Abel Barriolak 2016ra arte luzatu du lan hitzarmena Asperekin

Aitor Zubietak bakarrik du leitzar atzelariak baino kontratu luzeagoa Eibarko enpresarekin

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
«Izugarri pozik nago Asperekin lortutako akordioaren ondoren. Bi aldeak azkar lortu dugu adostasuna, eta erraza izan da lan hitzarmena lotzea». Halaxe mintzatu zen atzo Abel Barriola, Eibarko enpresarekin kontratua 2016ra arte luzatu eta gero. Aurtengo martxora arteko hitzarmena zeukan leitzarrak, eta beste lau urtez gutxienez Eibarko enpresaren elastikoa jantzita jarraituko du. Egun 34 urte ditu, eta sasoi onean dago: «Momentu bikaina igarotzen ari naizela aitortu beharra daukat, eta albiste honek konfiantza emango dit aurrerantzean».

Aspek koadroko atzelari garrantzitsuetako bat lotu du etorkizunari begira. Buruz buru ez da beste inor moldatu Barriola bezain ongi azken urteetan, eta binakako txapelketan ere maila onean ari da: «Azken bi partidak galdu arren, ongi jokatzen ari gara, eta gure esku daukagu finalerdietarako sailkatzea». Aitor Zubietaren ondoren —2018ra arteko lan hitzarmena du—, leitzarra da Asperekin kontratu luzeena daukan pilotaria. 2015era bitartekoa, berriz, beste lauk daukate: Irujok, Xalak, Gonzalezek eta Pascualek.

Barriola profesionaletan ari dela datorren hilabetean beteko dira hamalau urte. Txapelketa asko jokatu ditu, eta garaipen zerrenda ez dauka nolanahikoa. 2002a izan zuen urterik oparoena, buruz buruko txapeldun izan baitzen. Urte bat lehenago, berriz, lau t'erdiko txapela jantzi zuen. Ordea, podiumaren bigarren postuan egotea gehiagotan tokatu izan zaio: 2004an, 2006an, 2007an eta 2010ean txapeldunorde izan zen lau t'erdian, eta 2007 eta 2008an buruz buru.

Ongai, beste urtebeterako

Barriola bezalaxe, Alberto Ongai ere Asperen bulegoetan izan zen atzo, eta beste urtebeterako luzatu zuen lan hitzarmena. 2008an egin zuen profesional mailako debuta Satrustegikoak (Nafarroa), baina ez du enpresak espero bezalako mailarik eman. Eibarko enpresaren hurrengo zeregina Julen Retegi, Aritz Lasa eta Iñaki Larrinaga lotzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.