mendia

Abiatu da ESAITen mendi martxa

Gasteizen hasi  eta Urepelen (Nafarroa Beherea) amaituko da. Bideoa: martxaren hasiera (Ander Gartzia, BerriaTB). [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2161/[/berriatb]

2014ko abuztuaren 2a
14:44
Entzun

Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) urtero antolatzen duen mendi martxa hasi da gaur. Legebiltzarraren aurrean kontzentrazio sinboliko bat egin dute, eta jarraian abiatu da martxa. Urepele (Nafarroa Beherea) izango du helmuga.

Martxaren 14. aldia izango da, beste behin, "Euskal selekzioen ofizialtasuna eskatzeko" helburuarekin. Legebiltzarraren aurrean bilduta, antolatzaileek instituzioei dei egin nahi izan diete euskal selekzioen ofizialtasunaren alde "urrats eraginkorrak egin ditzaten", Txumai Iturria mendi martxaren antolatzaileak azaldu duenez.

Haren ustez, herritarren eta gizarte eragileen babesa izanik ere, ofizialtasunaren aldarria "oraindik herren" dago. Hori dela eta, "urrats kualitatibo bat egin nahian", instituzio eta alderdi politikoen babesa eta parte hartzea lortu nahi dute orain Abuztuaren 6an, beste ekitaldi bat egingo dute, Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren aurrean.

Parte hartzaileei dagokionez, antolatzaileek 100 pertsonako muga jarri dute multzoa osatzeko. Izan ere, muga horretatik gora, "zaila da antolakuntza, herri txiki asko daudelako ibilbidean zehar, jende kopuru hori jaso ezin duena". Herri bakoitzeko bizilagun eta udalei eskatzen diete laguntza antolatzaileek, eta horietako batzuetan ez dute nahiko jende eta azpiegitura aurkitzen parte-hartzaile kopuru hori jasotzeko.

Herri horietan herri afariak eta bestelako ekitaldiak egiten dituzte. Gauak, berriz, ikastola edo frontoietan pasatu ohi dituzte. Aurtengo aldirako 88 mendizalek eman dute izena. "Horietatik, %40 aurreko urteetan parte hartu dutenak". Iturriarentzat, "pozgarria" da urtero jende berriak izena ematea "gozamena eta aldarrikapena" uztartuz.

Martxa antolatzeko "ohiko arazoak" izan dituztela dio Iturriak, logistikoak gehienak. "Zortzi eguneko martxa bat antolatzea ez da erraza", zehaztu du. Herri txikietan ez dute arazo handirik izaten; hirietan, ordea, "zailagoa" da. Izan ere, Gasteizen eta Iruñean, kasurako, eskaera asko egin behar dituzte zenbait kale ixteko eta plazan topaketak egiteko. Urepelen (Nafarroa Behera) amaituko da martxa, abuztuaren 9an. Amaiera ekitaldian, musika emanaldia eskainiko du Erramun Martikorenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.