ACB LIGAKO TITULURAKO KANPORAKETAK. Azken trena

Rakocevic Pamesaren aurka jokatzeko moduan izango da gaur, Buesa Arenan, ACB Ligako final-laurdenetako lehen norgehiagokan.

UNAI GARTZIA GASTEIZ
2008ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Sasoi ilunaren ostean, tunelaren hondoan, argia ikusteko parada izango du gaurtik aurrera Tau Baskoniak. Denboraldi kaxkarra osatuta, ACBko titulua da gasteiztarrek denboraldia salbatzeko duten aukera bakarra. Horretarako, Pamesa gainditu beharko dute final-laurdenetan Spahijaren jokalariek. Kanporaketarik berdinduena izango da, laugarren eta bosgarren amaitu baitute bi taldeek. Zenbakietan ere antzekotasun handiak daude. Tau Baskoniak zein Pamesa Valentziak 22 partida irabazi eta 12 galdu dituzte fase erregularrean.

Baskoniak kantxa faktorea alde izango du Katsikarisen taldearen kontra aritzeko. Itxaropenerako datua da, bi taldeek Gasteizen jokaturiko 21 partidetatik 18tan irabazi baitute etxekoek. Azkeneko talkan, gainera, erraztasun handiz irabazi zuten etxekoek. Valentziarrak nahiko gaizki aritu ziren Gasteizen, eta ederki egurtuta bueltatu ziren etxera (91-73). Titulua eskuratzeko kanporaketa bateanere garaipena arabarrentzat izan zen. 2001-02ko denboraldian, Ivanovicen agindupean, baskoniarrek 87-71 irabazi zuten. Orduan, Tomasevic (18 puntu eta 10 errebote) eta Scola (18 puntu eta 8 errebote) izan ziren etxeko jokalaririk onenak. Valentziarrak aho zabalik geratu ziren Serbiako pibotak erakutsitako mailarekin, eta hurrengo sasoian fitxatu egin zuten.

Denboraldi honetako taldeak, ordea, ez du 2002ko multzoak zuen barruko indarrik. Geroztik, Baskoniak pisua eta indarra galdu du uztai azpian. Hala ere, valentziarren entrenatzaile Katsikaris ez da arerioak barruan duen ustezko ahultasunarekin fio. Greziarraren ustez, Pete Mickealek ondo asko betetzen ditu Taukoek uztai azpian izan ditzaketen zuloak. Prestatzailearen esanetan, Mickeal oso jokalari zaila da defendatzeko, hegaleko oso indartsua eta ezkerra baita. Katsikarisen hitzetan, estatubatuarra izan daiteke kanporaketako giltza nagusienetakoa. Hori gerta ez dadin, defentsako hainbat amarru prestatu ditu entrenatzaileak.

Mickealez gain, etxeko beste jokalariek ere bikain aritu beharko dute Pamesa gainditu ahal izateko. Pablo Prigionik beste inork baino zama handiagoa hartu beharko du. Planinic min hartuta dago, eta ezin izango da kantxaratu lehenengo partidan. Argentinako antolatzaileak, beraz, partida guztian aritu beharko du taldearen zuzendaritza lanetan. Arazorik edo gehiegizko nekerik izanez gero, Rakocevicen laguntza, behintzat, izango du (Vidalen laguntzarekin batera). Serbiarrak hiru astez egon behar zuen, berez, kantxetatik kanpo, eskuin hankako bizepseko mikrohausturagatik. Baina lesioa uste baino azkarrago sendatu zaio, eta aste honetan bertan taldekideekin batera entrenatu da. Ziurrenik titular izango ez den arren, arerioaren saskia kanpotik zulatzeko gertu da balkaniarra.

Jasaitis ere jokatzeko moduan izango da. Lituaniarrak denbora asko pasatu du kantxetatik urrun, eta sasoiko ez dagoen arren, taldeari laguntzeko moduan dago. Jokatzen ez badu, entrenatzailearen erabakiz edo jokalariak arazo fisikoa ez beste arazoren bat duen seinale izango da. Jokalari hotza den arren, atzean egiten duen lana Douglas, House edo Claver geratzeko lagungarri izan daiteke.

Gasteizera Taukoak baino osasuntsuago heldu diren arren, Pamesak ere badu jokalari baten hutsunea. Vule Avdalovic antolatzailea ez da kantxan izango. Baskonia eta Pamesa erizaintza gehien bisitatu duten taldeak dira, eta batzuen eta besteen lesioek egiaztatzen dute hori. Valentziarrek sasoi hasieran galdu zuten Rebraca, eta, geroztik, Milojevicek, Garcesek, Mirallesek eta Housek hainbat arazo izan dute. Baskonian, berriz, Planinic, Rakocevic, Jasaitis, Singleton... dira erizaintzatik pasatu behar izan dutenak.



LEHENA IRABAZTEAREN GARRANTZIA. Hiru partidatan erabakiko den kanporaketa izaki, gaurko partidak hil edo biziko garrantzia dauka. Irabazle suertatzen den taldeak lasaitasun handiagoarekin aurre egingo dio norgehiagokari, presio guztia arerioaren bizkarrean utzita. Prigionik esan du gaurko partidaren irabazleak kanporaketaren %70 irabazita daukala. Antolatzaileak ez du taldekideekiko batere zalantzarik agertu, unerik garrantzitsuenetan «hazi» egiten direla uste baitu. Argentinarrarentzat Pamesaren kontrakoa ez da edonolako partida izango; ACBn jokatuko duen 300. norgehiagoka izango du gaurkoa, eta, ziurrenik, garaipen handi batekin ospatu nahiko du.



ParTIDaKo GILTzaK

1Williams-Douglas. Pamesako bikotea erabakigarria dakanpotik. Tau Baskoniak bi jokalari estatubatuarrakgelditzen asmatu beharko du.

2Prigioni. Oliverren aurrean bakarrik ariko da Williams. Minutu asko jokatuko ditu, eta egin dezakeenak baldintza dezake partida.

3Defentsa. Valentziarrek defentsa sendoagoa dute, eta horriaurre egiten saiatubeharko du Tau Baskoniak.





Eskarmentu falta

aurkari
Final-laurdenetara heldu diren talde guztietatikPamesak du esperientzia gutxien. Horri aurreegiten saiatuko da.
U. G.

Gasteiz

Kanporaketetara sailkatutako zortzi taldeetatik Pamesa taldeak partida gutxien pilatu du lehiaketaren azken fasean. Taldeko bederatzi jokalari titulua lortzeko kanporaketaren batean izan diren arren, denen artean 54 partida soilik dauzkate pilatuta. Baskoniak, aldiz, 100 partidako marka dauka. Valentziakoen esperientzia urriagoa kontuan hartzeko modukoa izango da, beraz. Baina historiak ez du partida bat erabakitzen, eta estatistika guztiak hausteko, joko orekatu eta serioa aurkeztuko dute Katsikarisek prestatutako jokalariek. Joko mota horrek, hain zuzen ere, sailkapeneko bosgarren postura igoarazi ditu. Ez da edonolako marka, valentziarrek lesio eta arazo mordoarekin ekin baitzioten sasoiari. Rebraca eta Garces gabe, larri aritu ziren lehenengo jardunaldietan. Baina oztopo guztiak gaindituta, gogo biziz iritsi dira final-laurdenetara. Horrenbestez, bai fisikoki, eta baita animikoki ere, Baskonia baino koska bat gorago ekingo diote kanporaketari.

Pamesaren armarik arriskutsuena kanpoko jokoa da. Shamond Williamsek eta Ruben Douglasek bikote arriskutsua osatzen dute, eta eurek lortzen dituzte taldearen puntu gehienak. Minutu gehien ere eurek jokatzen dute. Hegalekoak 30 minututik gora jokatzen du, batez beste, eta partidako 16,6 puntu sartzen ditu. Gaur Mickealen kontra aritu beharko du. Jokalari ezberdinak dira guztiz, Douglasek ez baitu Taukoak duen indarrik, eta kanpotik gehiago jokatzen baitu, hiruko jaurtiketa baliatuta. Williamsek ez du hainbeste minutu jokatzen (25 minutu), baina bera da taldeko benetako liderra. Saskiratzeaz gain (12,7 puntu), jokoa ederki antolatzen du (4,7 asistentzia ACBko batez bestekoan). Pamesak azken urteetako sasoirik onena egin du, liga hasierako arazoak alde batera utzita. Antolatzaile estatubatuarra da taldearen ibilbide onaren errudun nagusia. Hurbiletik jarraitu beharreko jokalaria da, partida osoan desagertuta egonda ere, momentu onenean berpiztu eta arerioa zapaltzeko gaitasuna baitauka.

Albert Oliverrek, Fred Housek, Mindaugas Timinskasek eta Victor Claverrek osatzen dute kanpoko jokoa. Antolatzaile kataluniarrak atsedena emango dio Williamsi. Ziurrenik, Prigionik pairatu dezakeen nekea baliatu nahiko du Baskoniari min egiteko. Houseri dagokionez, grina eta gogo bizia ematen dio Pamesari. Ez du aparteko zenbakirik lortzen, baina bizitasun handia mantentzen du. Gasteizen iaz zapore gozoa utzi zuen, eta txalo artean hartuko du pabiloiak. Beste horrenbeste gertatuko da Timinskasekin. Lituaniarra ez da Gasteizko jokalari bera, baina zenbaitetan bikain jokatzen du. Victor Claver, berriz, etorkizun handiko jokalaria da. Orain artean ezkutatuta egon den arren, kanporaketa honetan eztanda egin dezake. Mickeal eta Jasaitisekin borroka polita izango du hegalekoak.

Pamesaren kanpoko jokoa indartsua den arren, horregatik ezin da barrukoa gutxietsi. Dejan Milojevic da uztai azpiko erreferentzia. Batez bestekoak hain ikusgarriak ez izan arren (8,8 puntu eta 4,8 errebote), Pamesaren erasoko baloi asko bere eskuetatik pasatzen dira. Barruko posizioetatik jokoa banatzen badaki (2,4 asistentzia partidako), eta, hortaz, Baskoniako pibotek ez diote goiko postean baloirik hartzen utzi behar. Milojevicek bikote indartsua osatzen du Ruben Garcesekin nahiz Albert Mirallesekin. Erdialdeko amerikarrak ACBko hamar partida galdu ditu lesio baten erruz, baina taldearen dinamikan sartu da eta nabarmen egin du gorantz azken jardunaldietan.

Hala ere, Stanco Baracek sortu du ikusmin handiena Gasteizen. Baskoniak utzitako jokalaria ondo aritu zen Valentziara iritsi zenean. Baina Garcesen itzulerak lehentasuna kendu dio azken partidetan, eta gero eta minutu gutxiago jokatzen ditu. Baskoniaren aurka jokatutako azken partidan titular gisa kantxaratu zuen Greziako prestatzaileak, kroaziarraren motibazioa bilatu nahian ziurrenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.