Aberats berriaren etxera

Kopa lehenbailehen ahaztu eta buru-belarri murgildu behar du Athleticek ligan, gaur, Malagan irabazteko

Ekiza, Lopez eta Muniain San Mameseko berdegunean solasean, azken biak hasieratik ariko dira gaur. M. D. V. / ARP.
haritz gallastegi
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Athleticek egun bi izan ditu nekez ahazten den neurketa bat alde batera utzi eta hurrengo erronkari aurre egiteko. Kalean oraindik ez da amaitu Bartzelonaren kontrako Kopako kanporaketaren oihartzuna. Baina futbolak ez du atzera begira egoteko astirik ematen. Onerako eta txarrerako denbora gutxi izaten da taldeak egindakoa aztertzeko. «Futbolari profesionalak jakin egin behar du txipa aldatzen. Normalean azkar egiten dute», esan zuen Joaquin Caparrosek. Athleticek aurrera egin beharra dauka eta. Besteak beste, ligan gauza asko dituelako egiteko.

Jakinekoa da, baina, neurketa berezien ostean ez dela izaten erraza txipa aldatzea. Batetik, buruari kosta egiten zaiolako ikusitakoa ahaztea. Bestetik, hankak astunak egoten direlako oso. Jokalari zuri-gorriak hustu egin ziren Guardiolaren taldearen kontra. Barruan zuten guztia utzi zuten San Mamesen. Eta ondo prestatuak dauden arren, bi egunetan ezin da miraririk egin. Freskotasuna faltako zaio Athletici. Nekea ahalik eta gutxiena nabaritzeko garrantzitsua izango da entrenatzailearen lana. Jokalari bakoitzaren egoeraren araberako neurriak hartu beharko ditu. Athleticen bizpahiru jokalari baitira ordezkaezinak. Gainerako titular guztiek dute ordezko on bat. «Arlo fisikoak burukoak baino gehiago kezkatzen nau. Gure jokoak intentsitate handiarekin jokatzea eskatzen du, eta horretarako ezinbestekoa da sasoian egotea. Fresko dauden jokalariekin arituko gara Malagan».

Aurrean ligako aberats berria izango dute lehoiek. Malaga da fitxaketak egiteko epea zabaldu denetik arbola gehien astindu duena. Abdulla Bin Nasser Al-Thani klubeko agintariak ez du krisia nabaritu. Zer den ere ez daki. Diru faltarik ez du, eta haren kezka bakarra da hilabete gutxian zeresana emango duen talde bat egitea. Vila-realek, Manchester Cityk eta Chelseak bere sasoian egin zuten bide berbera egin gura duela, alegia. «Taldearen elastikoa eta ezkutua izan ezik, beste dena aldatu du». Xekeak 300 milioi euroko inbertsioa egin gura du Malagan. Zer gertatuko den inork ez daki, baina indar handiarekin ekin dio proiektuari. Denboraldia hasi aurretik egindako fitxaketek emaitza txarra ematen ari zirela ikusita, taldeari aurpegia aldatzea erabaki zuten agintariek.

Lehenik eta behin Manuel Pellegrini entrenatzailea fitxatu zuten. Goi mailako teknikaria da. Baina entrenatzailerik onenarentzat ere ezinezkoa da gorengo mailan mirariak egitea. Beraz, bere kalitatea erakusteko talde lehiakorra eman gura diote. Horretarako, Espainiako Liga ondo ezagutzen duten futbolari onak jarri dituzte bere aginduetara: Camacho eta Asenjo Atletico Madrilekoak, Baptista brasildarra eta Maresca italiarra. Hori gutxi ez, eta Espainiako Ligan debuta egingo duen Demichelis argentinarrak ere Rosaledan jokatuko du sasoia amaitu arte. Horrela errazagoa da amildegitik gertu dagoen talde bat zulotik ateratzea. «Europan egin dute aukeraketa. Kalitate handiko jokalariak fitxatu ditu. Talde indartsua da».

Bi ereduren talka

Euren artean zerikusirik ez duten kirol egitasmo bi egongo dira aurrez aurre. Eredu bi. Etxekoen eta harrobiaren aldeko apustua egiten duena batetik —Athleticena—, eta, egun behintzat, arazo guztiak diruarekin konpontzeko asmoa duen proiektua, bestetik —Malagarena—. Caparrosek, beharbada beste aukerarik ez duelako, klub zuri-gorriak duen lan egiteko era defendatu zuen. «Ni oso pozik nago daukadanarekin. Nik uste dut Athletic dela gainerako taldeen artean inbidia sortzen duena».

Ereduak eredu eta filosofiak filosofia goi mailako futbolean garaipenak eskuratzea da helburua. Eta, horretarako, Caparrosek aldaketak egin beharko ditu hamaikakoan. «Intentsitatea da gure jokoaren oinarri nagusietako bat». Horretarako sasoian daudenak zelairatu beharko ditu. Gutxienez hiru aurpegi berri izango ditu hasieratik. Toquerok gaixorik dagoelako, Susaetak min duelako eta Ustaritzek zigortuta dagoelako ezin izango dute jokatu. Bestalde, Amorebietarena gripea baino gehiago dela jakin zen atzo. Pubisean du lesioa atzelariak. Laurak dira hutsune garrantzitsuak ohikoak baitira hasieratik. Baliteke teknikari espainiarrak hiru euskarriren aldeko apustu egitea. Etxetik kanpo bost erdilariarekin jokatu du azken bi neurketetan. Eta emaitzak ez dira txarrak izan: irabazi Levanteri eta berdindu Camp Noun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.