Bide luzea geratzen da hurrengo urteko apirilaren 13a arte, baina hasi, ez da gaizki hasi. Gescrap Bizkaiak nahiko zorte ona eduki du Eurocupeko lehen faseko zozketan, eta, gauzak ondo, ez luke estutasun handirik izan behar hurrengo fasean, Last 16 delakoan jarduteko. Montenegroko KK Buducnost, Belgikako Spirou Charleroi eta Bulgariako Lukoil Sofia taldeak egokitu dira B multzoan bizkaitarrekin batera. Zerrendaburua zen Katsikarisek gidatzen duen taldea, eta, behingoz, sari hori onerako izan da.
Multzoko lidertzak izan behar du bizkaitarren helburua. Buducnost eta Lukoil Sofia euren etxean zailtasun franko jartzen dituzten taldeak dira, baina ez dute, inondik inora, Gescrapek daukan aurrekontu mamitsua, ezta baliabide aberastasuna ere. Charleroi Euroligan aritu azken bi denboraldietan, apal antzean, eta diruz urri, Eurocup lehiaketan jardun beste erremediorik ez zaio geratu belgikarrei.
Banan-banan, Buducnost Podgoricak dirudi Bizkaiaren agintea auzitan jar dezakeen bakarra. Ez dauka izar distiratsurik, baina ez fidatzea onena, balkaniarrak direlako. Azken laurdenetako langa iritsi zuten pasa den sasoian, eta Montenegroko jokalari onenetako asko batzen ditu: Strahinja Milosevic eta Nikola Ivanovic montenegroarrak, eta Pavlin Ivanov bulgariarra dira gazte horietako batzuk. Aleksa Popovic eta Cedomar Vitkovac ezagunagoak dira (azken hori serbiarra), Demarquis Bost joko antolatzaile estatubatuarra bezala. Bizkaiak bitan jokatu du, dagoeneko, Buducnosten aurka Eurocupen, eta bi demak irabazi.
Antzekoa esan liteke Charleroiren inguruan, baina kopurua aldatuta. Lautan jokatu dute elkarren aurka bi taldeek, eta lauak irabazi ditu Bizkaiak. Bigarren mailako estatubatuar mordoak jokatzen du Belgikako talde horretan: Jekel Foster, Justin Hamilton, Andre Riddick, Derrick Allen, Michael Scott eta Baskonian aste batzuk egin zituen Matt Walsh. Christophe Beghin pibote belgikarra ere makulu garrantzitsua da.
PBC Lukoil Academic Bulgariako hiriburuko taldea da, Sofiakoa. Herri hartako ligako eta Kopako garailea da, eta Todor Stoykov hegalekoa nabarmentzen da, Eurocupeko betiko saskiratzaile onena. Bozhidar Abramov da zeresana eman dezakeen etxeko jokalaria, eta hiru jokalari estatubatuar ere baditu: Devin Green eta Mohammed Abukar hegalekoak, eta Darryl Watkins pibot garaia: 2,11. Lukoik Academic oso talde sendoa da etxeko partidetan.
Azaroaren 7an hasiko da
Atzo egin zen zozketa Bartzelonan, baina ligatxoa datorren azaroaren 7an hasiko da. Denek denen aurka jokatuko dute, partida bat etxean, bestea etxetik urrun. Lehen fase hau abenduaren 12an bukatuko da, eta lau garaipen eskuratzen dituen taldeak poltsikoan izango du txartela, gauzak normal. Etxeko hiru norgehiagokak, eta etxetik kanpo besteren bat lortzen saiatzea da gakoa. Aintzat hartzeko moduko beste datua, bidaiak-eta ez direla oso nekagarriak izango: Podgorica, Charleroi eta Sofia ez daude hain urrun.
16 onenengandik gertu
Gescrap Bizkaiak zorte ona izan du Eurocupeko zozketan: Buducnost, Charleroi eta Lukoil Sofia, multzoko aurkari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu