Buruz burukora mugatu dute Frantziako Tourra: Chris Froome (Sky) batean; Alberto Contador (Tinkoff) bestean. Hori saltzea komeni da. Iazko garailea, Dauphine triste antzean amaitu berritan; eta 2007ko eta 2009ko garailea, aurten nabarmen gora eginda. Froome, ez da ari izaten erabateko Froome; eta Contador, garai bateko Contadorrik onenaren parean dabil. Bi munstro parez pare. Beste inorentzat ez dago lekurik. Baina askok eta askok egingo dute, ziurrenik. Pixkanaka.
Bauke Mollema (Belkin), Alejandro Valverde (Movistar), Jurgen Van den Broeck (Lotto), Andrew Talansky (Garmin), Rui Costa (Lampre)... Izen hutsak baino gehiago dira horiek guztiak. 21 etapa, 3.663,5 kilometro, Ingalaterran eta harbideetan arrisku handiak, erdialdeko mendikateko gogortasuna, Alpeak triste samarrak, Pirinioak gogor-gogorrak, eta erlojupeko bakarra. Luzea. Baina bakarra. Azken-aurreko etapakoa.
Desberdina da, ziurrenik, aurtengo Tourra azaltzeko adjektiborik egokiena. Desberdina, Leedsetik abiatu eta Ingalaterran barrena egingo dituelako lehen hiru etapak; desberdina, bigarren etaparako %30eko batez besteko aldapak igo beharko dituztelako —oso gogorra da, gorabehera etengabeekin—; desberdina, etapa lau-lau eta hotzak dezente murriztuta, Vueltan hain ohikoak bihurtu diren amaiera bihurri horietako batzuk badaudelako; erdialdeko mendikatean, Vosgoetan, ohi baino etapa gogorragoak dauzkatelako —Alpeetako edo Pirinioetako etapen parekoa da 10.a—; Alpeetan bost mendate bakarrik igoko dituztelako; Pirinioek epaia emango dutelako; eta azken-aurreko etapako erlojupeko luzeak faboritoen arteko berezko alde handiak murriztuko dituelako. Desberdina dator Tourra, baina urteroko ikusmina sortu du.
Gaurko esprintaren ondoren, eta, behin asteartean Ingalaterrako urduritasuna atzean utzita, are tentsio handiagoa izango da Arenbergera bidean. Hiru urteotan izkin egin ondoren, faboritoren bat ezinean gera daiteke harbide zati arriskutsu horietan. Errespetu handia diete denek bederatzi harbide zati horiei —15 km denera, azken 70 km-etan sartuta—. Erlojupekoa, Alpeak eta Pirinioak. Gutxi-asko, hori eskaintzen du gehienetan Tourrak. Baina aurten oso kontuan edukitzea da erdialdeko mendikatea. Gogortasun handia dago Vosgoetan, 8. etapan eta 10.ean bereziki. %22ko batez besteko aldapa daukate lehen atseden egunaren atariko azken 400 metroek.
Pirinioetan, hiru jarraian
Gorputzak berrindartuta, Alpeetarako beroketa lana egingo dute Oyonnaxen eta Saint Etiennen amaituko diren bi etapek. Errespetua merezi dute Palaquitek (14,1 km, eta %6.1), Chamroussek (18,2 km, %7,3), Lautaretek (34 km, %3,9), Izoardek (19 km, %6) eta Risoulek (12,6 km, %6,9), baina ia oharkabean pasatzeko arriskua daukate aurten Alpeek. Nimesen esprinta, bigarren atseden eguna, eta Pirinioetako hirukotea. Azken urteekin alderatuta, gogortuta datoz aurten Pirinioak. Bales igo ondoren (11,7 km, %7,7), Bagneres de Luchonen amaituko da 16. etapa; Portillon (8,3 km, %7,1), Peyresourde (13,2 km, %7) eta Val Louron-Azet (7,4 km, %8,3) igo ondoren, Pla d'Adeten (10,2 km, %8,3) amaituko da Pirinioetako bigarrena. Eta Tourmalet (17,1 km, %7,3) eta Hautacam (13,6 km, %7,8) erraldoiek emango dute mendiko azken epaia.
54 kilometroko erlojupeko gorabeheratsuan zuzendu ahal izango ditu faboritoetakoren batek ordura arteko okerrak, baina, ondo bidean, sailkapen gehienak dezente zehaztuta iritsiko dira azken-aurreko etapara. Urtero bezala, azken egunean, tropelak gozatua hartuko du Parisera bidean. Froome-Contador buruz burukoa salduta, eta beste asko ezkutuan zain daudela, bederatzi etapa lau, bost erdi mailako, sei mendiko, eta erlojupeko bakarra.
Bederatzi euskal herritar izango dira irteeran: Mikel Nieve, Xabi Zandio, David Lopez (Sky), Beñat Intxausti, Ion Izagirre, Imanol Erbiti (Movistar), Haimar Zubeldia, Markel Irizar (Trek), eta Egoitz Garcia (Cofidis).