Abisuak ematen ari zen

Gianni Meersmanek irabazi du Paris-Nizako laugarren etapa, eta Bradley Wigginsek jarraitzen du lider

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ardenetako zirkuituan agertu zen iaz Gianni Meersman (Lotto), bigarren etapa eta nagusia irabazita; Belgikako Txapelketako errepideko proban ere zilarra kolkoratu zuen gero; eta lehen parte hartzean, Frantziako Tourra amaitzeko gai izan zen, 77. postuan. Etxean, Kortrijkeko kriteriuma irabazita agurtu zuen denboraldia. Adituek esaten zuten bazeukala zerbait, lehertuko zela berandu baino lehen. Eta Algarveko Itzuliari ere kendu dio aurten lehen etapa, denboraldia hasi berritan —10. postuan amaitu zuen Itzulia—. Kadete eta gazte mailan pistan aritutakoa da, eta orduko abiadura puntu onari eta potentziari eutsita lortu zuen atzo orain arteko balentriarik handiena: Paris-Nizako etapa garaipena.

Agertu bezala desagertzen dira askotan gazteak. Baina 26 urte beteta, onenen artean lekua egiten hasita dago Meersman. Paris-Nizako laugarren etapak ez zeukan amaiera samurra, azken bi kilometroek gorako joera zeukatelako. Baina indar erakustaldia eman zuen belgikarrak azken pedal kolpeetan. Aurretik Movistarrek txukun samar kontrolatu zuen tropela, Alejandro Valverderen mesedetan. Baina Andreas Kloedenen (RadioShack) eta Rigoberto Uranen (Sky) erasoek desitxuratu zuten euren lana. Urrutitik ekin zion esprintari Grega Bole esloveniarrak (Lampre), eta lehertuta geratu zen gero.

Bradley Wigginsek (Sky) jarraitzen du lider, eta sei segundora dauka Levi Leipheimer (Omega). Mende lehen mailako mendatean amaituko da gaurko etapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.