Esku-eskura izan du finalerako sailkatzea, baina Espainiako marka apurtzearekin konformatu behar izan du Sergio Fernandez atleta barañaindarrak. 400 metroko hesiduneko finalerdia 48.87 segundoan egin du, eta, 11. postuan sailkatuta, ezin izan da zortzi onenen artean sartu.
Lehen finalerdian hartu du parte Fernandezek, eta hirugarren postuan helmugaratu da. Hiru finalerdietako lehen bi sailkatuek lortzen zuten finalean sartzea, eta beste bik, denboraren arabera. Boniface Mucheru Tumuti kenyarra izan da finalerdi bereko bigarrena, eta bi ehunenen aldeagatik ez da sailkatu Fernandez.
Espainiako errekorra, behintzat, Fernandezena da orain, 29 urtez Jose Alonso Valerorena izan eta gero. Haren denbora 13 ehunen hobetu du Fernandezek.