30.192. Horiexek izango dira igandean Behobia-Donostia lasterketan parte hartuko duten korrikalarien kopurua. 2015ean marka guztiak gainditu eta gero, bigarren urtez jarraian beherakada bat egongo da parte hartze kopuruan. Baina jaitsiera hori iazkoa baino txikiagoa da, eta hala lasterketa 30.000 korrikalariren bueltan egonkortu da. "Pozik gaude kopuru horrekin. Ditugun baliabide eta azpiegiturak kontuan hartuta, uste dugu zenbaki horietan ibiltzeko gai garela", adierazi du Iñigo Etxeberria lasterketako antolatzaileetako batek. 30.192 parte hartzaile horietatik %24 emakumezkoak dira. 2025erako %50ekoa izatea dute xede. Lasterketa irabazteko faboritoen artean, irteeran izango dira aurreko urteko bi garaileak: Aroa Merino eta Carles Castillejo. Horiekin batera ondorengo izenak nabarmendu ditu antolakuntzak: Dolores Marco, Jaume Leiva eta Camilo Santiago.
Baina guztira 34.000 inguru izango dira asteburuan Behobia-Donostia korrituko duten korrikalariak. Izan ere, larunbatean, ohi bezala, Anoetako estadio txikian umeentzako Behonia-Donostia egingo dute. Guztira 2.500 neska-mutiko ariko dira bertan korritzen. Igandean, berriz, 302 gaztek hartuko dute parte Behobia gaztean. Irristarien kopurua 223koa da, eta ezinduenak 75. Haiei laguntzen hemezortzi gidarik jardungo dute.
Berrikuntza edo aldaketa nabarmenena ordutegian emango da. Renfe Errenteria eta Irun artean egiten den lanak direla eta, lasterketaren hasiera 15 minutu atzeratu dute. Hala, ezinduak 09:45ean abiatuko dira, patinatzaileak 09:50ean eta oinezkoak 10:15ean. Lan horiek direla eta, ohi baino tren gutxiago daude, eta antolatzaileek parte hartzaile guztiei iristeko erraztasunak eman nahi dizkiete. Bestalde, Anoetan egiten ari diren lanak direla eta, ostiraletik aurrera egingo duten korrikalariaren azoka Kursaalera pasatu dute. Bertan leku gutxiago dagoenez, erakusmahai gutxiago izango dira. Gainera, dortsalen entrega Kursaal parean dagoen auto saltokian egingo dute. Bestalde, Behobia Txikia ere egokitu egin behar izan dute, Anoetako obrak direla eta. Aurreko urtean baino neska-mutiko gutxiagorentzako lekua egongo da. Dena den, ez dute uste aldaketa eta berrikuntza horiek oztopo izango direnik.
Parte hartzaileek ez dute eguraldia lagun izango. Izan ere, aurreikuspenek hotza, haizea eta euria iragarri baitute. Horrek zaildu egin dezake antolatzaileen lana, baina aldi berean korrikalariek bero kolpeak izateko arriskua sahiestuko da. Horixe izaten da askotan korrikalariek lasterketa uzteko arrazoi nagusienetakoa.