Abisua hartuta

Granadan gertatutakoa gogoan duela jokatuko du gaur Realak MallorcanMontanierrek ez du aldaketa handirik egingo hasierako hamaikakoan, eta Joseba Llorente berriz ere deialditik kanpo utzi du

Donostia
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako eskolak hartu zituen Realak Granadako Carmenes zelaian final-hamaseirenetako itzuliko partidan: errenta onaren jabe izateak ez du esan nahi lehiatu behar ez denik. Gorriak ikusita gainditu zuen azkenerako koska, eta ikasgai horrek ezertarako balio izan badio, gaur ez luke harri berean estropezu egin. Benetan aritzea da gakoa.

Horren jakitun dira bai Philippe Montanier bai jokalari multzoa. Entrenatzaileak lehen egunetik argi utzi zuen bere jarraibidearekin ez zuela Kopa harrika botako indar guztiak ligara bideratu asmotan. Alde on asko ikusten dizkio eta. Zenbat eta neurketa gehiago jokatu, orduan eta sasoikoago egongo direla iritzi dio behin baino gehiagotan, entrenamenduen aldean lehiak pizten dituela jokalariak. «Kanporaketa ez gainditzea hutsegite handia litzateke. Benetako itxaropenak ditugu jarriak Kopan, eta zaleek ere bat egin dute gurekin» adierazi zuen atzo atariko agerraldian.

Azken lau asteetan gorakada itzela izan dute txuri-urdinek eta beharbada sari eskasegia eskuratu dute zelaian merezi izan dutenerako. Leundu ditu ertzak Montanierrek. Albiste ederra inondik ere. Bide horretatik ez aldentzea dute gogoan, baliotsua bailitzateke Mallorcan izaera lehiakorra sendotzen jarraitzea datorren larunbatean Valentziara uzkurtuta ez joateko. Buruak ere erabateko eragina duelako zelaira irtetean.

Ez dirudi entrenatzaileak askorik moldatuko duenik hasierako hamaikakoa. Horixe ondoriozta liteke Granadan egindako iraultzaz emandako erantzunetik. «Bestelako testuinguru batean gaude. Orduko hartan Vila-real eta Racingen kontra jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan ginen ia bigarren zati osoan, horrek dakarren nekearekin. Ez gaude horren behartuak». Hala, Zubikaraik eta Iñigo Martinezek baino ez daukate ziurtatuta tokia hasierako hamaikakoan. De la Bellak, Marigak, Xabi Prietok eta Ifranek aukerak dituzte hori bai. Hitz horien haritik josi zuen deialdia. Hiru aldaketa baino ez daude Osasunaren aurka osatutakoarekin alderatuz: Bravo, Mikel Gonzalez eta Pardori eman die atseden, azken horrek Reala B-rekin jokatu zuen herenegun. Ramirezek, Iñigo Martinezek eta Markelek hartu dute haien tokia deialdian. Aipagarria da Joseba Llorenteren hutsunea, bigarrenez jarraian. Ifranek aurrea hartu dio, eta bistan da entrenatzaileak ez duela sasoiko ikusten.

Aldaketak aldaketa, entrenatzailearen mezuak eragin zuzena izango du taldearen jokamoldean. Usain defentsiboegia zerion taldeari Granadan. Atze-atzean sartuta, zain, aurrera egiteko ia baimena eskatuz… susto handia hartu zuen. Gaitzerdi, benetako muturrekoa izan baitzitekeen. Montanierrek aitortu du bere erantzukizuna, eta argi dauka baloia erabili ezean neurketa petrala egingo dutela. Granadakoaren aldean, bestelako joko bat espero da. Mallorcak egin nahi duen moduan.

Bestelako Mallorca bat

Kopetilun hartu zuen etxerako bidea Joaquin Caparrosek Anoetan ikusitakoa ikusita. Haserrea ezkutatu ordez, estu hartu zituen bere jokalariak prentsa aretoan. Joanekoan, Sporting kanporatu zuen multzoa erabili zuen, baina ez dago horren garbi gaurko zer planteatuko duen. Markagailua irauli nahi badu, beste zerbaitetan pentsatu beharrean da derrigor, eta Victor, Castro, Perera, Nsue eta enparauei tokia egin. Hala izan ezean, zaila dirudi Reala ezustean harrapatzea. Azken partidan, Levanteren zelaian, berdindu egin du, eta Anoetan aritu zirenetatik Ramis eta Cendros soilik aukeratu zituen hasierako talderako. Real Madril boteretsua hartuko du asteburuan, eta horrek ere ziur eragina daukala Caparrosengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.