Jakina zen 2012ko Espainiako Vuelta Iruñetik abiatuko zela, abuztuaren 18an, taldekako erlojupeko batekin. Gaztelu plazatik abiatuko dira txirrindulariak, eta 15 kilometro baino gutxiago izango ditu lehen saio horrek —sanferminetako ibilbide egingo du—. Talde guztiak Iruñe inguruan egongo dira abuztuaren 15etik, asteazkenetik. Vuelta Iruñetik abiatu ondoren hortik aurrera lasterketak zein norabide hartuko zuen zehaztea falta zen. Antolatzaileek ez dute baieztatu oraindik, baina Nafarroako Gobernuak atzo argitu zuen Iruñean hasi eta Vianan amaituko dela bigarren etapa. Txirrindulariak Nafarroako errepideetan barrena ibiliko dira etapa guztian, eta litekeena da Lizarra, Tafalla eta Erriberri igarotzea.
Oiondik (Araba) abiatuko da biharamuneko etapa, Faustino V.a upategitik —bertatik abiatu zen joan den irailean Vueltako 17. etapa—, eta iparralderako bidea hartuta, Gipuzkoan amaituko da etapa hori, euskal txirrindularitzarentzat erabat berezia den mendate batean: Arrateko santutegian. Arrate behin edo bitan igarotzea, zer komeni den, zalantza horixe daukate antolatzaileek. Miguel de los Toyos Eibarko alkateak baieztatu zuen atzo Arraten amaituko dela etapa hori. «Gauzarik garrantzitsuena falta da oraindik, diru kontuak lotzea. Baina ez da hain zaila izango, aurtengo arrakastaren ondoren antolatzaileek interes berezia daukatelako berriz ere Euskaditik igarotzeko».
Aurretik ere amaituta daude bi etapa Arraten bertan, 1972an eta 1974an. Agustin Tamames espainiarra izan zen garaile. Zehaztu gabe dago oraindik laugarren etapa nondik abiatuko den, baina, ezusterik ezean, Bizkaitik barrena ibiliko da —ondo bidean, Bizkaiko edo Arabako herriren batetik abiatuko da etapa hori—, Kantabrian amaituko delako abuztuaren 21eko etapa, Santanderren edo Peña Cabarga gainean.
Aurkezpena, urtarrilaren 11n
Patxi Mutiloak, Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariak, ahalegin handia egin du aurten Vuelta Euskal Herrira ekartzeko. Baina irailean bertan aitortu zuen etorkizunean Jaurlaritzak ez zuela euro bakar bat gehiago jarriko. Krisiak eraginda, antolatzaileek arazo dezente izan dute herrietako udalekin, euren esku geratu baita finantzaketa. Baina, azkenean, lortu dute Iruñeko, Vianako, Oiongo eta Eibarko udalen babesa.
Bigarren urtez jarraian igaroko da Espainiako Vuelta Euskal Herritik, aurten etapa bat amaitu delako Bilbon eta beste bat Gasteizen. Urtarrilaren 11n egingo dute aurkezpen ofiziala, Iruñean, Baluarten.
2012an Vueltako hiru etapa hasi eta bukatuko dira Euskal Herrian
Iruñetik abiatuko da datorren urteko Vuelta, eta Vianan eta Arrate gainean amaituko dira hurrengo bi etapak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu