2006KO MUNDUKO KOPA

GAURKO PARTIDAK. Iraganari eraso. Azken zazpi urteetan semetzat hartu duen herrialdearen aurka ariko da gaur Shevtxenko

Julen Etxeberria.
2006ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Futbolaren historian toki bat egiteko, Munduko Kopa batean aritu behar omen da. Txapela irabazteak hori lortzeko bidea errazten du, noski, baina ez da nahitaezko betebeharra. Di Stefano, Yashin, Platini, Cruyff, Van Basten... haietatik inork ez zuen inoiz Munduko Kopa irabazi, baina arrastoa utzi zuten aritu ziren ekitaldietan. Andrei Shevtxenko ezin zen horretaz harro egon duela gutxi arte (Dvirkivxtxina, Ukraina, 1976). Jokalari bikaina izateaz harro egon zitekeen, txapel eta sari garrantzitsuak irabazteaz (Txapeldunen Liga eta Urrezko Baloia), baina koska bat falta zitzaion handienen pare egoteko. Ez zekien Munduko Kopan edo Eurokopan aritzea zer zen. Alemanian bete du ametsa, hamar urte geroago, eta lau ahaleginetan huts egin ondoren.

Lanaren eta profesionaltasunaren ekinez sortutako jokalaria da Shevtxenko. Talentuari grina eta gose aseezina gehitu die. Txapeldunen Ligan arrastoa utzi zuen 1997an. Kieveko Dinamok 0-4 irabazi zion Bartzelonari Camp Noun, eta berak hiru gol sartu zituen. Talde horrek kontraerasoan jokatzen zuen, esparru guztietan bikain lan eginda. Aurrealdean, irudimenerako askatasuna eman zien Valeri Lobanovskik Shevtxenkori eta Serhi Rebrovi (taldekidea Ukrainako selekzioan).

Arrakastaren usainean, berehala hasi ziren boteretsuak haien atzetik. 1999an, Silvio Berlusconik Milanera eraman zuen Shevtxenko, 26 milioi euroren truke. Rebrov, berriz, Ingalaterrara joan zen urtebete geroago, Tottenhamera. Bi jokalarion ibilbideak, halere, alderatzerik ez dago. Mentalitateak egin du aldea. Shevtxenkok esparru zabala behar omen zuen bere dohainak erakusteko. Zalantzak piztu ziren hasieran, bere baliabideek tupust egingo zutelakoan munduko Ligari gogorrenetakoan. Espaziorik gabe, kale egingo zuela zioten askok. Orduan erakutsi zuen bere benetako indarra: lehen sasoian 24 gol sartu zituen Ligan. Lehen aldiz, atzerritik zetorren jokalari bat capocannoniere-a izan zen (golegilerik onena). 2004an ere gauza bera egin zuen, gol kopuru bera sartuta.

TXAPELDUNEN LIGA, KONFIANTZA BERRESKURATZEKO. Jokaldiak gauzatzeko zehaztasun paregabea du, eta oso argia da. Horri talentua eta abiadura gehitu eta lanerako grina kontuan hartuta, ez da harritzekoa 2004ko Urrezko Baloia irabazi izana. Baina dena ez da urre izan azken urteetan Shevtxenkorentzat. Izan ditu ere une zailak. 2003an, esaterako, urte beltza izan zuen. Bost gol eskas sartu zituen Ligan, eta bere baliabideak zalantzan jartzen hasi ziren zenbaitzuk. Baina une aproposean jo zuen kolpea. Juventusen aurkako Txapeldunen Ligako finaleko penalti erabakigarria sartu zuen, Gianluigi Buffon gaindituta, eta kopa zeruraino altxatu zuen. Horrek indarra eman zion konfiantza berreskuratzeko.

Datorren denboraldian Chelsean ariko da Shevtxenko. Roman Abramovitx Chelseako lehendakariak 50 milioi euro inguru ordaindu dizkio Milani ukrainarra bere taldean izateko. Aspaldi zebilen Abramovitx bere atzetik, eta azkenean, lortu du helburua. Milanen igarriko dute Shevtxenkok utziko duen hutsunea. Ez da gutxiagorako, ukrainarrak nahikoa izan ditu zazpi denboraldi Milanen historiaren orrietan bere izena letra larriz idazteko. 173 gol sartu ditu elastiko rossonero-arekin. Gunnar Nordahl suediarrak bakarrik sartu ditu berak baino gol gehiago: 221. Milanekin historia egin zuten bi jokalari utzi ditu atzean ukrainarrak: Giovanni Rivera (164 gol) eta Jose Joao Altafini (161 gol).

Ez da Shevtxenko bere jatorria ahazten duten horietakoa. Ez du ahazten soldaduek bere jaioterritik atera zutela 1986an Txernobilgo zentral nuklearra lehertu zenean. Ez ditu ahazten Lobanovskik bere maisu eta zaintzaileak eman zizkion aholkuak. 2002an hil zen Lobanovski, eta urtebete geroago, haren oroimena ohoratu zuen Shevtxenkok, entrenatzaile ospetsuaren omenez Kieveko erdigunean dagoen estatuaren oinetara Txapeldunen Ligako kopa eramanez. Ez du ahazten ere Ukrainak bizi duen egoera. Urrezko Baloia jaso zuenean bere herrikideak izan zituen gogoan. «Ukrainan bizi diren guztientzat da saria. Nire aberriagatik jokatzen dut», esan zuen.

LAGUN MINAK AURKARI. Gauza bera esan zuen atzo, gaur Italiaren aurka jokatuko duten final-laurdenetako partidaz galdetu ziotenean. «Zazpi urte ahaztezin egin ditut Italian, talde handi batean. Partida berezia izango da, noski, lagun asko izango baititut aurrean. Baina horrek ez du eraginik izango nire jardunean. Lagun horiek aurkari izango ditut gaur. Ukrainak historian jokatu duen partida garrantzitsuena da. Harro gaude honaino iritsi garelako, baina gehiago nahi dugu. Txapela nahi dugu».

Italiak, berriz, Ukrainaren ametsa amaitu nahi du. Bera da finalerdietarako sailkatzeko faboritoa, historiagatik gehienbat. Izan ere, italiarrak bederatzigarren aldiz ariko dira final-laurdenetan, eta gehienetan aurrera egin dute, baita txapela irabazi ere: hiru aldiz, (1934, 1938 eta 1982an). Orain arte egindako jokoari erreparatuta, ordea, Italia ez litzateke hain faborito argia. Lehen ligaxkan nahiko txukun aritu zen, baina final-zortzirenetan bereak eta bi ikusi zituen Australia bidean uzteko. Epailearen opari bati esker lortu zuen azkenean garaipena.

Marcelo Lippik hiru hutsune ditu gaurko: Nesta eta Materazzi atzelariak eta De Rossi erdilaria. Australiaren aurkako partidarekin alderatuz, Lippik bi aldaketa egingo ditu: Barzagli eta Totti, Materazziren eta Del Pieroren ordez. Camoranesik ere bere aukera izan dezake, Lippik sendotasunaren alde egin eta Toni aulkian uzten badu. Oleg Blokhin Ukrainako hautatzaileak, berriz, hutsune bakarra izango du, baina garrantzitsua: Voronin aurrelaria. Vorobei edo Milevski ariko da haren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.