Dena prest dago arraunaren urteko saio nagusirako. Datorren ostegunean jokatuko da Kontxako estropadako sailkapen proba, 17:30ean hasita. Lehenik eta behin, emakumeak ariko dira. Guztira, hamahiru traineru lehiatuko dira: zortzi Euskal Herrikoak, lau Galiziakoak eta Espainiako bat, Kantabriako Castreña. Berezia da aurtengo aldia, hamargarren aldiz jokatuko baita Kontxako estropada emakumezkoetan. Sailkapen probari begira, kirol irizpidea kontuan hartuta, bi multzotan banatu dituzte taldeak, eta ostegunean bertan egingo den zozketan erabakiko da zein ordenatan irtengo diren. Gizonetan, 24 talde lehiatuko dira; 18:00etan hasiko dira. Kasu honetan ere bi taldetan banatu dituzte, eta zozketaren arabera aterako dira. Euskal Herriko hemezortzi, Galiziako bost eta Espainiako bat, Cantabriako Astillero.
Zazpi onenak bandera irabazteko lehian ariko dira irailaren 3an eta 10ean. Donostiarra zuzenean sailkatua dago. Antolatzaileek emakumezkoen estropadako sariak handitu dituzte, baina laugarren postutik aurrera. Hala, postu horretatik aurrera, gizonezkoek eta emakumezkoek diru sari berberak jasoko dituzte. Goragokoetan, ordea, izango da aldea. Adibidez, lehen sailkatuak, gizonezkoetan, 24.000 euro jasoko ditu, eta emakumezkoetan, 15.000.