Aspertuta zeudelako, pozik daude saskibaloizaleak. Munduko saskibaloi onenarekin gozatzeko aukerarik gabe geratzeko arriskua benetakoa izan zelako, pozik daude zaleak. Hemen dago. Iritsi da eguna. NBA bihar hasiko da, Eguberri egunean. Olentzeroren opari ezin hobea saskibaloiaren zaleentzat. Liga erregularrak ohikoek baino hamasei partida gutxiago izango baditu ere. 66 denera, baina kontzentratuago. Apenas egongo den atseden egunik, eta talde askok lau partida jokatu beharko dituzte bost egunean. Askoz gogorrago egingo du egoera horrek berez fisikoki oso exijentea den lehiaketa, eta litekeena da pilatutako nekea beste denboraldi batzuetan baino erabakigarriagoa izatea. Batez ere bizkarrezurra jokalari beteranoekin osatzen duten taldeetan.
Dena egin da presaka negoziazio publikoak hautsi zirenetik. Beste hitzarmen bat sinatu, jokalari aldaketak egiteko egunen mugak finkatu, eta denboraldi-aurreko norgehiagoka sorta erabaki. Hiruzpalau partida, gehien jokatu duten taldeen kasuan. Kirol arduradunek aste pare bat izan dituzte jokalari aldaketa guztiak egiteko, agente libreak fitxatzeko, eta jokalariek ere hiru aste eskasetan findu behar izan dute euren sasoia, lock-out-a indarrean zegoenean bakoitzak bere kasara aritu behar baitzuen derrigor.
Baldintza horiek guztiek NBA berria ekarri dute, eta NBA berri horretan indarrean dagoen botere banaketa, stablishment-a irauli nahi duten hautagai batzuek «hemen gaude» esan dute. Euren asmoen berri eman, eraztuna lortzeko borroka egingo dutela jakinarazi, eta betiko aberatsei lekua uzteko garaia dela iradoki diete. Los Angeles Lakers, Dallas Mavericks, Miami Heat, Chicago Bulls eta Boston Celtics. Boskote horrek osatzen du betiko aberatsen taldea, nahierara egiten eta desegiten ohitu den boteretsu taldea, koska bat beherago daudenen oldarraldi oro gupidarik gabe txikituz. Hastear den sasoian ere berdin egiten saiatuko dira, baina odolkiak ordainetan jaso ditzakete. Aberats berriak kementsu datozelako.
Mendebaldean hiru talde izan dira pultsua bota dutenak: Oklahoma City Thunder, Memphis Grizzlies eta Denver Nuggets. Hirukote horretan ere ñabardurak egin behar dira. Euren hautagaitza azterketetan neurtu behar balitz, Oklahoma da indartsuena. Bere konferentziako finala ez den ezer, porrota izango da, eta final handia jokatzeko hautagai ere badirela diote aditu askok. Aurreko sasoian Dallas Mavericks txapeldunaren aurka egin zuten topo, baina urtebete zaharragoak dira, eta gaztetasunaren ajeak atzean uzteko bidean dira. Talde aparta dute. Ligako saskiratzaile onena, Kevin Durant, eta jokalari on sorta ikusgarria.
Hasi Russel Westbrook joko antolatzaile bikainarekin, segi James Harden hegaleko bereziarekin, eta pibot bikote sendoarekin bukatu: Kendrick Perkins gogorra eta Serge Ibaka txapel jartzaile aparta. Aulkitik kemena dute soberan Nick Collison, Thabo Sefolosha, Daequan Cook eta Eric Maynorrekin, eta horregatik izan da sasoi batetik bestera aldaketa gutxien egin duen taldea: draft-eko hautaketa bakarrik.
Oklahomak etxean dauka oztopo serio bakarra: izarren arteko egoen borroka. Kevin Durant Durantula delako nagusia, azken jaurtiketa egiten duena, baina Russel Westbrook ausarta ez dago haren itzalean bizitzera ohitzeko prest. Westbrook ere gaueko 20-25 puntuko jokalaria da, baina historiak erakusten du bi izar distiratsu ezin direla elkarrekin bizi, beti sortuko dela iskanbila. Westbrook eta Duranten arteko harremana txarra omen, eta hori neurtzen ez badute, jokalari aldaketaren bat egitea onena.
Memphisek ere zeresan handia eman dezake. Joan den sasoiko bizkarrezur sendoa mantentzea lortu dute, batez ere Marc Gasol morroskoa lotuta. Rudy Gay ere bueltan izango da, lauzpabost hilabeteko lesioa osatuta, eta beldurra emateko moduko taldea osatu dute: Mike Conley gidaritzan, OJ Mayo eskolta postuan, Rudy Gay hegalekoan eta Zach Randolph eta Marc Gasol saskipean. Darrell Arthur, zeinak bi piboten ordezko lanak egiten dituen, min hartuta dago sasoi osorako (orpazurda hautsi du), eta bi pibotak ordezkatzeko lanean zulo potolo samarra bilaka liteke hori kanporaketetan. Bestelakoan, ez dute jokalari ezagunik fitxatu.
Denverrek ere zeresana eman dezake, merkatuan zegoen jokalari kotizatuenetako bati eustea lortu duelako, Memphisek bezala. Nene Hilariok NBA erdiaren eskaintza ekonomiko mamitsuak jaso ditu, agente librea den heinean, baina pibot brasildarrak Denverkoa du emaztea, eta han geratzea erabaki du. Hori bai, urteko 13 milioi dolarreko soldata onaren truke. Arron Aflalo eta Andre Miller fitxatu dituzte gidaritzarako, eta Rudy Fernandez balearra hegaleko posturako. Aise lortu beharko lukete kanporaketak jokatzeko txartela, eta behin han, bazterrean utz dezakete izen handiko talderen bat.
AEBetako mundua aldrebesteko hautagai bereziena, ordea, Los Angeles hiriko senide pobrea da: Clippers taldea. NBAko azken 30 urteetako talde txarrena da, beti talde galtzaileen zerrendako buruan, baina eguraldia aldatzen den bezala, panorama ere aldatu egin da Ozeano Bareko hiri nagusienean. Los Angeles Clippers esnatzen hasi zen joan den sasoian Blake Griffinen etorrerarekin, eta sasoi honetan Lakers aberats eta harroputza bere aldaretik jaisteko moduko lehengaia dute, Lakersek berarentzat nahi zuen urrezko pieza bereganatuta, gainera: Chris Paul NBAko joko antolatzaile onena.
Lakersek bere onena eskaini zuen Paul lortzeko, Pau Gasol eta Lamar Odom, baina NBAk, New Orleans Hornetseko jabeak, betoa jarri zion jokalari trukeari, Lakersek onura handiegia lortzen zuelako. Paulek, ordea, New Orleansetik alde egin nahi zuen kosta ahala kosta, eta lortu zuen. Lakersera joan gabe, Staples Center distiratsuan jokatzeko asmoa lortu du, Clippersekin bada ere. Malibuko hondartza dotoreetan aspaldi ikusi gabeko borroka izango omen da hiritarren artean: fidel mantendu Lakersekiko, edo Clippersera, etorkizun oparoagoa duen taldera, egin jauzia.
Clippersek Paulen truke Eric Gordon, Chris Kaman eta Farouq Al-Aminou galdu dituelako, baina irabazi, ikaragarri, Chris Paul jokalariarekin. Merkatuan ere ondo mugitu da taldeko kirol taldea, eta Caron Butler hegalekoa eta Chauncey Billups joko antolatzailea fitxatu dituzte. Jokalari onak Blake Griffin, DeAndre Jordan, Eric Bledsoe, Mo Williams eta Randy Foye laguntzeko. Los Angeles maitasunaren hiria, love city bilakatu dela diote Chris Paul iritsi zenetik. Saskibaloia ikuskizunez betetako amodio istorioa izango delako.
New Yorkeko madarikazioa
Ekialdean NBAko talde mitikoenak elitera bueltatzeko egin duen ahalegin ona txalotu behar da. Hiriz aldatu ez diren bi talde bakarrik daude historia osoan, eta bat New York da. Knickerbockersak dira NBAko talde aberatsena (583 milioi dolarreko balioa eman diote taldeari). Bere aberastasunean, ordea, pobre dira tituluetan, bi bakarrik lortu dituztelako, eta aspaldi: 1970ean eta 1973an. Urteak eta urteak daramatzate talde garaileak egin nahian. Batzuetan asmatu dute, final pare bat jokatu dituztelako, baina Manhattanen txapeldunordetzak ez du balio, eraztunak bakarrik baizik.
Martxoan hasi zen iraultza Madison Square Gardenen. Carmelo Anthony lortu zuten, eta bukatu berri den trukaketa epe laburrean ondo mugitu dira. Tyson Chandler Dallasekin txapeldun izan zen pibota fitxatu dute, eta herren zeukaten 1 posturako ere bi lagun: Mike Bibby eta Baron Davis. Hasiera batean, ez batak ez besteak ez du konfiantza handi-handirik ematen, baina New York bueltan da. Urteetako porrotak eta zalantzak dituzte aurka, madarikazioa dela dioenik ere bada, baina bueltan dira.
Aberats berriak eta balbeduna
Oklahoma, Memphis, Denver eta Clippers prest daude NBAko ordena hausteko. Merkatu apala dute aurreneko hiru taldeek, eta senide pobrea da bestea. Dena du New Yorkek, zalantzak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu