duzu erabakia?
Gauza askorengatik. Baina batez ere, hemengo egoera oso dagoelako gaizki, eta, nola ez, emaztea mexikarra dudalako. Nire aitaginarrebak lana eskaini dit, eta bi aldiz pentsatu ondoren, hara joango naiz.
Zaila izango da halako erabaki bat hartzea.
Erraza ez, behintzat. Azarotik neukan buruan ideia hori, eta kontsulta asko egin ditut. Enpresarekin eta familiarekin hitz egin eta gero, aurrera egin behar nuela esan nion neure buruari. Hori bai, erabakia hartu aurreko bi asteetan apenas egin nuen lorik.
Buruz buruko finalean, beraz, bazenekien txapela irabazteko azken aukera zenuela.
Hala da, bai. Inortxori ez nion esan nahi izan, nik bakarrik nekien hori. Eta zoritxarrez, arantza horixe geratzen zait barruan, kosta ahala kosta irabazi nahi bainuen, baina tira. Zer egingo zaio. Galduta ere, gozatu egin nuen kantxan.
Nori eman zenion lehenbizi erabakiaren berri?
Familiari. Aspalditik esaten nien egunen batean alde egingo nuela, batez ere amari. Izan ere, berak sufrituko du gehien. Baina nik beti esaten diot semerik ez duela galduko, eta lasai egoteko.
Aldaketa ederra izango du zure bizitzak. Herrixka txiki batean jaio, eta orain hiri handi batean biziko zara.
Saldiastik Mexiko Hirira dagoen aldea ez da, ez, nolanahikoa. 150 lagunen artean egin izan dut bizitza osoa, eta orain horrenbeste jenderen artean zer egingo ote dut nik! Aldaketa latza izango da. Halere, azken urtean Iruñean egon naiz, ohitzen joateko edo.
Mexikon bizi arren, bisita pare bat egingo omen dituzu urtean.
Zalantzarik gabe. Orain arte Mexikora joan izan naizen bezala etorriko naiz handik hona. Ehiza garaian hementxe izango naiz, ezingo bainuke eskopetarik erabili gabe bizi. Horrek ez du esan nahi, ordea, han ez dutenik ehizan egiten. Nire emaztearen lehengusu batzuk zaleak dira, eta eurekin ibiliko naiz, usoaren antza duten piztia batzuekin.
Ehizatzen segituko duzu, beraz. Eta kirola egiten ere bai?
Bai. Berez, azkar gizentzen diren horietakoa naiz, eta kirola utziko banu... Zer esanik ez. Ariketa fisikoa egin beharra daukat; gainera, gustatu egiten zait. Gozatu egiten dut izerditzen. Txikitatik izan naiz oso kirolzalea.
Erremontea eta pilotak ere eramango dituzu.
Mexikon badira pilotaleku luzeak, eta astean behin, gutxienez, erremontean jokatzea litzateke nire nahia. Maleta egiten dudanean berehala sartuko ditut bizitzan lagun izan ditudan tresnak.
Zer-nolako osasunarekin uzten duzu erremontea? Egoera onean al dago?
Gaur egun zer ez dago egoera txarrean? Erremonteak abantaila bat dauka, ikusten duenak maiteminduta amaitzen duela ikuskizunarekin. Krisiak buelta ematen duen neurrian, gure kirolak ere hobera egingo du.
Biharkoa egun berezia izango da zuretzat. Urduri al zaude?
Bai, pixka bat bai. Hemendik aurrerako egunak oso politak izango dira, eta konpromiso handikoak. Otsailaren amaieran joango naiz, herriko inauterietan omenaldi moduko bat egingo didate eta. Ilusio handia egiten dit.
Miguel Mari Urrutia. Erremontista
«150 biztanleko herritik Mexiko Hirira joatea aldaketa latza izango da»
27 urte besterik ez izan arren eta profesionaletan onenetakoa izan arren, Saldiaskoak erretiroa hartzea erabaki du, Mexikora doalako bizitzera. Bihar jokatuko du agurreko partida, Galarretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu