Abisua Nadal eta Federerri

Novak Djokovicek bigarrenez irabazi zuen herenegun Australiako Irekia, finalean Andy Murray menderatuta

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Jakinaren gainean daude. Rafa Nadalek eta Roger Federerrek badakite ez daudela bakarrik ATP zirkuituan. Argi geratu da Australiako Irekian. Ez batak ez besteak ez du irabazi. Are gehiago, ez dira finalera ere iritsi: ATPko lehen zerrendaburuak final-laurdenetan esan zuen agur, eta bigarrenak finalerdietan. Novak Djokovicentzat izan da garaipena sasoiko lehen Grand Slam torneoan. Serbiarrak nagusitasunez irabazi zion herenegun Andy Murray eskoziarrari finalean: 6-4, 6-2 eta 6-3. Melbournen nagusitu den bigarren aldia da. Orain hiru urte izan zen lehena, Jo-Wilfried Tsongafrantziarra finalean mendean hartuta. 23 urterekin, bi Grand Slam ditu jada Djokovicek, biak Australian irabazitakoak.

Hain zuzen ere, serbiarrak duela hiru urte irabazitako Australiako Ireki hori izan zen ez Nadal ez Federer finalean egon ez ziren azkena. Ondorengo 11 torneo handietako finaletan beti aritu izan da bi horietako bat, eta hirutan biak izan dira aurrez aurre. Tituluei erreparatuta ere argi geratzen da zein bi tenislari izan diren jaun eta jabe azken urteetan: Nadalek sei irabazi ditu eta Federerrek lau. Juan Martin del Potro argentinarrak 2009an eskuratutako AEBetako Irekia izan da ihes egiten utzi duten bakarra.

Australian gertatutakoa aro berri baten hasiera izan daiteke? Erreleboaren ordua? Agian bai, baina egia da ere bai Nadal bai Federer ez zirela sasoi betean iritsi denboraldiko lehen torneo handira. Balearrak, esaterako, min hartuta jokatu zuen final-laurdenetako partida ia osoa. Zenbaitzuk kolokan jarri dute jada haien nagusitasuna. Ez, ordea, Djokovicek. Hark argi du: «Nadal eta Federer dira munduko jokalari onenak. Horretan ez dago zalantzarik», esan zuen herenegun Australiako Irekia irabazi berritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.