Gasteizen jokatzen den saskibaloia azaltzea erraza da. Defentsan gogor jardun, errebotea berreskuratu, korrika egin, eta saskiraketa errazak lortu. Eta ezin bada, pazientziaz jokatu, joko pausatua egin, eta aukera onena bilatu, erotu gabe. Baskoniak 38 minutu on egin zituen Unicajaren aurka, eta pasa behar ez zituen arazoak pasa zituen, aldageletatik bueltan bi minutu txar jokatu zituelako. Eta eskerrak bi minutu bakarrik izan zirela. 40-31 bukatu zen lehen zatia, baina 22. minuturako zeharo ezberdina zen markagailua: 40na, etxekoak lo kantxaratu zirelako.
Baskoniak 10-12 puntuko aldea izan zuen sarri, eta bi minutuko buruko saltsa hori anekdota hutsean geratu zen zorionez. Hankapean ibili zuen talde izaera gutxiko aurkaria, eta joko onarekin. Barrutik eta kanpotik, oreka bilatzen, eta hirukoen tentazio, edo arriskuari muzin eginez. Huertas maisu aritu zen hamaikagarrenez: blokeoa eta jarraipena bikain egin zuen Baracekin, asistentzia onak eman taldekideei, eta ezin zenean, jokaldiak berak burutu zituen. Zentzuz, beti ere, eta ez presaka, arabarrek orain arte sarri egin izan duten moduan.
Baskoniak bost hiruko gauzatu zituen lehen zatian, baina denak izan ziren jokaldi landuen ondorio, eta ez azken orduko baliabide. Loganek bi saskiratu zituen, eta San Emeteriok, Teletovicek eta Olesonek bana. Hiruko horietan asmatu egin zuen, eta horrek lasaitasuna eman zion taldeari, baina Ivanovicen taldea joko landua egiten ari zen, beste itxura batekin.
24-12 aurreratu zen lehen laurdena bukatzerako, eta 10 puntuko aldeari eutsi zion bigarrenean. Logan, Ribas eta Bjelicak atseden minutu onak eman zizkieten taldekideei, eta Unicajako Freeland eta Sinanovicek Batista sasoiz eskas dabilela erakutsi arren, Baskoniak ez zuen estutasunik pasa. Nabarmentzeko modukoak izan ziren Olesonek sartutako bederatzi puntuak. Alaskakoak orkatila bihurritu zuen asteartean, baina txukun jokatu zuen, oldarkor, konfiantzarekin, eta arnas handia eman zion taldeari.
Suspensea eta lasaitasuna
Aldageletatik bueltan argia eten zitzaion Baskoniari, eta jakina da, horrelakoetan aurkariak ez duela barkatzen. Entzutekoak izan ziren Ivanovicek hutsartean bere jokalariei botatako oihuak. Baracek ere txistuak entzun zituen harmailetatik, lauzpabost metroko jaurtiketak egiten tematzen delako, saskipea bilatu ordez, eta defentsa onari esker bueltatu zen bere onera Baskonia. Unicaja ito zuen lau erasotan jarraian, eta berriro ihes egin zuten arabarrek, 9-0ko partziala lortuta. Denek bultzatu zuten norabide berean. Barac, behingoz, kementsu: borroka egiteko gertu, errebote oro harrapatzeko prest, eta korrika egiteko gai, bere parekoak atzean uzteko.
Baskoniak ez zuen intentsitatea murriztu, 10-15 puntuko aldea eduki arren, eta zaleak pozik joan ziren etxera, aspaldiko partez. 30 puntuko balorazioa lortu zuen Huertasek, baina 22koa San Emeteriok, 13koa Baracek eta 12koa Olesonek. Bi hitzetan, joko ona.
38 minutu on eta bi txar
Baskoniak partida ona jokatu du, pazientzia handiarekin ia beti, aukera onenaren bila, eta konfiantza hartu du Vilniusera begira10-12 punturen aldeak izan ditu, baina 40na berdindu du Unicajak bigarren zati hasieran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu