Garaipenarekin amaitu zuen joan den urtea Eibarrek, eta hala ekin dio 2016ari talde gipuzkoarrak. Ez nolanahi gainera; etxetik kanpo lau gol eginda.
Berehala bideratu du partida Eibarrek; 3. minutuan jarri da markagailuan aurretik, Caparen jaurtiketa Betisen atzelari batek desbideratu eta sareratuta. Zortea alde izan du hor Eibarrek, baina ez du horren beharrik izan aurrerantzean, eta 18. minuturako egin du bigarrena; Enrichek baloia erdiratu, eta Kekok, area barnean bakarrik, ez du barkatu, baloiari boleaz jota.
Bigarren zatian, aldea handitzen jarraitu du Eibarrek. Adrianek egin du 3-0ekoa 66. minutuan, eta Borja Bastonek egin du arratsaldeko gol ederrena partida amaitzeko zortzi minutaren faltan, jaurtiketa gogor baten bidez.
27 puntu pilatuta, zortzigarren postuan dago orain sailkapenean.