TITIN III.A

Abdikazioaren eguna

22 urte, 1.800 partida eta 770.000 kilometroko ibilbide arrakastatsuaren ondoren, Titin III.ak hartu du erretiroa, Logroñon. 22-18 galdu du agurrekoan.

Titin, agurreko partida jokatu ostean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko urriaren 5a
09:50
Entzun

Zifra fidagarririk ez dago, baina kalkulu batzuen arabera, Titinek jokatuko duen profesionaletako 1.576. partida izan zitekeen atzokoa. Edo beste modu batera esanda, azkena. Mitoak, erregeak... miresmen adjektiboak amaitu daitezke; gerrikoa erantzi du Logroñon. Merino II.arekin aritu da, Irujo eta Cecilioren aurka. 22-18 galdu zuen Titinek, eta pena hori geratuko zaio. 45 urte dituen arren, galtzeak min ematen diolako oraindik. Gero omenaldia egin diote, eta hori ere ikustekoa izango da. Sarrera eskaera, behintzat, Adarragako harmailak hainbat aldiz betetzeko adinakoa izan da.

22 urteko ibilbidearen ondoren hartu du erretiroa Titinek. Berak dioenez, 1.800 partida inguru jokatuta, 1.500 Aspen eta 300 Asegarcen —urte horietako datuak ez daude hain argi eta hortik zifra dantza—. Inork ez du kopurua eztabaidan jartzen, Hollywood klasikoko zinema izarren adinarekin gertatzen zen bezala. Augusto Ibañez Sacristan bere etxeko hirugarren pilotaria izan zen, Titin I.a, Agustin aita, eta Titin II.a, Agustin anaia zaharrenaren ondoren. Tricion jaio zen, pilotari kopuruarengatik Errioxako Azkoitia esaten zaion herrian. 1983an, esaterako, 400 biztanle eta bost pilotari profesional zeuden. 22 urteotan, lau omenaldi egin dizkiote.

Titin jaio zen egunean, 1969ko urtarrilaren 13an, The Beatles-ek Yellow Submarine diskoa kaleratu zuten, eta handik 23 urtera egin zuen debuta, 1992ko irailaren 13an —Titin III.a-Maiz 21; Bengoetxea IV.a-Berna 21—. Ordurako hiru urte zeramatzan Naiarako (Errioxa) gasolindegi batean lanean, eta afizionatuetan pilotari polit baina ez oso saiatuaren ospea zuen. Bere ibilbide profesionalean, Titinek hiru aita saindu, lau lehendakari, AEBetako lau presidente eta buruz buruko 11 txapeldun ezagutu ditu.

Binakako lau txapel (1994, 2000, 2004 eta 2012) eta lau t'erdiko bat irabazi ditu (2007). Lorpenen zerrendari ere gehitu dakioke bederatzi aldiz irabazi duela Gasteizko Andre Maria Zuriaren torneoa, 22 aldiz parte hartu duela binakakoan, 16 aldiz lau t'erdikoan, eta bere onena eman duela galtza zuriak jantzi dituen egun guztietan. Hori lortzeko, 770.000 kilometro inguru gidatu ditu, eta hiru urtetan 100 partidatik gora jokatu: 102, 2002an; 112, 2007an; eta 101, 2008an (39 urterekin). 2001ean 120 jokatu zituela agertzen da orduko prentsa artikulu batzuetan, eta 99 beste batzuetan. Ziur asko, azken pilotaria izango da kopuru horietara iristen.

Asegarcen hasitako bidea Aspen jarraitu zuen bost urte geroago, eta orduko berripaperen arabera, Eibarko enpresak 31 milioi pezeta ordaindu zituen haren truke —186.000 euro—, eta 1.000 milioi pezetako (6 milioi euro) etete klausula jarri zion. 500.000 pezeta (3.000 euro) eskaini zizkioten partidako eta 100 milioiko bermea (600.000 euro) hurrengo bost urteetako jarduna ziurtatzeko.

Logroñoko Udaleko kirol zinegotzi lanetan jarraituko du aurrerantzean. 2011ko hauteskundeetan PPren zerrendan bederatzigarren postuan aurkeztu zenetik du kargu hori. Hiru seme-alabei eta emazteari denbora gehiago eskaini nahi die, eta pilotalekuetatik agertuko dela hitzeman du. Eskertzekoa izango da, Titinek pilotan duen eragina ezin baita zifra hotzekin bakarrik kalkulatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.