Eguerdiko ordubatak eta hogeitabostean abiatu da Zierbenetatik (Bizkaia) aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Hamabiak inguruan hasi da, ordea, txirrindularitzaren festa nabaritzen: 12:10ean taldeen aurkezpenari eta txirrindularien sinatzeari. Ordubatak eta hamarrean jarri dute irteera neutralizaturako ordua, eta egiazko irteera ordulaurden beranduago izan da.
Lehen ihesaldia 2. kilometroan
Hortik aurrera, 152 kilometro dituzte aurrean txirrindulariek gaurko etapa bukatu eta berriro ere Zierbenako helmugara itzultzeko. Motza da lehendabiziko ibilbidea, baina ez horregatik zailtasunik gabea: "urduria eta arriskutsua" izan daitekeela uste dute aditu eta antolatzaileek. Bost mendate pasa beharko dituzte, tartean Putxeta aldapa motz baina gogorra (%27ko pendiza gogor-gogor bat dauka), eta Las Calizas arriskutsua (estua da igoera), helmugara iristeko hemezortzi kilometro pasatxo faltako direnean. Hortik Zierbenarainoko kilometro gehienak maldan behera egingo dituzte, Portugalete eta Santurtzitik barrena. Taldeburuentzat ezinbestekoa izango da taldekideen babesa.
Bizi hasi da, gainera, lehendabiziko etapa, aurreneko ihesaldia 2. kilometroan sortu baita. Harrezkero, bost laguneko taldetxoa doa lasterketa buruan, tropeletik 5 bat minutura. Klimov (66), Meier (135), Pedersen (146), Rabunal (184) eta Carrasco (198) sartu dira ihesaldian.
Eta gaurko etaparen ondoren, beste bost etorriko dira larunbatean Itzulia Orion (Gipuzkoa) amaitu aurretik. Oraindik dena ikuskizun dagoen honetan, Euskalteleko Samuel Sanchez eta Caisse d'Epargneko Alejandro Valverde dira faboritoak.
Txirrindularitza
Abian da Euskal Herriko Itzulia
Ordubata eta erdiak inguruan abiatu da Zierbenako irteeratik. 152 kilometro ditu Zierbena-Zierbena aurreneko etapak, eta motza izan arren, urduria eta arriskutsua izan daitekeela uste dute adituek. Euskalteleko Samuel Sanchez eta Caisse d'Epargneko Alejandro Valverde dira Itzulia irabazteko faboritoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu