FUTBOLA

92. minutuan iritsi da kolpea

Denboraldiko partidarik onena egin arren, Realak galdu egin du Leverkusenen, zati bakoitzaren hondarrean gol bana jasota. Txuri-urdinei asko zaildu zaie Europako bidea.

unai zubeldia
2013ko urriaren 2a
23:42
Entzun

Krudela izan da porrota. Lehen zatiko azken jokaldian iritsi da Bayer Leverkusenen lehen gola (45. min.). Eta bigarren zati guztian nagusi izan eta, Velaren golaren ondoren garaipena bera ere eskura izan ondoren, Hegelerrek 92. minutuan lortu du 2-1ekoa, falta jaurtiketan. Bi partida, bi porrot, eta Txapeldunen Ligako etorkizuna airean. Hori bai, denboraldiko partidarik onena jokatu du Realak, tarteka joan den sasoiko joko mailara iritsiz, eta punturik gabe poza izan da, behintzat, taldea indarberritzen ari dela ikustea.

Hori bai, zaila izango da gaurko porrota barneratzea. Lehen hamar minutuetan sufritu egin dute txuri-urdinek, baina ondoren, pixkanaka-pixkanaka, eroso hasi dira jokatzen, eta ez dute gehiegi sufritu lehen zati guztian. Lehen zati hori 0-0 amaituko zela zirudienean, ordea, azken jokaldian iritsi da etxekoen gola. 45. minutuan Mikel Gonzalezek falta egin behar izan du area ertzean; Samek goxo-goxo bidali du erdiraketa, Bravok urrundu du baloia, baina, bere burua lurrera botata, Rolfesek lortu du etxekoen gola, Mikel Gonzalezi berari aurrea hartuta. Jokaldi horrek desorekatu du partida, ordura arte nahikoa txukun aritu direlako txuri-urdinak.

Ordura arte Sonek 3. minutuan izandako aukera eta Rolfesen eta Samen jaurtiketa bana izan dira etxekoen arrisku jokaldi bakarrak. Lehen zati horretan, Realak ere eduki ditu pare bat aukera on, Elustondoren jaurtiketa bat eta Griezmannen falta jaurtiketa bat, argienak. Baina Sonen beraren eta Kiesslingen jaurtiketa banaren ondoren, Rolfesek eman dio lehen kolpea Realari.

Aldageletatik itzulita, Reala izan da nagusi zelaian, eta goleko aukera asko sortu ditu. Velari penalti argia egin diote 51. minutuan, eta mexikarrak penaltia huts egin duen arren, jokaldiari jarraipena emanda lortu du 1-1ekoa. Berdinketarekin atzera egin gabe, 58. minutuan Elustondok area barrutik bertatik egin du jaurtiketa; 61.ean Velak buruz burukoa eduki du Leno atezainarekin; 71.ean Griezmannek egin du jaurtiketa ona Agirretxeren pasea jasota; De la Bellak ere eduki du aukera ona area barruan, 73. minutuan; baita Agirretxek ere, Zurutuzaren pasea jasota, partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean —lo hartu du usurbildarrak—. Rolfesen jaurtiketa bat izan da Bayerren erasoko jokaldi bakarra bigarren zati guztian. Baina epaileak Markelek egindako falta adierazi du 92. minutuan —berari egin diote lehenago, argia—, eta Hegelerrek lortu du 2-1ekoa, falta jaurtiketa horretan —Bravok gehixeago egin zezakeela ematen zuen—.

Bi partida, bi porrot... Xakhtar Donetsk eta Manchester United lau punturekin —1-1 berdindu dute—, Bayer Leverkusen hirurekin, eta Reala punturik gabe. Txuri-urdinei asko zaildu zaie bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.